Peio Etxeleku. EAJko Ipar Buru Batzarreko presidentea

«Euskal Hirigune Elkargoan jakobinismoa erreproduzitu dugu»

EAJk Ipar Euskal Herrian duen pisua indartu nahi du Etxelekuk ondoko urteetan. Bere enpresaburu esperientziatik, Euskal Hirigune Elkargoaren funtzionamendua arindu nahi duela dio, eta barnealdeko herrientzat balio erantsi handiagoa izatea bultzatu.

BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko urtarrilak 7

EAJko Ipar Buru Batzarreko presidente izendatu zuten abenduan Peio Etxeleku (Donazaharre, Nafarroa Behera, 1974). Parisko ESSEC merkataritza eskolan ikasia, eta eraikuntza eta elikadura arloko enpresa bat baino gehiagoren jabea da, gaur egun, Ipar eta Hego Euskal Herrian. Parisen zela sartu zen alderdian, 1999 hastapenean, eta «ilusio handia» sortu zuen Lizarra-Garaziko garaian. Euskal Herrira itzultzean, familiako enpresez arduratzeko alderditik urrundu bazen ere, azken urteetan politikara hurbildu da berriz. «Lantegi arduradun gisa, beti kontsideratu dut gure rola biziki politikoa dela, P larriz». Kanboko (Lapurdi) herriko kontseiluan hautetsi da 2014tik, eta Euskal Hirigune Elkargoan sartu zen iazko herriko bozen ondoren. Errobi lurraldun da, eta, ondorioz, elkargoko batzorde exekutiboko kidea.

Zertan da EAJ Ipar Euskal Herrian?

Bozei begira, alderdiak ez du leku handia: hogei bat hautetsi, denak herrietan. Eragin mailan, segur aski, gehiago; gure pisuak nabaritzen duena baino gehiago behatuak gara. Gure pisua indartu nahi dugu, sartu, sartzen ahal garen erabakigune ahal bezain gehienetan; alderdikide kopurua emendatu, gure izena eta ezagupena hobetu. Gizarteak ez gaitu baitezpada ongi ezagutzen. Ezker abertzaleak gehienetan abertzaletasunari lotuak ziren gaiak edo euskal irudia monopolizatzea lortu du, eta guk erakutsi behar dugu izaten ahal dela alternatiba bat. Gizartea, ingurumena eta ekonomia ukitzen dituzten gaietan ere badugu erratekoa, eta gure kudeatzeko manera. Hori da gure helburua: alderdia gehiago ireki gizarteari, eta gizartea alderdiari.

Nola egiten da hori?

Ari gara pentsaketan. Bakoitzak baditugu gure sareak. Nik lantegi munduan sare zabalak hedatu ditut, politikari ez direnak baitezpada interesatzen baina lurraldeari atxikiak direnak, eta nahi dutenak lurralde honek izan dezan garapen orekatu bat, bere nortasuna galdu gabe. Eta ari gara asmatzen bilgune batzuk, informalak, non ideia eta eragile horiek adierazteko parada izan lezaketen. Eta non guk ere adierazi genezakeen gure ikusteko moldea, eta landu elkarrekin proiektu berri batzuk, lurralde estrategia bat. Lurralde hau biziki eraginkorra izan zen 1990eko hamarkadan, Garapen Kontseiluarekin eta abarrekin, asmatzeko bere instituzionalizatze modelo bat, proiektu batzuk... Baina sentitzen dut motorra pixka bat moteldua dela, eta berpizte bat merezi duela, lurraldearen egoera biziki aldatu baita, aldakor baita.

Zein da egoera?

Ari gara orientabide batzuk hartzen naturalki onartu behar balira bezala, bereziki biztanleriaren emendatzeari buruz. Kritika gaitasuna pixka bat ezeztatu dugu. Eta hor, alderdia izaten ahal balitz eragile berri bat ideia bereziak, originalak, sortzaileak ekartzeko, gure garapena kudeatuko duena, desafio ekologikoari buruz baikorki erantzungo duena, gure nortasuna babestu eta irekitzaile atxikiko duena... Ezker abertzaletik izan ziren 90eko hamarkadan gauza anitzen bultzatzaile. Probokatzaile banintz, erran nezake batzuk pixka bat burgestu direla, eta hartu dituztela kargu batzuk, bereziki hirigune elkargoan, eta hor diren sistemaz moldatzen direla. Uste dut behar garela geure buruarekin gehiago galdekor eta kritiko izan.

Zer leku du Ipar Euskal Herriak EAJn?

Kanpotik beharbada sentitzen dena baino gehiago. Barne egituretan, Gipuzko Buru Batzarreko buruak ez du nik baino pisu gehiago Euskadi Buru Batzarrean.

Entzunak zarete EBBn?

Bai, bai, bai! Ez dut aski saio egin errateko, baina ez dut batere sentitu ez interes faltarik, ez eta ere azpi zona baten gisan kontsideratuak garenik. Zinez. Haiek hor dira gure laguntzeko, eta prest dira. Ondoko hiru urteetan hegoaldean ez da hauteskunderik; erran didate indarren %100 ematen ahal dela Iparraldean alderdiak merezi duen garapena lor dezan.

Zer proposamen du EAJk Ipar Euskal Herrirako?

Lantzekoa da oraindik. Guk barne mailan, eta gure gogoeta foroak irekiz interesatuak diren kanpoko guziei, zehaztu behar dugu biztanleriaren hamar-hamabost sufrimendu puntuei ea zer erantzun original ematen ahal diegun. Mugikortasuna, ingurumena, kostalde-barnealde desoreka, hirigune elkargoaren antolakuntza eta eraginkortasuna, herri txikien ordezkaritza... hobekuntza puntu anitz ikusten ditut. Geure buruari ematen diogu urte bat pasa gai horietan guzietan sakontzeko.

Bestalde, gure helburua herria eraikitzea baita, asmatu behar dugu ahal bezainbat proiektu konkretu. Batzuetan izanen dira sei hilabetean emaitza lortzeko, beste batzuetan hamar urtean. So egiten zaiolarik azken 30-40 urteetako ibilbideari, hobeki ezagutzen dugu elkar, naturalago zaigu muga pasatzea, baina, zer gauza zinez eraginkor eginak izan dira mugaz bi aldeetako bi parteen artean? Ikusten dut zer abantaila duen lantegi batean hankak mugaz bi aldeetara ukaiteak zinez maila orekatuan, eta edozein sektoretan interesgarria litzateke.

Nola definituko zenuke EAJren ildo politikoa?

Europazale abertzaleak gara. Eta gure helburua da abertzaletasun hori konkretuki biziaraztea, eta laguntzea Iparraldea bere burujabetasuna hobetzen eta indartzen. Hemengo egiturek askoz sobera dependitzen dute Frantziaren nahikeriari zinezko erabakitze gaitasuna ukaiteko. Behar dugu hori ulertarazi hemengo hautetsiei, eta gustua eman urrunago joateko.

Zer helmugatara iristeko?

Horiek dira kontzeptu ideologikoak, zeinetan ni ez naizen baitezpada adituena errazki mintzatzeko. Burujabetasuna ez dut kontzebitzen Europatik aparte. Eta uste dut biharko modeloak ez direla oraindik osoki asmatuak. Segur aski burujabetasun partekatu bat izan beharko da, Europa indartsu federal batean. Ardura erraten dut modelo zaharreko estatu nazioak txikiegiak direla arazo handientzat eta handiegiak arazo txikientzat. Baina badakit ere politika errealismoaren artea dela. Independentismoa aipatzen bada, independentismoa pentsatuz XIX. mendeko kontzeptuekin, ez dut ikusten egokitua bezala. Erran nezake Frantzia ere ez dela independentea zentzu horretan. Beraz, guri da asmatzea modelo ahal bezain amankomuna hiru lurralde administratiboekin, gizartearen heldutasunari egokituz, ezin baikara populuak baino fiteago joan. Eta ahalaz Euskal Herriak pisu bakar eta propioa izan dezan Europa indartsuago batean.

Zein dira zuen partaideak?

Alderdiekin harremanak baditugu, batzuk besteak baino hurbilago. Ezker abertzalearekin, sozialistekin, frantses zentro eskuineko alderdi batzuekin. Nahiko nituzke elkarrizketa horiek indartu; ikusi herriaren interesean zer lan egiten ahal dugun. Muturrekoak aparte, inor ez baztertuz.

Zein dira muturrekoak?

Batasun Nazionala eta oso jakobinoak diren ezker-ezker muturrekoak. Baionan izan den jokaera ezker abertzalea eta Frantzia Intsumisoaren artean aliantza eginez, pixka bat kontraerranekoa zela pentsatu dut, herriari eta abertzaletasunari doakionez.

Euskal Hirigune Elkargoan Errobi lurralde eremuko arduraduna zara. Zer asmo dituzu?

Errobi lurraldea bilakatzen ari da lo gune bat Baionako hiriguneari buruz; hori hautsi nahi dugu. Mugikortasunari eta ekologiari buruz etsenplugarri nahi genuke izan. Euskara mailan aurrerakoiak. Ari izan gara lantzen hiruzpalau hilabetez herri guziekin eta batzorde taldearekin lurralde proiektu anbiziodun bat. Orain beharko dugu gai izan horiek martxa ezartzen, testuinguru ekonomiko eta fiskal berezi batean.

Eta elkargoan, orokorki?

Nahi izan dut bizi barnetik lantegi buru gisa, nola laguntzen ahal genuen hobeki kudeatzen eta egokitzen, pixka bat urruntzen sentitzen genuen elkargoa. Barne administrazioak eta barne prozesuak pisu handiegia hartzen ari dira, urrunduz herrietatik, biztanleetatik eta ekonomiatik. Baiona inguruko eremua lehenetsi da. Lehengo Euskal Kosta Aturri herri elkargoak biztanleriaren %40 ordezkatzen du, baina inbertsioen %85 eremu horri joan zaizkio, dirudienez. Injustizia bat da. Nire rola da hori zuzentzea, proiektuak lantzea, barnealdeak ere izan dezan merezi duena.

Lema aldizkarian kritika zorrotza egiten diozu elkargoari, erranez erakundea sortu denetik industria eta ekonomiaren kontrako erabakiak hartuak izan direla.

Hala izan baita. Itun bat izenpetua izan zen eragile nagusien artean, eta erabakia izan zen ez zela fiskalitate gehigarririk ezarria izanen lehen hamar urteetan. Biztanleriari buruz errespetatua izan da, lantegiei buruz ez. Garraio zerga sortu dute enpresa guzientzat. Hamar langile dituen ene Iratiko gasnategiak ez du telefonorik ere, eta garraio zerga ordaintzen du, ez duelarik sekula santan garraio sistema publikorik ikusiko. Zergatik egina da hori? Nire ustez, gaizki kudeatu izan den Trambusaren programa finantza dezagun. Horrez gain, enpresen lur kotizazioak ere emendatu dituzte. Ororen buru, enpresen zergak %30-40 inguru emendatu dira. Zerbitzu publiko gehiago izan gabe. Eta gainera, funtzionamendu gastu gehiago pagatzeko, ez baitezpada proiektu gehiago egiteko.

Instituzionalki, zer bilakaera nahi zenuke Euskal Elkargoarentzat?

Gaur egun, gure mailan, jakobinismoa erreproduzitu dugu intentsiboki. Behar da botere handiagoa delegatu lurraldeei eta herriei, eta asmatu zerbitzu gehiago, non bereziki herri txikientzat, hirigune elkargoak balio erantsia izanen duen. Ondoko fasera pasatu aitzin, badugu lan bat egiteko ditugun konpetentziak hobeki kudeatzeko, efikazitate, hurbiltasun, eta gaitasun handiagoarekin, dirua inbertsioei eta proiektuei itzul dadin, eta ez barne funtzionamenduari.

Erran nahi baitu?

Gipuzkoa bi aldiz handiago da biztanleria mailan; Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.800 langile ditu, Euskal Elkargoak 1.400. Eta ez dut uste konpetentzia gutxiago dutenik. Ez noa funtzionarioen kontra, baina badugu arazo bat. Soziologoko guziek erraten dute: prozesu administratiboak prozesua aberasten du, eta autoelikatzen da, funtsezko misioetatik urrunduz. Behar dugu egitura arindu, egokitu, eta lurraldeei hurbildu; Baionatik deskontzentratu. Bestenaz, arriskua da gaurko egitura ez dadin gai izan bere efikazia frogatzeko, eta hori hausteko edo ahultzeko nahikeriak izan daitezen. Estatus bereziko lurralde elkargoa amesten dugu, garaian aldarrikatu genuena; baina, behar dugu erakutsi gai garela ongi kudeatzeko gaur duguna. Eta ez gaude baitezpada bide zuzenenean.

Etxegarairi kritika zuzena da.

Ez bakarrik. Ez dut pertsonalizatzen. Ez naiz politikari profesionala, ikusten dut ene ekonomia arloko egituratze esperientziarekin. Bazen parada asmatzeko start-up moduko arintasuna daukan XXI. mendeko egitura administratibo bat, zinez hurbila, arina, moldatzen dena, aldakorra den mundu batean. Iruditzen zait, XIX. mendean inspiratzen den administrazio ongi pisu eta zentral batean oinarritu direla lehen pausoak.

Agintaldi erdira iritsia da Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Zer bilan egiten duzue orain arteko agintaldiaz?

Alderdi mailan, ez dugu askorik aipatu. Nik, berriz, honela laburbilduko nuke: triste naiz frantsesentzat, baina frantziar zentralismo sistemak bere limite guziak erakusten ditu. Macron berrikuntza bat zen, esperantza sortu zuen eragile anitzentzat, baina, bere baitan biziki jakobinoa da. Alemaniar erara pentsatu eta frantziar sistema federal bat ezartzea interesgarria izanen zen. Ez gara batere joera horretan, alderantziz. Estatu zentralaren pisua indartu du. Krisialdi eta desoreka egoera honetan muturrak haztea dakar, eta biharamunak nahiko latzak izaten ahal dira. Euskal Herriarentzat ere, ondorioz.

Zer gaitasun du EAJk bere ahotsa Parisen entzunarazteko?

Galdera ona. Gaitasuna badugu, badirelako influentzia duten erabakitzaile batzuk ezagutzen gaituztenak, Franzia-Euskadi institutuaren bidez adibidez. Badira lotura batzuk berraktibatzen ahal liratekeenak, bereziki federalismoaren gaia hedatzeko. EAJ Europar alderdi demokratako kide da ere, Modem horren parte da; hor ere gure musika berezia entzunarazten ahal dugu. Besterik da entzunak garen. Europan gure aliatu den Francois Bayrouk [Modem alderdiko burua] ez dut uste bere logiziel zentralista aldatua duenik. Frantziak ez du aski sufritu bere zentralismoaz. Frantsesek bost urtero erregea botatzen badute ere, bost hilabetera berriz sinesten dute errege bat behar dutela. Nire ustez beste herrialde batzuekin landu behar dugu ideia hori, Bretainiarekin adibidez. Maila handiko agintariak ezagutzen ditut, eta nahi diet erakutsi zer den EAEko kontzertu ekonomikoaren boterea, nola funtzionatzen duen ekonomiak Hego Euskal Herrian, pentsa dezaten modelo hori egokitzen ahal luketela Bretainia mailan. Horrela, beste herrialde batzuen pisuarekin. Beharbada Frantziaren aldaketaren hastapen bat asmatzen ahal litzateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Antton Troitiño, 2018an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ©EFE

Etxerat-ek salatu du Troitiño espetxean daukatela oraindik

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Hamabortz egun igaro dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak euskal presoa eritasunagatik aske uzteko autoa sinatu zuenetik, baina oraindik ez dute Estremerako kartzelatik atera. Hirugarren gradua emateko autoa irmoa da joan den ortziraletik. Arreta «duina» eskatu du Etxerat-ek.

Izpegin jende andana bildu da pasabidearen zerratzea eta Frantziako indar militarren okupazioa salatzeko. ©BOB EDME

Izpegiko pasabideari, mugarik ez

Ainize Madariaga

Nafarroaren zatiketa salatzeko, berrehun lagunetik goiti bildu da Izpegiko lepoan. Frantziaren okupazio militarra ere gaitzetsi dute

Gaur eguerdiko prentsaurrekoa, Iruñean. ©Jagoba Manterola / Foku

«Ziklo bat ixteko garaia da»

Joxerra Senar

Altsasuko gazteek, haien gurasoek eta herri plataformak agerraldi bateratua egin dute Iruñean. Eskerrak eman dituzte azken lau urteetan jasotako elkartasunagatik. 

Imanol Satrustegi historialaria. Tesia egin du Nafarroako ezker iraultzaileari buruz ©Iñigo Uriz / Foku

Utopia helburu

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

NUPeko historialari Imanol Satrustegik 1970eko hamarkadako Nafarroako ezker «iraultzailea» aztertu du, hilaren 29an aurkeztuko duen tesian. «Iraultza xede hartzeak mobilizatzeko balio izan zuen».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna