Koronabirusa. Errusia

Txertoa hartzea Sputnik V-ren herrian

Txertatzeko kanpaina hasi, eta arindu egin dituzte birusaren kontrako neurriak Errusian. Halere, uda hasieratik, ohikoa da jendea ikustea elkar besarkatzen eta taldean bidaiatzen.

Errusiako herritarrak Moskuko Plaza Gorrian, iragan otsailean, izotz patinajea egiten, neurriak arindu ostean. S. ILNITSKY / EFE.
Alex Bustos
Mosku
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
COVID-19aren txertoa prest zeukatela iragarri zuten lehen herrialdeen artean, Errusia izan zen aurrena: Sputnik V txertoa. Hasiera hartan, kritika ugari egin zizkioten, zientzialari errusiarrek oso datu lausoak eman zituztela-eta, eta txertoa oso jende gutxirekin probatua zutela-eta, baina, lehen errezelo haiek gorabehera —Mendebaldekoak ibili dira mesfidati batez ere—, Lancet zientzia aldizkariak txerto horren proben emaitzen berri eman du, eta adierazi du %91,6ko eraginkortasuna duela.

Gamaleya laborategiaren produktu hori aurkeztu zutenean, Errusiak Mendebaldearen aldean izandako arrakastaren erakusgarri gisa aurkeztu zuten, zeren Mendebaldeak garai hartan ez baitzeukan oraindik txerto bakar bat ere prest. Moskuk hainbat herrialdetan saldu du txertoa: Argentinan, Mexikon, Venezuelan eta Latinoamerikako beste estatu batzuetan; gertuko zenbait herrialdetan, hala nola Bielorrusian; eta baita Ekialde Hurbilean, Indian eta Hungarian ere. Hain zuzen, Hungaria da Europako Batasunean (EB) Sputnik V erabiltzen ari den herrialde bakarra.

Txertatzeko kanpaina hasi, eta arindu egin dituzte birusaren kontrako neurriak Errusian. Gobernuak dioenez, lau milioi biztanlek —hots, herritarren %4k— hartua dute jadanik Sputnik V txertoa. Herrialde osoan egiten ari dira kanpaina, batez ere Moskun, bai ospitaleetan eta bai horretarako berariaz egokitutako lekuetan, hala nola merkataritza guneetan.

Medikuek eta irakasleek txertoa hartu beharra daukate, baina, hortik harago, edonork har dezake, kanpainarako egokitutako edozein tokitara joanda: pasaportea erakutsi besterik ez da egin behar, eta doakoa da; gainera, atzerritarrei ere ematen diete.

Halako zentro batean lanean ari den mediku batek dioenez, kalkulatu dute hiriburuan bertan 40.000 lagun inguru txertatu dituztela dagoeneko, eta erantsi du «ederki» doala kanpaina, nahiz eta ez dakiten zenbat denbora beharko duten hura burutan ateratzeko.

Birusaren aurkako borroka

Txertoa plazaratu zutenean, arindu egin zituzten herrialdean ezarritako mugak; nolanahi ere, sekula ez ziren izan munduko beste leku batzuetan bezain gogorrak. Badaude neurri batzuk indarrean, eta lehen olatuan konfinamendua ezarri zuten, bai, baina inoiz ez zaie burutik pasatu berriz ezartzea, ezta datuak okertu izan direnean ere. Errusiarrak ez dira ibili Europako bizilagunak bezain kezkatuta, eta, nahiz eta jendeak oro har bete egin dituen arauak, hala agintariak nola herritarrak laxoago hartzen hasi dira birusetik babesteko neurriak.

Hain zuzen, uda hasieratik—txertoa atera baino lehenagotik—, ohikoa da jendea ikustea elkar besarkatzen, taldean bidaiatzen, maskara jantzi gabe edo gaizki jantzita eta abar. Izan ere, udaz geroztik, nahiz eta muga batzuk indarrean egon, aukera izan da herrialde barruan bidaiatzeko, kirol eta kultur ekitaldiak egiteko, gaueko aisiarako, etxe barruan jendea biltzeko eta halako beste zenbait gauza egiteko.

Urtezaharra hurbildu ahala—horixe da Errusiako festarik garrantzitsuena—, orduan bai, zenbait muga ezarri zituzten, hala nola dantzalekuak ixtea, jatetxeak eta tabernak ixteko ordua mugatzea, eta kultur eta kirol ekitaldietako publikoari ere mugak jartzea.

Urtarrilaren 22an, ordea, ia guztiz bertan behera utzi zituzten muga haiek, eta gaueko aisialdia martxan dago berriro Errusian, nahiz eta urtarrileko garai hartan 20.000 infektatu inguru detektatzen zituzten egunero. Otsailaren 17an erregistratu zituzten lehen aldiz eguneko 12.000 kutsatu baino gutxiago, eta Moskuko alkate Sergei Sobianinek adierazi zuen ezen, segur aski, hiriko biztanleen erdiek-edo pasatua zutela ordurako birusa. Ofizialki, 12,5 milioi biztanle ditu Moskuk.

Isiltasunaren legea

Badira zenbait arazo medikuntzako langileen lana zailtzen ari direnak, eta hiriburuaren eta gainerako lekuen artean dagoen desoreka da horietako bat.

Oso herrialde zentralizatua da Errusia, eta eskualdeetan ez dute hainbesteko baliabiderik pandemiari aurre egiteko. COVID-19aren krisia hasi zenetik, tartean-tartean, biral egin dira bateko eta besteko ospitaleetan grabatutako zenbait bideo, non ikusten baitzen zer egoera kaskarrean zeuden erietxe batzuk eta nola batzuetan korridoreetan edo eskaileretan zeuzkaten gaixoak.

Zenbait medikuk, are, salatu zuten ez zeukatela behar adina material, eta zeukatena ez zela kalitate onekoa. Maiatzean, lan baldintzez kexatuak ziren hiru medikuk beren buruaz beste egin zuten ustez: nork bere ospitaleko leiho batetik bota zuen bere burua, eta haietako batek, bere burua hil baino egun batzuk lehenago, bideo bat ere egin behar izan zuen aurrez egindako kexak zuzentzeko.

Eta jende gehiago ere isilarazi dute Errusian pandemiak izan duen intzidentziaren datu ofizialei kontra egiteagatik. Besteak beste, San Petersburgoko heriotza tasaren datuak moldatu zituzten —kopuru ofiziala halako hiru baitzen benetako kopurua—, eta Baxkiriako eskualdeko zenbait kazetari ere isiltzera behartu zituzten.

Izan ere, milaka heriotza bat-bateko erregistratzen ari ziren garai hartan, datu ofizialek zioten 69 lagun hil zirela koronabirusaren ondorioz, eta datu hura gezurtatu zuten kazetariei isuna jarri zieten.

Datorren bizimodua

Ia pandemia hasi aurretik bezalaxe bizi dira Errusian. Jende askok nahitaez erabili behar du maskara lanean, baina kalean apenas ikusten den halakorik.

Badira oraindik muga batzuk kirol eta kultur ekitaldietan, baina errusiarrek aukera dute atzerriko zenbait herrialdetara bidaiatzeko, hala nola Greziara, Erresuma Batura, Serbiara eta Suitzara. Leku publiko askotan, jada ez dago maskara eraman beharrik; Udmurtiako errepublikan hasi ziren lehenbizi neurri hori kentzen.

Errusiako txertoak mesfidantza piztu zuen nazioartean, hirugarren fasea igaro gabe onartu zutelako. Errusiarrek berek ere gaizki begiratzen zioten hasieran Sputnik V-ri, eta, abenduan, txertatzeko kanpaina hasi eta gutxira, herritarren %52k esaten zuten ez zutela txertoa hartu nahi. Sobianinek bai: hartu egin nahi du. Segurua dela uste du, «Errusiak eskarmentu handia duelako txertogintzan», eta ahal bezain laster jarriko omen du.

Gaur egun, ordea, txertatze kanpaina hasia izan eta informazio berria zabaldu den arren, errusiarrak are gutxiago fidatzen dira txertoaz, eta, Levada iritzi institutuaren arabera, biztanleen %58 inguruk ez lukete hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.