Elizako sexu abusuak. Emakumezkoak

Emakumeen ahotsak, Elizaren itzaletik itzuri

Marivi Martinikorena da Euskal Herrian moja batek sexu abusuak egin zizkiola salatu duen emakume bakanetarikoa; gertakari horrek luzerako ondorioak utzi dizkio arlo askotan. Adituek diotenez, orain arte oharkabean igaro dira Elizako kideek eginiko sexu abusuen emakumezko biktimen ahotsak.

Eliza bat, artxiboko argazki batean. ALBERTO VALDES/EFE.
jone arruabarrena
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Haurtzaroan Elizaren menpean sexu abusuak jasandakoak isiltasuna urratzen ari dira, baina biktimen artean, gizonen ahotsak ozendu dira batez ere; argitara atera diren kasuen %90ean gizonak izan dira abusatzaileak, baita biktimak ere. Hala, 1980ko hamarkadatik hona izandako salaketetan biktimak gizonak eta adingabeak izateak nolabait mugatu egin du Elizan sexu abusuak jasan dituztenen iruditeria, eta emakumeen datuak oharkabean igaro dira.

 

«Uste dut horrek ez duela lagundu neskatoek salatu zezaten, baina emakume helduen kasuan kontrakoa gertatu da», esan du Teresa Comptek. Zientzia Politikoetako eta Soziologiako doktorea da Compte, Betania elkarteko presidentea —Elizaren menpean gertatutako sexu abusuen biktimak artatzen ditu—, eta azken urteetan zenbait lan argitaratu ditu andreek Eliza katolikoaren inguruan jasandako abusuei buruz.

Azaldu duenez, AEB Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, biktima diren emakume helduen inguruko ikerketak 1980ko hamarkadaren amaieran hasi ziren arren, salaketak 2010. urtetik aurrera areagotu ziren. Andre horien kontakizunei sinesgarritasuna eta aitortza ematearen garrantzia azpimarratu du ikertzaileak: «Oso garrantzitsua da sexu abusua jasan duen pertsona biktimatzat hartzea, sufritutakoa zerbait desegokia, bidegabea eta mingarria dela identifikatzeko. Abusu sexualen biktima diren emakumeen esperientziak argitara emanez, salaketa bultzatzeaz gain aitortza ere egiten zaie». Hala ere, emakumeek oztopo gehiago aurkitzen dituzte biktima gisa identifikatzeko, azaldu duenez: «Sozialki, oraindik pentsatzen dugu affaire bat dela, eta dauzkagun aurreiritziek diote emakume on batek beti aurre egingo diola abusatzaileari, ez diola utziko».

Abusuek, gainera, ondorio larriak uzten dizkiete biktimei, eta horietako batzuk ere ezberdinak dira emakumeengan eta gizonengan. Horietaz argi hitz egin du Marivi Martinikorenak. 11 urte zituela, moja batek sexu abusuak egin zizkion, eta momentu hartan zabaldu zioten bizi osoan itxi ez zaion zauri bat: «Bizitza izorratu zidaten: arazo fisikoak zein psikikoak ekarri zizkidaten abusuek». Zuzenean lotzen ditu umetan jasandako abusuak gerora bere bizitzan pairatu dituen beste abusu batzuekin ere.

Haren kasua ezohikoa da: Euskal Herrian abusatzailea emakumezkoa den kasu bakanetakoa da. 1960. urtean Iruñeko Aoiz kaleko Ursulinetako eskolan egin zizkioten abusuok; barneko ikasle zen Martinikorena bertan, ahizparekin batera.

Gurutzeak burko azpian

Beste neskatoekin egin behar zuen lo hasieran, gela handi batean. Iritsi eta egun gutxi batzuetara, ordea, gelaz aldarazi zuten: «Mer Angeles izeneko moja batek zaintzen gintuen, eta esan zidan aurrerantzean gela handiaren ondoan zegoen bi oheko gelatxo batean egingo nuela lo. Obeditu nion, obeditzera ohituta geundelako».

Arazoak, ordea, gelaz aldatu zen egunean hasi ziren. «Ohean etzan nintzen, eta ikusi nuen nire ohearen parean beste ate txiki bat zegoela. Guztia ilun zegoenean, ate hura zabaldu egin zen, eta ezagutzen ez nuen moja bat sartu zen gelara». Ikasturte hartan zehar egunero errepikatu zen eszena hura: gelan sexu abusuak egiten zizkion andreak neskatoari, eta handik irten baino lehen eskapularioak burko azpian uzten zizkiola gogoan du Martinikorenak. «Esaten zidan gurutze horiek uzten zizkidala berekin gogoratu nendin, eta zenbat maite ninduen presente izateko».

«Nik ez nuen ezer ulertzen. Gogoratzen dut gaua heltzearekin batera izu ikaragarri bat pizten zitzaidala. Atea zabaltzen ikusten nuen, eta pentsatzen nuen: 'Badator'. Ohean hondoratzen nintzen, ezin nuelako ezer egin; ez neukan ahalmenik hari aurre egiteko». Gogoan ditu mojak izan ohi zituen aldarte aldaketak ere: «Bera zen hitz egiten zuen bakarra: barre egiten zuen, maite ninduela esaten zidan, edo errieta egiten zidan. Berak esaten zidan ea ni ona edo gaiztoa nintzen». Neskatoak asteburuak etxean igaro ondoren igandeetan mojak izan ohi zituen kasketaldiak ere oroitu ditu: «Esaten zidan bakarrik utzi nuela, gaiztoa nintzela eta ea nola ausartzen nintzen berari hori egitera».

Martinikorenak sentitzen zuen bere gorputza zela zeukan «gauza bakarra», eta beste batzuek «nahi zuten bezala» balia zezaketela: «Zuk ez zenuen inolako baliorik, eta ez zeneukan gertatzen zenaren gaineko inolako erabakimenik, ezta eskubiderik ere. Jotzeko, umiliatzeko, gutxiesteko eta sexualki erabiltzeko objektu bat besterik ez zarela ikusarazten dizute. 11 urteko ume batek dituen eskema guztiak apurtzen dizkizute».

Gelaz aldatu zuen mojak ere abusatzaileak bezainbesteko errua zuela irizten dio. «Harengan konfiantza neukan, eta prostituziorako salduko banindu lez aldatu ninduen. Nire gorputzarekin nahi zutena egin zuten, eta, gainera, nik ez nekien nor zetorren ere; ez bainuen ezagutzen sexu abusuak egiten zizkidan moja». Geroago jakin zuen Mer Magdalena de Cristo zela, barnetegiko erizaina. Uste du ez zela eskola hartan mojek sexu abusuak egin zizkioten bakarra: «Han egon ziren beste ikasle batzuek esan didate mojek obsesio bat zutela. Etengabe kuleroak kentzeko esaten ziguten. Kontua da inork ez duela uste mojek ere sexualitatea daukatenik. Inork ez du uste lesbianak direnik. Eta horrek zerikusia dauka emakumeok sexua soilik gizonen arabera daukagula dioen ideiarekin».

Kurtso hura bukatzean, Martinikorenak ahaztu egin zuen gertatutakoa, «eromenean ez erortzeko». «Nire buruak gertatu zen guztia ezabatu zuen, barnetegi hartan inoiz egon izan ez banintz bezala». Hala ere, abusuen ondoren, «tristezia sakon bat» sentitzen hasi zen: «Negar egiten nuen, baina ez nekien zergatik sentitzen nuen ezinegon hura, hutsune hura».

«Epe luzerako arrastoa»

Egoerak okerrera egin zuen urteak pasatu ahala: «17 urterekin, ez nuen bizirik jarraitu nahi. Hil egin nahi nuen. Iruñeko psikiatria zentrora joan nintzen, erotzen nenbilela pentsatzen nuelako». Sexu abusuen pasartean irekitzen zen atea ere etengabe agertzen zitzaion ametsetan, abusuak gogoratzen ez zituen arren: «Amets bera izan dut bizitza osoan. Lo nagoen gelako atea zabaltzen didate, eta ezin dut oihu egin». Orain abusuekin lotzen du amets hura.

Baina gertakari haiek luzerako arrastoa utzi zioten. 18 urterekin, Londresera joan zen, umeak zaindu eta ingelesa ikastera. Han ere sexu eraso bat egin zion mediku batek. Iruñera bueltatu zenean ere familiako kide batek urteetan zehar erasoak egin zizkiola salatu du; haren aburuz, helduaroan jasandako eraso guztiak mojak egindakoekin lotuta daude zuzenean. Compteren ikerketa batek ere lotu egin ditu haurtzaroan Elizan jasandako abusuak eta gerora emakumeek pairatutakoak. Halako erasoak jasan zituzten emakumeen «erru sentimendu sakonarekin» lotzen du ikerlariak: «Umetan beren burua defendatu ez izanak errua ekartzen die, eta heldutasunera heltzean ere defendatzeko kapazitatea kentzen die. Guztiek ikasi zuten ez defendatzen, sufritzeari uzteko».

Jasan dituen abusuek psikologikoki eduki duten pisua ere nabarmendu du Martinikorenak: «Joko krudel bat da. Irakasten dizute beraiek nahi dutena egin behar duzula, baina hala ere ez zaituztela maite izango. Gutxietsi egiten zaituzte, eta zu ere hala hazten zara: hutsune sentipen batekin, baliorik ez duzun ustearekin. Ez duzu zeure burua maite».

Azaldu du bere harremanetan ere «arazo sexual ikaragarriak» izan dituela: «Ez nuen ezer sentitzen». «Gizonekin izan nituen harremanetan zer gertatzen zitzaidan ez nekienez, pentsatu nuen agian emakumeak gustuko nituela. Emakumeekin ere harremanak izan nituen, baina ez, hori ere ez zen». Uste du haurra zela egin zizkioten abusuek «guztiz hondatu» ziotela sexualitatea: «Ez nuen esnatze sexual bat izan nerabezarora iritsi nintzenean. Niretzat sexua ez zen existitzen». Izan ere, harreman sexualak izateko beldurra sentitzea eta zailtasunak edukitzea ohiko izaten da abusuak jasan dituzten emakumeen artean, Comptek azaldu duenez. Horrez gain, ondorio gisa nabarmendu ditu amatasunari aurre egiteko arazoak, besarkatuak izateko ezintasuna, eta lagun eta familiartekoekiko harremana galtzea.

Instituzioen jarrera

55 urte betetzean hasi zen jabetzen Martinikorena umetan jasan zituen abusuez, hamar urtez egin zuen terapia psikiatrikoa bukatu eta bost urtera, La mala educación filmean ageri diren abusuak ikustean: «Irudi haiek ikustean, zerbait piztu zitzaidan barruan, eta orduan hasi nintzen gertatutakoa oroitzen eta bizitza osoan pairatutako sufrimendu hori ulertzen». Uste du gizarteak albo batera uzten dituela abusuak salatzen dituzten andreak, eta horregatik zailagoa egiten zaiela emakumeei gertatua kontatzea: «Prest egon behar duzu bakarrik geratzeko». Hain zuzen, mojek egindako abusuak kontatzean sentitu zuen bakardadea oroitzen du: «Nire familiak baztertu egin ninduen pairatu nituen abusuak kontatzeagatik, eta Ursulinetako mojek esan zidaten kontatzen nuena ez zela inoiz gertatu».

Espainiako Poliziara ere jo zuen Martinikorenak salaketa jartzera: «Ziurtatu zidaten beraiek deituko zidatela, baina ez zidaten deitu». Epaitegira jo zuen orduan, eta bertan jarri zuen salaketa, baina ez zuten abusu gisa hartu: «Egin zidatena epaileari kontatu ondoren, esan zidan jazarpena zela, ez zirela abusuak. Abusatzailea emakumea denez, ez dute bortxaketatzat hartzen, eta hor arazo bat dago».

Comptek ondorioztatu du instituzioek izan duten jarrerak zaildu egin duela fenomenoaren norainoko osoa ulertzea: «Haurrei, nerabeei eta emakume helduei kasurik ez egiteak areagotu egin du biktimizazioa, eta, horrez gain, eragotzi egin du haien testigantzek eragindako ezagutzari esker hobeto ulertzea halako abusuen izaera, abusuei laguntzen eta iraunarazten dieten botere dinamikak, traumak eta ondorioak». Bide horretatik, prebentzioan eta erreparazioan sakontzearen garrantzia azpimarratu du Comptek: «Epaitegietan salatzea, besteak beste, kasuak preskribatuta ez daudenean; salatzeko epea pasatu bada, ordea, biktima bakoitzari egokitutako erreparazio prozesuak sortu behar dira».

Arartekora, edo auzitegira jo daiteke salaketak egiteko. BERRIAri lekukotza bat eman nahi izanez gero: [email protected]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.