Koronabirusa

Hegoaldeko biztanleen ia %80 txertatuta daude: «babesa» dute gaitzaren aurrean

Urriaren 4an lortuko da ehunekoa, BERRIAren proiekzioaren arabera. Datuen eboluzio ona tarteko, agerian da beste ataka batean dela izurria; zuhurtzia, baina, ezin da albora utzi

Txertaketa gunea, Bilbon, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
arantxa iraola
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Iristear da eguna: Hego Euskal Herriko herritarren %78,2 COVID-19aren aurkako txertoa hartuta daude. BERRIAren proiekzioaren arabera, urriaren 4an lortuko da %80 izatea. Usu nabarmendu da txertaketa kanpainek aurrera egin ahala beste egoera batean sartuko zela osasun krisia, eta, hain justu, izurriaren eboluzioari neurria hartzen laguntzen duten aldagai gehienek erakutsi dute igaro asteotan bilakaera oso positiboa. Ez dira izurriaren arrastoak guztiz desagertu, ordea; taldeko immunitatea hurbil dela ere —populazioaren %70 txertatzean lortuko zela esan zen hasiera batean, apaldu egin dira ordutik iragarpenak—, pandemia oraindik ezin dela iraganeko kontutzat hartu uste dute osasun publikoko aditu askok. «Pandemiaren amaierari» buruzko albisteak zabaldu dira egunotan, baina horiek ozentzeko motiborik ez dagoela ohartarazi du Adrian Aginagalde epidemiologoak: «Oraingoz, ez dugu hori esateko frogarik».

Aro baten amaieraz hitz egin daitekeela esan du, baina goiz dela hortik aurreragorako ondorioak ateratzeko: «Azelerazio fase hau amaitu izanak ez du esan nahi hurrengo hilabeteetan izango ez direnik, eta horiek inpaktu asistentziala eragiteko gai izango ez direnik. Posible da datozen hilabeteetan ospitaleratzeak bereziki baxuak izatea, hori da txertoaren helburua, baina ez dugu hori aurreikusteko daturik».

Transmisioa eragotzi gabe

«Taldeko immunitatea» lortu ahala COVID-19aren izurria gainditzea lortuko dela zabaldu diren albiste ugarien harira, lotura hain argia ez dela ohartarazten ari dira hainbat aditu. Horien artean dago, esaterako, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia irakasle Miren Basaras; publikoki esplikatu izan du ñabardura bat egin duela berriki bere dibulgazio jardunean azalpenak emateko orduan, eta, hain justu, «taldeko immunitate» deitu izan den hori beste era batean izendatzen duela orain, nahasteak saiheste aldera, eta txertoen benetako eragina zein den ondo zehazteko: «Immunitatearen ordez, txertoak ematen duen babesaz hitz egiten hasi naiz». Izan ere, COVID-19aren kontra garatu diren txertoak oso eraginkorrak dira, baina ez dira «esterilizatzaileak». Erdira-edo jaisten dute transmisio arriskua, alegia, ez dute guztiz «immunizatzen».

Eta babesa noiz artekoa den ere ez dago argi oraindik: txertaketa prozesua bera hain berria izanda, ezin da ondo jakin, eta martxan dauden ikerketen emaitzetatik edanda hartu behar dituzte osasun sistemek erabakiak, arian-arian. «Babes berezia behar duten hainbat pertsonari hirugarren dosia jartzeko erabakia, adibidez, horren harira etorri da. Baina, bestela ere galdera hor dago: populazio orokorrarentzat ez dakigu zenbat iraungo duen babesak», azaldu du Valentziako Unibertsitateko Osasun Publikoko katedradun Ana Maria Garciak.

Aginagaldek gogora ekarri du egoeraren aurrean oraindik «zuhurra» izateko beste zio bat: ager daitezke birusaren «aldaera» gehiago. «Kutsakorragoak» izan daitezke, edo «gaixotasun larriagoa eragiten dutenak», eta, aldaeren gaineko kontrol egoki bat izan ezean, isilean zabal daitezke: «Ezingo dira detektatu». Garciak nabarmendu du mundu osora begira jarri behar dela arazo horri neurria hartzeko: «Herritarren txertatzea mundu osoan garatzen ez den bitartean, aldaera horiek sortzeko arriskua handitu egiten da».

Eta birusak forma berriak har ditzakeen eran, txertaketak aurrera egin ahala, gaitzak «desplazatzera» ere egin dezakeela adierazi du Aginagaldek, eta badela hor aintzakotzat hartzeko beste arrisku bat: «Gaixotasunaren desplazamendua immunitaterik ez dutenen artean gertatu ohi da, eta hori immunitatea garatu eta mantentzeko gaitasunarekin loturik dagoen arren, gehienbat txertaturik ez daudenen artean gertatu ohi da».

Horiek horrela, Garciak esan du zenbait prebentzio neurriri eutsi egin beharko zaiela: «Maskararekin eta distantziarekin jarraitu beharko da, bereziki toki itxietan». Era berean, positiboak «atzemateko eta haiei jarraipena egiteko» sistemetan ere irmo jarraitu beharko dute osasun sistemek. Hilabeteotan ohiko bihurtu diren zenbait ohiturak eta ikurrek luzaroan jarrai dezaketela iragarri du. «Ez dakigu noiz arte. Begira, Ekialdeko herrialdeetan, adibidez, denbora asko daramagu jendea maskara soinean duela ikusten. Birusaren eboluzioari begira, eta munduko egoera ikusita, zenbait neurri denbora luzean mantendu beharko dira».

Neurriak nola erlaxatu

Garciak adierazi du neurrien zorroztasuna tokian-tokian eta unean-unean moldatu egin beharko dela. «Esaterako, batez ere, kanpoko aldeetan erlaxatu ahal izango dira neurriak, halakoetan birusak erraztasun gutxiago baitu zabaltzeko». Bat dator Aginagalde horrekin: «Esku hartze ez-farmakologikoak murriztu eta arrisku handiko esparruetara mugatzeak dirudi zentzuzkoena».

Neurriak ezingo dira, itxura batean, guztiz baztertu, baina, Garciaren ustez, hori ez da txertoen porrota. «Txertoek bizitzak salbatu dituzte, milaka gainera, eta osasun sistema arindu egin dute; ospitaleratze gutxiago izatea lortu dute, ZIUetan gaixo gutxiago egotea...». Onartu du, hala ere, lehen lerrora hilabeteotan heldu diren zenbait goiburuk txertoaren inguruan esperantza handiak piztu zituztela: handinahiak ere bai sarritan.«Agintariek-eta esan izan dute: 'Birus hau garaitu egingo dugu'. Baina ez da hain erraza: har dezagun kontuan, gaitz infekzioso bakar bat ezabatzea lortu da orain arte: baztanga». Eta COVID-19ak argi utzi du eritasun infekziosoen gainean adi-adi jarraitu behar dutela osasun sistemek. «Eritasun infekziosoak osasun publiko arazo nagusia ez badira ere, hemen daude. Ematen zuen munduan apaltzen ari ziren arazoa zirela gaitz infekziosoak, baina ez da horrela oraino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.