Koronabirusa. Mundua

Bartzelona, «egoera kritikoan»

Generalitateak dantzalekuak eta gaueko aisirako hainbat gune ixteko agindu du Katalunia osoan. Kutsatu tasak %40 egin du gora hiriburuko metropolian astebetean

Sonar musika elektroniko jaialdiko kontzertu bat, iazko uztailean, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Birusaren hedapena moteldu ala osasun sistema berriro ere ataka gaiztoan jarri. Horixe egon daiteke jokoan datozen asteetan Katalunian. Lleida hiriburuan eta Segria eskualdean neurri zorrotzak hartzera behartu zuen agerraldia moteltzen ari den arren, alarma guztiak piztu ditu Bartzelonan eta haren metropoli eremuan atzeman den kasu kopuruaren gorakadak. «Egoera kritikoa da»,ohartarazi zuen atzo Josep Maria Argimon-ek, Kataluniako Osasun Publikoko idazkariak. «ZIUak [zainketa intentsiboetako unitateak] ez ditugu beteak martxoan bezala, ezta mila biztanle ospitaleratuta ere, baina gorakada arriskutsua da dentsitate handiko eremu batean».

Generalitatearen datuen arabera, kutsatze tasa %40 baino gehiago handitu da astebetean Bartzelonaren metropoli eremuan: 100.000 biztanleko 47 kutsatu izan ondotik, orain 67 kutsatu. Tasa hori 60koa da Katalunia osoko datuak aintzat hartuta. Koronabirusagatik ospitaleratutakoak, berriz, 131 ziren duela bi aste Katalunian, eta 401 atzo. Datu horiek islatzen duten hazkundeak eragina izango du osasun sisteman, Comellak aurreratu duenez. «Orain kalean gertatzen ari dena ospitaleetan ikusiko dugu hemendik hamalau egun barru».

Konfinamenduaren aukera baztertu egin dute oraingoz osasun agintariek, eta herritarren kontzientziaren esku utzi dute hainbat mugatze neurri hartzearen ardura. Segurtasunerako ohiko neurriez gain —beste pertsonekiko gutxieneko distantzia gordetzea, maskara janztea eta eskuak desinfektatzea—, ekintza sozialak ahalik eta gehien murriztera deitu zuen atzo Adria Comellak, Kataluniako Osasun Zerbitzuko zuzendariak.

Gaueko aisialdia bihurtu da gobernuaren kezka nagusia, haren bueltan ari direlako sortzen agerraldi gehienak. Hori dela eta, dantzalekuak eta gaueko aisira begirako festa aretoak ixteko agindu du Katalunia osoan. Horrez gain, agerraldiren bat duten herrietan gauerdia baino lehen itxi beharko dute tabernek eta jatetxeek. Neurria gaur sartu da indarrean, eta, gutxienez, hamabost egunez luzatuko da. Kataluniako Gobernuak zenbait kontrol neurri ezarriak zituen herri eta hiri kaltetuetan, gaueko aisialdian, baina egoerak «neurri bereziak» hartzea eskatzen duela argudiatuta, mugatzea herrialde osora zabaltzea erabaki du. Sektoreak salatu du, debekua «kolpe hilgarria» dela.

Metropoliko agerraldien aurretik, kutsatze fokuak atzeman zituzten Lleidan, hura buru duen Segria eskualdeko hainbat herritan eta Noguera eskualdean. Birusaren hedatzea moteltzeko, eskualdeko itxialdia ezarri zuen Generalitateak Segrian, hilaren hasieran. Astebete geroago, tabernak ixteko agindua ezarri zuen Lleidan eta eskualdeko zenbait herritan. Neurriak eragina izaten ari direla dirudi. Birusa polikiago ari da zabaltzen eremu horretan. «Ikusten ari gara kasu berrien malda piko hori gero eta lauagoa dela», azaldu zuen Argimonek.

Kontrola indartu behar

Katalunian konfinamendu orokorrik ez izatea da gobernuaren lehentasuna. Horretarako, agerraldiak kontrolpean izatea ezinbestekoa dela nabarmendu du Argimonek. «Ezin dugu hutsik egin». Kontrol hori areagotzeko hainbat neurri iragarri ditu aste honetan. Batetik, Generalitateak 500 osasun langile gehiago kontratatuko ditu, lehen arreta zerbitzua indartze aldera. Helburua da PCR probetan positibo ematen dutenen kontaktuen aztarnari ahalik eta azkarren jarraitzea, kutsatze tartea murrizteko. Bestetik, eguneko PCR proben kopurua handituko dutela iragarri du. Argimonen esanetan, eguneko 24.000 proba egingo dituzte aste honetan, eta 30.000 datorrenean. Osasun Publikoko idazkariak esan du eguneko 40.000 proba egitera ere iritsi ahal izango direla behar izanez gero, osasun pribatuaren baliabideekin.

Osasun egoerarengatik kezkatuta, Frantziako Gobernuak Kataluniara ez bidaiatzeko gomendatu die «sutsuki» bere herritarrei. Jean Castex Frantziako lehen ministroak adierazi du ez dela Kataluniara bidaiatzea komeni, «lurralde horretan egoerak hobera egin arte». Kataluniako Gobernuak erantzun du beste herrialde batzuetan baino neurri zorrotzagoak hartu dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.