SAIOA ITXI

Hasiera / Gizartea

Koronabirusa

«Nekatuta, ezin denera iritsi»

Erietxeei begirako kezka berehala eragin ohi du izurriak, baina lehen mailako arretako lan «presioari» buruzko kezkak ere ozentzen ari dira; irmo ari dira arloko osasun langile ugari
Bi pertsona Errenteriako osasun zentrora sartzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU

Arantxa Iraola

2020ko urriak 22
«Oraintxe bertan lehen mailako arretan lan zama ia eramanezina da». Erizainen SATSE sindikatuko Nafarroako ordezkari Mari Jose Algarrarena da aldarria: «Alarma egoera bertan behera geratu zenetik, behin baino gehiagotan salatu dugu ezarri ziren protokoloek ez dutela lagundu kontsultak arintzen; justu kontrakoa, are gehiago atzeratu dira». Erietxeetako egoera zer-nolakoa den jakiteko izaten dira maiz, COVID-19 kasuak ugaritu ahala, hedabideetako goiburu asko. Lehen mailako artaren egoerari buruzko kezkak ere agerikoak dira, ordea. ELA sindikatuko ordezkariek atzo bertan eskatu zuten, adibidez, plan bat lehen mailako arretako zentroetan lan baldintza «duinekin» jardun ahal izateko; lan egiteko era aldatuta ari direla azaldu zuten, sarri telefono bidezko artara bideratuta ari direla, baina «presio» handiarekin. Osakidetzan langileak egiten ari diren mobilizazioetan ere presente dago aldarri hori, etengabe.

Orokorra da ezinegona. Nafarroako SATSEko ordezkariek lehengo astean adierazi zuten grebaren «atarian» daudela, eta administrazioari neurriak eskatu zizkioten. Ildo berean, Efekaze Euskadiko Familiako eta Komunitateko Erizaintzaren Zientzia Elkarteko eledun Gloria Santosek adierazi du Osakidetzako zentroetan ere zaila dela egoera: «Gainkarga handia da. Nekatuta gaude, ezin denera iritsi gabiltza».

Erizainen aldarrien artean dago profesional gehiago kontratatzea. Hain zuzen ere, Nafarroako SATSEk gobernuari egiten dion eskarietako bat da. «Administrazioak bere erabakiak argudiatzen ditu esanez ez dagoela aski profesional arloan; baina kontratazio zerrendetan agertzen dira lanerako prest dauden erizainak, eta ez dituzte deitzen. Eta badira kontratuei uko egiten dieten erizainak ere; eskaintzen diren lan baldintzak oso txarrak dira, eta ez daude prest pandemiaren gordinean izan zituzten lan baldintzetan berriz aritzeko», azaldu du Algarrek. Santosek ere nabarmendu du lantaldeak handitzea ezinbestekoa dela lan jarduna egokia izan dadin: «Guk jende gehiago eskatzen dugu lan egiteko».

Gero eta lan gehiago

Egin beharrekoen zerrenda etengabe luzatzen ari zaiela azaldu du Algarrek: «Erizainok lehen dagoeneko nahiko lan izaten genuen agendan genituen guztiak egiteko, eta orain lan horiei erantsi behar zaizkie COVID-19a, gripearen txertaketa kanpaina eta hainbat lan administratibo, berez sendagileei dagozkienak». Santos bat dator, eta gogoratu du izurriak ekarritako lan gehigarriei konfinamenduak atzeratutakoak erantsi behar zaizkiela. «Izan ere, gaixo kroniko asko hor erdi zintzilik geratu ziren, eta haien artari berriz erreparatu behar diogu orain. Gripearen txertaketa indartzea ere badagokigu. Hori guztia, batera, gainkarga da». Gehiegizkoa: «Ez dakit noiz hasiko garen denak erortzen antsietateak eta depresioak jota». Lan zamaz gain, lana behar bezala egin ezina ere sentitzen dutela azaldu du Santosek; lehen, adibidez, eri kronikoei arta estuagoa ematen zietela gogoratu du, asti gehiago izaten zutela eta, ondorioz, samurrago jarduteko era: «Oraingo sistemak ez digu uzten».

Santosek oroitu du, adibidez, gripearen txertaketa bera paziente askorengana hurbiltzeko erabiltzen zutela: «Osakidetzak orain esan du, ordea, minutu batean edo bian txertoa jartzeko; txertaketa masibo bat da». Lehen mailako arretan adineko paziente asko dituztela azaldu du, eta ezinbestekoa dutela osasun sistemaren arreta gertukoena: «Oraintxe bertan oso garrantzitsua da pertsona askori beren burua zaintzen laguntzea; adineko pertsona askorentzat, adibidez, orain erietxea ez da tokirik egokiena. Etxebizitzan, ahal bada, hobeto daude». Lehen mailako arta kalitatezkoa beharrezkoa dute horretarako. Algarrek berretsi du lanaren kantitatearekin ez ezik, kalitatearekin kezkatuta daudela. «Kalitatea galdu gabe ahalik eta paziente gehien artatzeko helburua ezin da bete gaur egun erizaintzan».

«Inurrien» lana

Mikel Baza familia eta komunitate medikua da, arloko profesionalen Osatzen elkarteko zuzendaritzako kidea. «Azken hilabeteak gogortxo doaz», onartu du. Azaldu du lan karga handitu egin duela epidemia oraino hor dela izurriaren garairik gordinean atzean utzi ziren lanak berreskuratzeak, eta ahulguneak agerian geratu direla. «Azken hamarraldian ez zaizkio behar ziren baliabideak eman lehen mailako osasun arretari, eta estres proba bat hau izan da; lehen olatuan gainditu genuen, larrialdi egoera batean, baina hilabete haietako intentsitate mailari ezin diogu eutsi». Orduan arta telematikorako urratsak eginda, argi du orain aurrez aurreko arta berreskuratzea lehentasun bat dela; utzitako lan askori berriz ekitea, beste bat. «Ahulenak gure lehentasuna dira». Hortik eskea: «Ez da egon benetako apustu politikorik lehen mailako arretaren alde; lehentasun bat dela onartzea behar dugu». Izurria hesitze aldera egiten duten «inurri lana» ere ezinbestekoa dela oroitu du: «Gu ari gara eusten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna