Koronabirusa

Mugak aldatu dituzte

Ipar Euskal Herriko 7 eta 11 urte bitarteko umeek ez dute maskararik jantziko ikastetxean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan maskararekin segitzen dute LHn

Baionako Hiriondoko ikastolako haurrak, eskua altxatuta, maskarari buruzko iritzia eman nahian, atzo eguerdian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi - Irati Urdalleta Lete
Baiona Donostia
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
COVID-19ak baimenduta, pixkanaka ari dira neurriak malgutzen. Ikastetxeen txanda izan zen atzo. Ipar Euskal Herriko 11 urte bitarteko ikasleei maskara kendu zieten, baina jantzita segituko dute zaharragoek. Alderantziz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek eta Batxilergokoek erantziko dute, kanpoan daudenean eta distantzia mantenduta soilik; LH Lehen Hezkuntzakoek, aldiz, ez.

Maskararik gabeko lehen eguna zuten atzo Baionako Hiriondoko ikastolan. Hirugarren, laugarren eta bosgarren urteko ikasleak ikasgela berean ziren, eta aho batez erantzun zuten maskararekin ala gabe zer nahiago zuten: «Maskararik gabe». Eskua altxatu, eta bakoitzak bere iritzia eman zuen, gehienek maskara erabili beharraren kontra.

Baten iritziz, «ahotik eta sudurretik izerditzen» zuten; besteak zioen «arnasa hartzeko zailagoa» zela, eta beste batek, betaurrekoetan lurruna sortzen zitzaiola. Aurpegiak ezin ikusi ahal izatea eskas zuen neskato batek: «Ez dut maite: ezin dugu jendearen irriñoa ikusi; tristea da». Eta irakasleari araua behar bezala ez betetzea ere leporatu zion mutiko batek: «Ez da justua; erraten zuen maskara emateko, baina berak ez zuen ematen». Batzuek alde ekologikotik ere hartu zuten afera: «Ez dut batere maite; Lur planeta kutsatzen du». Ildo beretik jo zuen bere ikaskide batek ere: «Surf egitera joaten naiz, eta uretan badira maskarak».

Eta badira alde onak ere aurkitu dizkiotenak. Neskato baten hitzetan, «ongi zen hotza egiten zuelarik»; maskara hautsi eta ileetako goma bilakatu zitekeela ere iradoki zuen beste batek. «Nik pixka bat maite dut, gainean marrazkiak egiten ahal direlako», gehitu zuen mutiko batek.

Urte eta erdi da ikastetxeetan osasun egoeraren araberako neurriak bete behar dituztela, baina Idoia Datxari ikastolako zuzendariak atzo esplikatu zuen oro har «malgutasunez» aritu direla. Guraso anitzek deitoratu zuten maskara jantzi beharra, eta bilkura batean eman zituzten esplikazioak. Haren ustez, haurrek ulertu dute, orokorrean, baina bakoitzaren etxean dagoen iritzia ateratzen zaie gaia aipatzen hasita.

Ikastoletan hasieratik erabaki zuten «poliziarena» ez egitea. «Ez genuen egun osoa pasatzen kontrolatzen, eta guk ere kentzen genuen batzuetan. Azkenean, hizkuntza bat irakasten ari gara, eta biziki inportantea da aurpegiko adierazpenak ikustea», esplikatu zuen Oihana Larralde irakasleak. Osasunaren ikuspegitik ere sor zitzakeen arazoak aipatu zituen Datxarik: «Garbiketa aldetik lana eskatu du: zernahi maskara bazen lurrean. Aire hartzeetan kentzen zuten, eta batzuetan batak bestearena janzten zuen. Ezin zen erran osasun neurria zenik», ondorioztatu zuen. Atzotik aitzina, haurrentzat ez da baitezpadakoa izanen ikastetxe barnean maskara erabili behar izatea. Helduentzat ere neurria laster kenduko dutela espero dute, denak normaltasun batera itzultzeko gisan.

Aldaketa gutxi

Donostiako Zuhaizti eskolan Gorputz Hezkuntza egiten ari ziren atzo goizean goiz. Batzuk, alde batetik bestera lasterkan; besteak, baloiari ostikoka. Denek maskara aurpegian. Jaitsiz gero, laster abisua: «Sudur hori». Kartelek markatzen zuten gela bakoitzekoek nondik sartu behar zuten eskolara, eta geziek korridorearen zein aldetatik ibili.

Atzo sartu zen indarrean Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren protokolo berria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. DBHn eta Batxilergoan eragingo du gehienbat: ikasleek aire zabalean maskara kentzeko aukera izango dute, metro eta erdiko distantziara badaude, baita kanpoan «jarduera fisiko bizia» egiten dutenean ere. LHn, ordea, antzera jarraituko dute, malgutze txikiren batekin. Hala azaldu du Zuhaizti eskolako zuzendari Ainhoa Arzalluzek: «Ikusi dugun aldaketa nagusi eta bakarra hau da: maila bereko burbuilak elkar daitezkeela patioan; gelan, berriz, ez».

10:30 aldera, ikasleak ikasgelaka hasi ziren patiora jaisten, maskara soinean eta hamaiketakoa eskuan. «Bukatutakoan, jantzi maskara, eta jolastera», esan zien irakasle batek hamaiketakoa jaten ari ziren 6-7 urteko umeei. «Azken momentuan esan diet [taldeak nahas daitezkeela], ez aztoratzeko. Banekien hain gustura jarriko zirela...», zioen beste irakasle batek. Eta poz-pozik zebiltzan parkean alde batera eta bestera. Zahartxeagoei gehiago kostatu zitzaien; bazirudien ez zutela nahastu nahi. Baina minutu batzuen buruan, denak batera gustura.

Beraz, bere horretan jarraitzen dute neurri nagusiek. Arzalluzek aitortu du aldaketa gehiago espero zituztela: «Pentsatzen genuen, agian, aire zabalean maskararik gabe ibiliko ginela». Eta nola azaldu eskolatik kanpo maskara ken dezaketela baina patioan ez? Arzalluzen irudiko, umeek «erraz» barneratu dituzte arauak; ez hainbeste guraso batzuek: «Jaso ditugu kritikak esanez eskolatik kanpo neurriak lasaiagoak direla, eta zorroztu egiten ditugula. Esaten dugu Eusko Jaurlaritzaren protokoloari jarraitzen diogula, eta, aginduak ez baditu aldatzen, guk ezin ditugula aldatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.