Barkos: «Indarra dut hautagai izateko»

Nafarroako lehendakariak azaldu du hurrengo agintaldian lauko gobernuarekin jarraitu nahi duela. Hiru urteko balantzean, datu ekonomiko onak azpimarratu ditu, lanpostuen sorrera tarteko

Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz, Olatz Azpirotz Larzabal
Iruñea
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gobernu aldaketaz geroztik Nafarroa «sendoagoa» dela uste du Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak. Haren esanetan, egonkortasunari esker indartu da Nafarroa, batez ere ekonomiaren eta gizartearen esparruetan. Gobernuak agintaldiko hiru urteetako balantzea aurkeztu du. Lehendakariaren irudiko, egonkortasuna gobernuaren ekintzan zein topaketa politiko eta parlamentarioan izan da garaile, eta horrek ahalbidetu du, bereziki, aurrekontuak «garaiz eta behar den moduan» hitzartzea.

Adierazi du enplegua sortzea eta kontu publikoak onbideratzea izan zela lehen erronka agintaldiaren hasieran, eta asmatu dutela orduko egoera kezkagarriari erantzuten. «Apokalipsi ekonomikoa iragartzen zutenei erantzuna eman ahal izan diegu», esan du. Horrela, aurreko gobernuak urteetan izandako «gelditasuna» eta «utzikeria» salatu ditu Barkosek.

Hainbat ekintza publikoren bidez, enplegu sozial babestuen inbertsioa tarteko, lanpostu «errealak» sortzea lortu dutela azaldu du, eta, batik bat, Gizarte Segurantzako afiliazioan antzemangarria dela hori. Gobernuak emandako datuen arabera, 10.857 langabe gutxiago daude egun, 2015eko uztaileko datuekin alderatuta. Agintaldian enpresak sortzeko joera ere ikus daiteke datuetan. Etorkizunari begira, hala ere, nabarmendu du enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzeko berehalako erronka dutela buruan.

Altxortegiari erreferentzia eginez, azpimarratu du lortutako hobekuntzak ez direla «ausazkoak», «erantzukizun politikoaren ondorio» baizik. Azaldu duenez, Nafarroak estatuari ordaintzen zion gehiegizko diru hori moldatzea lortu dute zorra negoziatuta: Madrili egin beharreko ekarpena eguneratu ondoren, foru kutxan 30 milioi euro aurreztu dira, azaldu duenez.

Bizi, eraiki eta aurrera egin

Datu horiek eskuartean, Nafarroako lehendakariak uste du aurrerapen onuragarriak egin direla gizarte osoarentzat: «Hau da interes orokorraren alde lan egitea». Galderen txandan, kazetari batek haren abertzaletasunaz itaun egin dio Barkosi, argudiatuta horrek «herritar guztientzat gobernatzea» zaildu dezakeela. Lehendakariak erantzun du bere abertzaletasunak ez duela arazorik sortzen «gizarte osoarentzat gobernatu ahal izateko», eta gaineratu du herritar guztiek «pozteko motiboak» dituztela, datuen argitara. «Abertzaleak izan ala ez».

Gobernuak eragindako aldaketak hiru ekintza printzipiotan oinarritu dira, Barkosek azaldu duenez: «Bizikide izatea, eraikitzea eta aurrera egitea». Alde horretatik, gobernuak beharrezkotzat jo du sentsibilitate eta identitate ezberdinak elkarrekin bizitzea, «garapenerako zimendu sendoak» eraikitzea, eta, aurrera begira ere, aldaketari eustea, «Nafarroari indarra eta sinesgarritasuna» emate aldera.

Uxue Barkosek orain arteko bide berean jarraitzeko asmoa azaldu du agintaldiaren azken txanpa honetan. Halaber, esan du lauko gobernuarekin jarraitzeko nahia duela hurrengo urteko foru hauteskundeei begira. Legealdiaren hasieran lau indarrez osatutako gobernua asko kritikatu zuten, baina «erabaki ona» izan zela deritzo. «Formula ona ez, onena dela uste dut», baieztatu du. Dena den, argi adierazi du gizarteak definituko duela, bere botoekin, formula hori zein izango den.

Formatua edozein izanda ere, lehendakariak gobernuko buru izaten segitu nahi du. Baieztatu du bere koalizioko zerrendaburu aurkeztea gustatuko litzaiokeela, taldeak horretarako babesa ematen badio. Bigarren agintaldi batean gobernuburu aritzeko gai dela adierazi du: «Indarra bakarrik ez, pasioa dut jardun honetan jarraitzeko».

UPN: «Gezurretan ari da»

Oposizioak oso bestelako ikuspegia izan du Barkosen agerraldiaz. UPNko Javier Esparza izan da iritzia ematen lehena. Oharrean «hiritarrak manipulatzea eta engainatzea» egotzi dio Barkosi, aurkezpenean erabilitako datuak «era bidegabean eta iruzurrezkoan erabili» dituelakoan. Hala, 2018ko datuak duela hiru urtekoekin alderatu ordez, krisia baino lehenagoko datuekin alderatu beharko lituzkeela adierazi dute. Lehendakariak agerraldian erabilitako «bizikidetza» terminoaren kontra ere azaldu dira, «ezinezkoa delako» bizikidetza sustatzea, UPNren esanetan, «ETAren jarduna kondenatu ez dutenekin eta Altsasuko gazteen alde jartzen direnekin».

Bestalde, PSNk Barkosi egotzi dio datuak «bere burua txalotzeko» erabiltzea. Nafarroako Gobernuak sortutako lanpostu guztiak «hiperprekarioak» direla eta agerraldia «makillaje hutsa» izan dela esan du Maria Txibitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.