Katalunia. Joan Queralt. Zigor Zuzenbidean katedraduna

«Indultua epaiaren parte da, eta ez haren berrikuspena»

Indultuak tramitatzerakoan Espainiako Auzitegi Gorenari edukia bainoago forma aztertzea dagokiola azaldu du Queraltek. Helegitea jar dezakeen bakarra fiskaltza da, haren arabera.

DANI CODINA.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Inori barkamena ematerakoan horretarako baldintzak ezartzea ez da ohikoa. Horregatik dio Joan Queralt (Bartzelona, 1951) Zuzenbide Konstituzionaleko adituak eta Zigor Zuzenbideko katedradunak «arraroa» dela Espainiako Gobernuak Kataluniako buruzagi independentista espetxeratuei indultuak eman eta, aldi berean, bere buruari atzera egiteko aukera aitortzea. Hori egiten duen lehen aldia dela dio.

Ondorio juridikoak dituen erabaki politiko gisa, zer iritzi duzu onartutako indultuez?

Baldintzatutako indultuak dira onartutakoak, eta hori arraroa da, indultuak ez baitira baldintzen arabera ematen. Jokabide arauak ezarri ohi dira, baina erabakia bera baldintzatu gabe. Hori da harrigarriena. Legeak dio indultuak atzeraezinak direla, eta baliteke kasu honetan ere arazoak eragitea puntu horrek; ikusiko dugu. Espainiara eta Kataluniara begirako neurria da hartutakoa. Pentsatzen dut [Espainiako] Gobernuak bi aldeak pozik utzi nahi izan dituela, ez bata eta ez bestea gehiegi sumindu gabe.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak indultuen aurka agertu izana izan daiteke arrazoi bat indultuak partzialak izateko?

Sedizio delituagatik indultua emateko, ez da beharrezkoa auzitegiarekin inolako kontsultarik egitea, eta hori garrantzitsua da. Justizia ministroak berak onartu zuen hori joan den astean. Auzitegiak uste duela indultuen kontrako jarrera hartu behar duela? Bada, oso ondo, horixe egin dezake, baina haren erabakia ez da loteslea, eta ez du zertan gobernuarena baldintzatu.

Berriz «delitu larriren bat» eginez gero, zigor osoa bete beharko dute indultatuek. Sedizio delitua erreformatu ezean, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia izango da neurgailua?

Arazoa da zuhaitzak oker jarraitzen duela, ez baitakigu zer sedizio egin zuten zigortuek. Europako Kontseiluaren atzoko [herenegungo] txostenak literalki dio sedizioak indarkeria eskatzen duela, eta Espainiak horregatik zigorrak jarri dituenean indarkeriatzat hartutakoa ez dela indarkeria. Hori kontuan hartzen ez bada, eraikuntza kontzeptual zeharo zentzugabeak egiten dira.

Madrilen hurrengo urratsa sedizio delitua erreformatzea izango dela uste duzu?

Dena klabe politikoan interpretatu behar dela uste dut, eta hurrengo pausoen zain egon. 3.000 errepresaliatu dauzkagu; Kontu Auzitegiak 29 kasu ditu aztertzeko hilaren amaierarako; eta eurodiputatuak erbesteratuta daude, nahiz eta teorikoki immuneak diren. Badirudi mundu guztiak onartu duela immunitateak Europa guztirako balio duela, Espainiarako izan ezik, eta hori zentzugabea da. Ezin da konponbiderik egon zigortuak, errepresaliatuak eta erbesteratuak dauden bitartean. Espero dezagun indultuena irtenbide bat lortzeko lehen urratsa izatea.

Espainiako Auzitegi Goreneko 3. aretoak onartuko du helegiterik?

Helegitea nork jartzen duen, horren araberakoa izango da. Fiskaltza da helegitea jar dezakeen bakarra, Estatuaren Abokatutzak indultuak defendatu beharko baititu, gobernua ordezkatzen duelako. Fiskaltzak inoiz ez die helegitea jartzen indultuei, eta, jarriko balu, lehenengo aldia litzateke. Zenbait alderdi politiko sekulako astakeria juridikoak esaten ari dira, indultua legez kanpokoa dela eta halakoak. Alderdiek ezin diote helegiterik jarri erabakiari; Voxek ere ez. Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea irakurri beharra dago. Lege horrek sindikatuak aipatzen ditu, baina ez alderdi politikoak.

Helegitea jarri nahi duten alderdiak erabakiaren kaltetuak direla diote, ordea.

Kaltetuak, izatekotan, prozesu administratiboan izango dira, eta ez auzi penalean. Vox bakarrik aurkeztu zen epaiketara, eta ez zen aurkeztu kaltetu moduan, herri akusazio gisa baizik. Hortaz, ez da kaltetua, ez delituagatik, ezta indultuagatik ere. Legearen arabera, auzitegitik kanpoko inork ezingo luke helegitea jarri. Kaltetua izateak kontzepzio juridikoa dauka, eta ez sentimentala. Emozionalki edo sentimentalki, jende askorentzat, preso politikoak kolpistak eta Espainiaren aurkako miserable batzuk izan daitezke, baina horrek ez du zilegitasun juridikorik ematen auzian esku hartzeko. Bikotekidearekin dibortziatzerakoan helegitea jartzea bezala da, erabaki horrek zure sentimenduetan eragin duela argudiatuta.

Gorenari ez dagokion arren indultuen inguruko balorazio politikorik egitea, tramite administratiboa aztertzera mugatuko da?

Auzitegi Gorenak berak aitortu duen bezala, indultuaren gaineko eskumena esklusiboki gobernuarena da. Gutxieneko betekizun formal batzuk jaso behar ditu, eta ondo arrazoituta egon behar du arrazoibideak. Horrek ez du esan nahi auzitegiak bat etorri behar duenik; soilik eskatzen du arrazoiketa ondo justifikatuta egotea.

Hala ere, Auzitegi Goreneko 2. aretoa harago joan zen maiatz hasieran, indultuen aurkako adierazpena plazaratu zuenean.

Adierazpen horrek bi gauza erakutsi zituen: batetik, edonork sar dezakeela hanka; eta, bestetik, areto horrek isilik geratzeko aukera on bat galdu zuela. Haren eskumenekoak ez ziren hainbat gairen inguruan hitz egin zuen; amnistiaz, esaterako. Indultua epaiaren parte da, eta ez haren berrikuspena. Hori da jendeak ulertzen ez duena. Indultatzea norbaiti barkamena ematea da, eta, hortaz, epaia onartzen da. Epairik ez balego, ez legoke indulturik.

Espainiako justiziaren izaera politikoa berresten du horrek?

Bai, noski. Auzitegia oso minduta dago, eta ez du ulertzen inor berak emandako epaia ukitzera ausartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.