Trenbidean etendako bizitzak

25 urte bete dira Euskal Herrian gertatutako tren istripurik larriena gertatu zela: Bartzelona-Hendaia trena, bidetik atera, eta irauli egin zen Uharte Arakil parean. Hemezortzi lagun hil ziren, eta ehun zauritu. Bizirik atera zirenek kontatu dute, shock egoeraz eta zauriez harago, itxi ezinezko orbaina utzi ziela istripuak.

Trenbidean etendako bizitzak.
Ion Orzaiz.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Itziar Maritxalarren erlojuan 19:40ak dira. Ordu bera ikus zitekeen bost minutu lehenago. Baita duela astebete ere. Erloju horretan 19:40ak dira beti. Orratzak aspaldi gelditu ziren zazpi eta zortzi zenbakien artean, izoztuta bezala. Hogeita bost urte daramatzate horrela: 1997ko martxoaren 31n, Bartzelonatik Hendaiara (Lapurdi) zihoan Intercity trena bidetik atera eta istripua izan zuen unetik beretik.

Saloutik (Katalunia) Berara (Nafarroa) bueltan zen Maritxalar, lagunekin Aste Santuko oporrak igaro ostean. «Lagunak Iruñean jaitsi ziren, hasierako plana baitzen haietako baten etxean gelditzea, baina neka-neka eginda nengoen, eta trenean segitzea erabaki nuen, Irungo geltokiraino», gogoratu du. Hortaz, eserlekutik altxatu gabe, trenean geratzeko baimena eskatu zion errebisoreari: «Billetea ordaindua nuen Iruñeraino soilik. Errebisoreak esan zidan gehiago pagatuz gero, bukaeraraino luza nezakeela bidaia, baina, hori bai, nire eserlekua erreserbatua zegoenez, tokiz aldatu beharko nuela». Eta aldatu zen, teorian okerragoa zen eserleku batera. Une hartan ezin imajina zezakeen azken orduko aldaketa horrek bizia salbatuko zionik.

Iruñea atzean utzita, Altsasurako noranzkoan (Nafarroa) zihoan trena, orduko ia 140 kilometroko abiaduran, jendez leporaino beteta. 248 bidaiari zeuden ordu hartan, lau bagoitan. Uharte Arakil parera iritsita (Nafarroa), bidetik atera zen konboia: orratz aldaketa egitean, abiadura mantsotu behar zuen trenak, baina gidariak ez zuen seinalea ikusi, eta mantsotu gabe egin zuen aurrera. Trenaren makinatik askatu ziren bigarren, hirugarren eta laugarren bagoiak, eta horietako bi irauli ziren. Zenbait metro egin zituzten lurretik arrastaka, erabat gelditu ziren arte. Hemezortzi pertsona hil ziren, eta ehun bat zauritu, burdinazko eta metalezko nahas-mahas hartan.

«Hegan atera ginen»

Trenbide hartan eten ziren bizitzetako bat izan zen Manuela Chaparro. Cesar Gorriz senarrarekin eta beste bi lagunekin batera zihoan trenean, Sitgesen (Katalunia) zenbait egun eman ostean. Altsasun bizi ziren denak. Beren etxetik kilometro eskasera gertatu zen ezbeharra. «Oso azkar gindoazen», gogoratu du Gorrizek: «Eta bat-batean, kaosa. Irauli ziren bagoietako bat zen gurea, eta jendez beterik zihoan. Hegan atera ginen: jendea, maletak... dena airean, biraka». Lehen astinduaren ostean, bidaiariak oihuka hasi zirela azaldu du Altsasuko bizilagunak: «Nire emaztearen ahotsa entzun nuen une batez. Iruditu zitzaidan gure semeei deika ari zitzaiela... edo agian ez, ez dakit. Buruan nahasita dauzkat une horren oroitzapenak. Shock egoeran nintzen».

Antzeko oroitzapena du Maritxalarrek ere. «Ez genuen erreakzionatzeko astirik izan», esan du. «Bagoia arrastaka joan zen hainbat metro, abiadura bizian, eta metala berotu egin zen, antza: bidaiarietako askok erredurak zituzten bizkarraldean; beste batzuek ile xerloak galdu zituzten kolpean, nonbaiten harrapatuta gelditu zitzaizkielako». Trena erabat gelditu zenean, ez zegoen inor zutik. «Pertsona ugari ikusten nituen lurrean botata, arropak xehatuta... Ni nintzen zutik gelditzen zen bakarra. Saiatu nintzen andre batekin hitz egiten, baina ez zuen erreakzionatzen. Une hartan, ez nuen garbi pentsatzeko gaitasunik. Ez zitzaidan buruan sartzen denak hilda egon zitezkeenik», oroitu du beratarrak.

Beste bidaiarietako batek lagundu zion Maritxalarri trenetik ateratzen: «Mutiko bat zen, maitagarria. 17 urte izanen zituen. Besoa galdua zuen istripuan, baina uste dut ez zela konturatzen ere. 'Atera, atera hemendik!', esaten zidan, eta zulo batetik atera ginen biak. Gero begi bistatik galdu nuen, ospitalera eraman zutenean».

Trenetik ateratzea lortu zuen Gorrizek ere, baina ez zuen emaztea aurkitzen. «Deika ibili nintzen, baina ez zen inondik ageri. Azkenean, norbaitek hartu ninduen, ospitalera eramateko». Han ohartu zen ez zuela andrea gehiago ikusiko. «Ez zen inor etorri esatera emaztea hilik zela, baina zaurituen zerrendan begiratu nuen, eta han ere ez zen haren izena ageri... Banekien zer esan nahi zuen horrek».

Istripua izandako tokiraino iritsi ziren Uharte Arakilgo dozenaka herritar ere, zaratak asaldatuta. «Bizilagun batek eman zigun abisua: tren bat bidetik atera zela eta burdinbidean iraulita zegoela», esan du izena eman nahi ez duen uhartear batek: «Hasieran pentsatu genuen merkantziak garraiatzeko tren bat izanen zela, eta salgaiak lurrean botata izanen zirela, besterik ez. Ez genuen uste, inondik inora ere, halako triskantza baten lekuko izanen ginenik».

Herriko tren geltokiaren parean ikusi zutena «ileak lazteko modukoa» izan zela gogoratu du Uharte Arakilgo bizilagunak: «Trena txikituta zegoen, eta garrasiak aditzen genituen hondakinen azpian. 'Jendea dago hor harrapatuta!', esan zigun batek, eta hara joan ginen korrika. Saiatu ginen bagoietako leihoak apurtzen, bidaiariak atera zitezen. Oihuak nondik entzun, haraxe joaten ginen gu ere». Buelta emandako bagoietako batean, aldiz, ez zen ezer aditzen: «Herriko batzuk hurbildu ginen bagoietako batera, baina berehala esan ziguten horra ez sartzeko. Denak hilik egonen zirela. Hala zen».

Orduak eman zituzten zaurituak trenetik ateratzen. Lekukoaren esanetan, «burua joanda» ateratzen ziren asko eta asko. «Egoera katatonikoan zeuden batzuk: arropa guztia urratuta eta odoletan izanda ere, ez ziren ezertaz konturatzen: 'Ui, odol pixka bat! Zauriren bat al dut?', galdetu zuen batek anbulantziara igotzean, orduantxe jabetu izan balitz bezala».

Istripua gertatu eta zenbait minutura heldu ziren larrialdi zerbitzuak. «Hildakoak errenkadan jarri zituzten burdinbidean, eta zaurituak pixkanaka eraman zituzten Iruñeko, Gasteizko eta Donostiako ospitaleetara, larritasun mailaren arabera», azaldu du Maritxalarrek. «Nik, itxura batean, ez neukan ezer larririk, eta hor gelditu nintzen, zain. Garai hartan ia inork ez zuen sakelako telefonorik, baina neska bat ikusi nuen horietako batekin, eta eskatu egin nion. Gurasoei deitu nien esateko gauza izugarri bat gertatua zela trenean, baina lasai egoteko, ni ongi nengoela».

Zauritu guztientzako anbulantziarik ez zegoenez, zenbait boluntariok beren autoetan eraman zituzten arin zauritutakoak. Iruñera eraman zuten Maritxalar, baina ospitalean ez, autobus geltoki ondoan utzi zuten, bakarrik, kommozio betean: «Ez dut gogoan nork eraman ninduen, baina esan nien ongi nengoela, eta lagun baten etxera joanen nintzela». Denbora luzea eman zuen hirian galduta, noraezean. «Arropa piltzartua nuen erabat, eta odola nuen buruan. Laguntza eskatzen nuen, baina inork ez zidan kasu egiten. Azkenerako, kuadrilla batek lagundu zidan lagunaren etxea aurkitzen, eta diru pixka bat ere eman zidaten. Pentsa nola ikusiko ninduten». Lagun horren gurasoek eraman zuten Nafarroako Ospitaleko larrialdietara, eta medikuek eman zioten bere osasun egoeraren berri: «Belauna xehatua nuen, buruan kolpe bat, eta hortzak ere kaltetuak».

«Bizitza osorako arrastoa»

Hurrengo orduetan, Uharte Arakilera itzularazi zituzten bidaiarietako asko, gorpuak identifikatzera. Haraino eraman zituzten zenbait psikologo ere, zaurituei eta senideei arta emateko. Horrek, baina, ez zuen kolpea arindu. «Herriko frontoian jarriak zituzten hilotzak, ilaran. Nik ezin nuen», esan du Gorrizek. «Emaztearen ahizpa batek identifikatu behar izan zuen gorpua».

Istripuak «goitik behera astindu» zituela nabarmendu dute, bai Maritxalarrek bai Gorrizek. «Bizitza aldatzen dizu», esan du altsasuarrak: «Etxera itzultzea, eta 9-10 urteko semeei esatea ama ez dela itzuliko... Ez dago hori baino okerragorik». Gertukoei esker atera ziren aurrera: «Egun horietan, oso gertu sentitu genuen senideen eta lagunen maitasuna. Horri esker, badoa mina apaltzen. Dena den, handik pasatzen naizen aldiro, tripak nahasten zaizkit oraindik». Maritxalarren erlojua bezala, jende askoren bizitza ere etenda gelditu baitzen martxoaren 31 hartako 19:40an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.