Albistea entzun

Kenyako emakumeak lurjabe eskubidea bermatzeko urratsak egiten hasi dira

Dorkas Aworren biloba da Ajo. Aworren alabak ez ditu oraindik ikasketak amaitu, eta haurraren aitak alde egin du.
Dorkas Aworren biloba da Ajo. Aworren alabak ez ditu oraindik ikasketak amaitu, eta haurraren aitak alde egin du. OSKAR EPELDE Tamaina handiagoan ikusi

Oskar Epelde -

2021eko urriak 28 - Apueyo

Kenyako Luo etniaren lurraldean, lur komunal eta pribatuen jabetza gizonen esku dago. Semeen artean banatzen dute oinordetza. Alabek ez dute eskubiderik familiaren lurretan ez ezer eraikitzeko ez erabakitzeko, eta esku hutsik ezkontzen dira. Ohituren arabera, emakumeak ezkontzaren bitartez lortu du bere etxea, eta semeek bertako lurrak jarauntsiko dituzte aita hiltzean. Hala ere, sistema politikoak eta ekonomikoak nekazaritza eremuetan eragindako pobreziarekin batera, bakea hauskorra da nekazaritza eremuetan. Poligamia dela eta, bi, hiru eta lau pertsonaren arteko elkarbizitza are zailagoa bilakatzen delarik, inoiz baino gehiago dira senarrak baztertuak izan ondoren herriguneetan logela bat alokatu behar dutenak.

Susan Athiengek chapatiak —irinarekin eta urarekin egiten diren talo modukoak egiten ditu arratsaldero Siaya barrutiko Apuoyo herrian. «Seme-alabek eta nik bizirik iraungo badugu, ezin besterik egin», dio. Noizbehinka auzokoentzako laborantza lanak ere egiten ditu jornalaren truke, berak ez baitauka lurrik. Muzee-ak (etxeko gizonak) emazte gehiago hartu zituenean hasi ziren liskarrak eta tratu txarrak. Hark etxetik bidali zuenean, gurasoen etxera itzuli zen. 2010eko konstituzioak lurra jaraunsteko eskubidea aitortzen die alabei ere, eta itxaropen horrekin itzuli zen gurasoenera. Baina anaiak ez zuen onartu lurrak arrebarekin banatzea. «Semeak nituelako egin zion uko lurrak banatzeari», azaldu du Athiengek. Herrigunera joatea erabaki zuen orduan, eta, harrezkero, gorriak ikusi ditu seme-alaben elikadura eta hezkuntza ordaintzeko. Baina inoiz ez du agintariengana jo oinordetza erreklamatzeko. Muzeeren jipoiak salatzeko ere ez da inoiz polizia etxera joan.

Bortxaketak jasaten dituzten emakumeek uko egiten diote maiz salaketa jartzeari, azken orduan erasotzaileei aurre egiteak ekarriko lituzkeen ondorioen beldur. «Horixe izan ohi da erronka nagusia», John Titus Onyango mediku eta nekazariaren esanetan. Bere inguruan aitaginarrebaren familiarengandik bortxaketak jasan dituzten alargun asko ezagutu ondoren, emakumeen giza eskubideen aldeko ekintzaile bihurtu da. «Alargunak lurra bere izenean eduki behar luke senarra hiltzen denean, aitaginarrebaren tratu txarrak pairatuko ez baditu», dio Onyangok. Medikuak salatzen du emakumeek ez dutela inongo eskubiderik lurraren gainean, lurra goldatu ere ezin dutela egin: «Zerbait landatu nahi badute, baimena eskatu behar diote senarrari, edo, alargunak badira, aitaginarrebari. Emakumeak lurgabetzat hartuak dira. Ez dute lurrari buruzko eztabaidetan parte hartzen, ezta mugaketetan ere, horrek ere arazo asko ekartzen ditu senarra hiltzen denean, lurraren mugak ere ez baitituzte ezagutzen. Kultur aldaketa batek mesede handia egingo luke».

Lurraren auziak gizonak berekoiago bihurtzen baditu, lur urritasuna larritzean, emakumeek euren duintasun eta eskubideak aitzinaratzeko behar eta gogo are handiagoa daukatela erakutsi dute KPL baserritarren elkarteak antolatu dituen komunitate elkarrizketek.

Eztabaidetan parte hartu duten gizon helduek mitoei heldu behar izan diete emakumeen bazterketa denboran luzatzeko. Bibliako Evaren bekatua ere aipatu du batek, jatorrizko hutsegite horren ondorioz gizonek gaur egun dituzten eskumenak zuritu nahian. Baina, Evelyn Okothen hitzetan, eztabaidetan beste gai bat geratu da agerian: «Emakumeek gizonen hutsegiteak salatzen dituzte. Euren izenak ez daude lurren jabetzari buruzko dokumentuetan jasota. Emakume nekazari askok lurren alokairua ordaindu behar izaten dute hainbat urtez, eta, bakarrik geratzen badira, ez dute lurrik izaten seme-alabak aurrera ateratzeko».

Bileretan salatu diren egitateek argi utzi dute kultur aldaketaren beharra: Apuoyora ezkondu zen Monika Athieno Owiti, nahiz eta egun alarguna den. Owitik etengabeko erasoak pairarazi izan dizkio senarra zuenaren familiak. Lur jabetzaren dokumentuak edukita ere, gauez joan izan zaizkio baserri ingurura ikaratu dadin. «Matxetearekin ate joka ibili ohi ziren», dio Owitik. Zortzi seme-alabaren ama da, eta salatu du bertako agintariek ez dietela eman behar besteko babesik.

Dorcas Awuorrek, esaterako, senarrak erositako lurraren salerosketa dokumentuari esker lortu du bere lursailtxoa hamar urtez atxikitzea. Teresa Athienok ere berdin, senarrak erosi zuen lursail txiki bat atxikitzea lortu du, baina senarrari zegokion familia oinordetza guztia kendu egin zioten, ezer esateko aukerarik eman gabe.

Lurren jabetza nahi dute batetik, eta, bestetik, tokian tokiko erakundeek sortzen dituzten batzorde guztietan parte hartzeko aukera, besteak beste, jabetzen arteko mugak zehazten dituztenetan. Senarrei testamentua egin dezatela ere eskatzen diete, hiltzean euren ondarea jarauntsi ahal izateko. Bileretan nabarmen geratu da gizonak beldur direla azken borondatea idatzi eta ordaintzeko, nahiz eta argi esan ez, sakonean dagoen konfiantza falta agerian gera ez dadin.

Finean, emazteek eskatzen dutena da erabakietan parte hartzeko aukera. Horrelaxe dio 41 urteko Doris Akiengek: «Emakumeak baserriaren kudeaketan parte hartzeko askatasuna beharko luke». Kenyako baserritarren ligako kide eta herriko nagusi izandako gizon baten bigarren emaztea da Akieng. Emakumeek nekazaritza eremura ekar ditzaketen hobekuntzak aitortu ditu haren senarrak. Orain , One Acre Fund nekazari txikiei aurrera egiteko behar dituzten baliabideak ematen dizkien enpresaren eskema baliatu izan du bere artadian, maileguz lortutako hazi eta ongarri kimikoak erabiliz. Baina Akiengen gomendioari jarraituz, orain bertako haziak eta etxeko ongarriak probatzen ari da, eta hobeto omen dabiltza.

Elikadura subiranotasuna indartzeko emakumeak lurren jabe izatea garrantzitsua dela azpimarratu dute batzarreko agirietan; bereziki, seme-alabak eskolara eraman, eta osasun arreta eskaini ahal izateko, emakumeek lurren beharra dutela. «Haurrak ezin dira egon ama gabe, baina amari indarra ez datorkio lur kopurutik. Lortzen duen errespetuaren eta bera bizi den inguruan dagoen lurren banaketaren zuzenbidearen araberakoa du indarra», azaldu du Asker Akinyi alargunak.

Akinyiren garaipena

Duela hiru urte lur jota zegoen Akinyi. Mulo herrian bizi zen, erdigunean, semeekin batera alokairuan hartutako etxe batean. 2007an senarra hil eta gero, aitaginarrebak lurrak harrapatu, eta etxetik bota zituen. Indarkeria mota asko jasan behar izan zituen. Herrena izateagatik ez zela «gai» leporatzen zioten, biraoka, baina tratu txar fisikoak behar izan zituzten Akinyi makurtzeko. Etsituta egonik ere, seme-alabak aurrera ateratzeko gai izan zen. Ikatza saltzen zuen, besteen lurrak goldatzen, ereiten eta garbitzen zituen, uztak jaso, arropak garbitu... Horri esker, haren semerik zaharrena, Raila, KPLko kidea da, eta irakasle lanetan aritzen da eskola batean. Aitaren hilobia aitaginarrebak harrapatu zion, eta beste norbaiti saldu, eta haren lursail handi baten erdian dago. Railaren laguntzaz, eta 2018an agroekologiari buruzko udako eskoletan jardun ondoren, bidegabeko lur harrapaketa nabarmena izaki, agintariengana jotzea erabaki zuen Akinyik. Harrezkero lursail txiki bat berreskuratzea lortu du. Senarraren lurren zati txiki bat besterik ez da, oraingoz behintzat, baina bizitza aldatu zaio; poz sakon bat antzematen zaio aurpegian.

Semeekin, eta Railaren emaztea Eunice Athienoren laguntzaz, artoa ereiten ari da orain agintarien aurrean eman berri dioten lur txiki harritsu batean, eta, aitzurra eskuan duelarik, ez zaio ezintasunik igartzen. Urrunago, bera bizi zeneko lurraren kanpoaldean, beste akre bat ere eman diote, eta paradisu botaniko txiki baten oinarriak eraiki ditu urtebeteko epean. «Lanpetuta nago; emakumeak ezin dira lanik egin gabe egon», dio irribarre zabal batekin.

Patatak prest daude, tipula eta beste hainbat barazki ere badira, ur putzu bat dauka, zuhaitzak ere landatu ditu, mangoa, papaia eta bananak. Oilategia egiten ari da, baita bere etxea ere. Egitura eta teilatua egin ditu jada; lurrezko hormak betetzen ari da orain, baina dagoeneko bertan bizi da, burdinazko txabola txiki batean. «Urtebetean egin ahal izan dudana itzela da herrian nengoen garaiarekin alderatzen badut. Orduan ez nuen ezer egiten, nire proiektua gauzatzeko tokirik ez nuelako», dio Akinyik.

Herrian zuten logela Athienok alokatzen du orain, eta ikatza saltzen du, bera ere ezin delako lanik egin gabe egon. Neska izanik esku hutsik atera zen gurasoen etxetik. Bere aitak hiru emazte ditu, eta bera gazteenaren alaba da. Salatzen du emakumeek ez dutela lurrari buruz ezer esateko eskubiderik: «Haurrak bagina bezala tratatzen gaituzte. Hitz egiteko eskubidea duzula jakin arren, ezin duzu ezer esan. Emakumeek lurrari buruz hitz egiteko eskubiderik ez dutela uste dute. Zure arbasoen etxean ezin duzu ezer esan, eta, ezkondu ondoren, zure senarraren etxean, ezin duzu ezer esan mutilen bat jaio arte behintzat. Neska ez dute aintzat hartzen. Zure seme-alaben aita hil, eta neska txiki batekin uzten bazaitu, kanporatu egingo zaituztete».

Hori aldatzeko neurriak hartzeko eskatzen diete neska gazteek emakume helduei. Athienoren ustez, etxeko komunikazioa lantzea litzateke irtenbidea. «Elkarrizketak familia batu, eta bakea ekar dezake guraso eta seme-alaben arteko harremanetara. Konfiantza lantzeko balio du. Horrela, lur kontuak eztabaidatu ahal izango dira, eta, aita noizbait hiltzen bada, egoera hobean geratuko dira besteak», argudiatu du. Elkarrizketak edozein arazo konpontzeko balio dezakeela defendatzen du. Emakumeen bazterketaren atzean dauden aurreiritziak zentzugabeak direla ohartu da komunitatean egin dituzten batzarretan. Luo etniako lege zaharren arabera, neskak ezin dira gurasoen lurren jabe izan. Baina konstituzioak argi dio neskek ere oinordetza jasotzeko eskubidea dutela. Emakumeak lurrak saldu edo hura oker erabiliko dutela uste dute Luo etniakoek, baina agerian da ez dela egia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARCO SANTOPADRE

«Itsasoan hiltzen direnak dira larrialdia, ez bizirik iristen direnak»

Marco Santopadre

Ekintzailearen esanetan, «bisa politika bidegabeen biktima» izaten jarraitzen dute oraindik ere joan-etorriak libre eta seguru egiteko eskubidea behar luketen milaka pertsonak.
Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian. ©MARTIN DIVISEK / EFE

Alemaniak Leopard 1 tankeak bidaliko ditu Ukrainara

Mikel O. Iribar

‘Süddeutsche Zeitung’-en arabera, Berlinek 88 tanke emango dizkio Kievi. EBko zenbait goi kargudun Ukrainako hiriburuan dira, Zelenskirekin batera.

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...