Nekazarien protestak. EBren aurrekontua

Europako emaria txikituko da

Europako Batasunak diru gutxiago bideratuko du Nekazaritza Politika Bateraturako datozen zazpi urteetan. Aurrekontua eztabaidatzeko bilera gaur hasiko da, Bruselan

Sanna Marin Finlandiako lehen ministroa eta Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea, aurrekontua negoziatzeko bilera batean, otsailean. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herriko nekazarien etorkizuna Bruselan dago jokoan. Europako Batasuneko gobernuburuak hiri horretan bilduko dira gaur, datozen zazpi urteotako aurrekontua eztabaidatzeko. Bilera zehazki noiz bukatuko den ez dago orain jakiterik, baina bai, ordea, nekazarientzat ez duela berri onik ekarriko, txikitu egingo baita Nekazaritza Politika Bateraturako (NPB) diru saila. Eta ez gutxi.

53.000 milioi euroren murrizketa dakar EBko 27 gobernuburuek mahai gainean izango duten eztabaidarako proposamenak. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak joan den ostiralean egindakoa. Haren arabera, EBk 329.300 milioi euro gastatuko lituzke 2021-2027 epean NPBn. 2014-2020 epean, berriz, 382.500 milioi euro gastatu dituela kalkulatu dute. Hau da, %13,9ko murrizketa batekin doa Michel.

Proposamen horrekin, EBren aurrekontu komunaren %30 bideratuko litzateke nekazariei eta abeltzainei laguntzeko. Kopuru handia da, baina kontuan hartu behar da %70etik gora zegoela 1980ko hamarkadan. Baina horiek beste garai batzuk ziren, beste batzuk direlako orain lehentasunak.

1958an Europako Ekonomia Erkidegoa sortu zenean, lehentasuna zen gerra batetik txikituta atera ziren kontinente batean herritarren elikadura ziurtatzea, eta, horretarako, politika interbentzionista eta produktibista finkatu zuten. Gehiago ekoiztea eta bertako ekoizleak babestea zen helburua.

Gosete arriskurik ez dago orain, baina bai bete beharreko zulo asko. Europa ekialdeko eta erdialdeko herrialdeek EBren laguntza behar dute mendebaldearekiko atzerapena txikitzeko, kohesio edo bateratasun funtsen bidez. Iparraldeko eta mendebaldekoek, berriz, diru gehiago bideratu nahi dute Txinaren eta AEBen arteko lehia teknologikoan atzean ez geratzeko. Eta Europako Batzordeak guztiei gogorarazi nahi die klimaren aldaketaren aurkako borrokak denen lehentasuna izan beharko lukeela.

Michelen proposamena bere horretan aurrera ateratzea zaila dirudi, NPBk aitabitxi boteretsu bat duelako: Frantzia. Baita hari laguntzeko prest dauden aliatu asko ere: besteak beste, Italia, Espainia, Polonia eta Irlanda. Hortaz, baliteke azkenean murrizketa ez hain handia izatea, baina murrizketa izango dela ez du inork auzitan jarri.

NPBren erreforma

Bruselako bilerak —edo akordiorik ezean, EBko buruek egin beharko duten bigarren bilerak— erabakiko du zenbat diru dagoen NPBrako. Baina beste kontu bat da NPBren diruak nola banatuko dien, nekazaritza politika aldatu nahian dabiltzalako.

Bi taldetan banatzen dira orain NPBren laguntzak. Lehen zutabea izenekoa da garrantzitsuena, azken urteetan bost eurotik bat jaso duelako. Hor sartzen dira nekazariei eta abeltzainei ematen zaizkien laguntza zuzenak eta oraindik araututa dauden merkatuak sostengatzekoak ere. Bigarren zutabea, berriz, landa garapenera lotuta dago: lurralde oreka, ingurumenaren babesa, mendiko laborantzaren laguntza eta ekoizpen ekologikoa sustatzen ditu horrek, besteak beste.

NPBren arazoetako bat da lehen zutabeko laguntzak ez daudela erabat lotuta ekoizpenari, ekoizteko ahalmenari baizik. Hau da, diruaren zati handi bat ez dutela nekazari profesionalek jasotzen, lur jabe handiek baizik, beren lurrekin edozer eginda ere. Eskubide historikoek ere pisu handia dute: behin laguntza jasoz gero, errazagoa da jasotzen jarraitzea, sektorean ez arituta ere. Azken finean, erretiro apalak osatzeko laguntza bilakatu da laborari askorentzat.

Nafarroan, esaterako, 13.000 lagunek jaso dituzte azken urteetan NPBren laguntzak, baina horietatik 5.000 baizik ez dira nekazari eta abeltzain profesionalak .

Euskal Herriko nekazarien eta abeltzainen sindikatuek eskatu dute laguntzak ekoizleentzat izatea, hartara gera daitekeelakoan sektoreak bizi duen odolustea. Jarrera horrekin bat egiten dute, oro har, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Antzeko mezua zabaldu dute Espainiakoeta Frantziako gobernuek, baina, praktikan, ez dute hain garbi jokatzen.

Michelen proposamenak 256.700 milioi bideratu nahi ditu lehen zutabera (%78) eta 72.500 milioi bigarrenera (%22).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.