Koronabirusa

Ireki eta itxiko den atea

Osasun neurri malguagoak dira atzotik Euskal Herrian, batez ere joan-etorriei dagokienez. Hirugarren olatuaren beldurrak, ordea, familien bilkurak baldintzatuko ditu.

Julen Irijalba Ugalde Algortan bizi da emaztearekin eta alabarekin; irailetik ez da itzuli Zarautzera. BERRIA.
jon ordonez garmendia
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Itxiera perimetrala atzo amaitu zen Euskal Herrian, eta atzotik azken hilabeteetan senideak ikusi ezin izan dituztenek irekita dauzkate mugak horretarako. Ahizpak, semeak, ilobak... Udazkena bereziki izan da gogorra familia beste lurralde batean izan dutenentzat. Bizilagun eta lankideei ez bezala, maite dituztenen ondoan edo aurrez aurre egotea galarazi die muga horrek. Eguberrietan izango dute aukera, baina ate hori irekitzeak zer ondorio izango dituen ere kezkatzen ditu.

ITZIAR GONZALEZ Ahizpa Basaurin duen iruindarra

«Ilusioa bai, baina beldurra ere badugu»

Gaur du eguna Itziar Gonzalezek (Iruñea, 1997). Erizaina da, eta urte gogorra izan du lanean, «pandemiaren kontrako lehen lerroan». Gaur arratsaldean, ordea, neke guztiak ahaztuko ditu, arratsaldean Nerea ahizpa, Aitor koinatua eta, batez ere, Irati haur jaio berria Basauritik (Bizkaia) Txantreara iristen direnean. Martxoaren 16an jaio zen iloba, lehen olatuaren konfinamenduaren hasieran, eta geroztik hiruzpalau aldiz soilik ikusi ahal izan du. Azkena, irailean. «Jaiegun batzuk nituen, eta oporretara bidean Basaurin geratu ginen ahizpa eta familia ikustera». Udaldiko aste bat edo bi, asteburu solteren bat eta oporretarako bidean eginiko geldialdi hura; izeba izan berri den batentzat oroitzapen gutxi dira horiek ilobaren bizitzaren lehen urtebetean; are eta gehiago aintzat hartuta Iruñea eta Basauri artean 153 kilometro daudela, eta bi ordura iristen ez den bidaia bat.

Zortzi urte daramatza Itziarren ahizpak Basaurin bizitzen, eta aurten izan dute berak eta bikotekideak umea. Ez zaio urte samurra tokatu Iratiri jaiotzeko. Izeba erizainak aurreikusi zuen hori, martxoaren erdialdea baino lehen; eta ez soilik lanean ikusten zuenagatik, baita ordurako jada bazekielako ere zer zen COVID-19aren eraginez etxean geratzea. Irati jaio zenerako, koinatuaren gurasoak konfinatu egin zituzten positibo batekin harreman zuzena izan zutelako, eta Itziarrek berak ere konfinatu egin behar izan zuen, bere lankide bat positibo baten kontaktu zuzena izan zelako. Erditzeko eguna atzeratu egin zen, baina konfinamenduak ez ziren horretan geratu. Hego Euskal Herrian, martxoaren 15ean sartu zen indarrean etxealdia, eta biharamunean jaio zen Irati.

Ilusioz dago Itziar Gonzalez, iloba berriro besoetan hartzeko zain. Baina baita beldurrez eta kezkaz ere: «Zer gertatuko da gero? Noiz ikusi ahal izango dugu berriro elkar?». Itziarrek aitortzen du etsipena, bigarren olatuan egoera zein den ikusita. Lehen olatua askoz hobea izan zela dio. «Orain hirugarrengoaren zain gaude jada. Etsigarria da». BERRIAri azaldu dionez, bere amarentzat izan da zailagoa familiarengandik urrun egotea. «Ikusten duzu lokalak ireki dituztela, jendea kalera ateratzen dela, eta guk maskara jantzita ere ezin ditugu ikusi senideak. Tafallan biziko balitz, bai, baina...».

Nafarroan atzo amaitu zen itxiera perimetrala, eta, Euskal Herriko familia askok bezala, egun hauek dituzte berriro elkartzeko Itziarren etxean. Abenduko azken asteak ere ez dira errazak izan haientzat, neurri dantza eta espekulazio artean. Eguberriak zetozela, ezingo zirela ospatu, baldintza zorrotzak egongo zirela, malgutasuna izango zela... Gaurtik 31ra arte igaroko dituzte Eguberriko egunak Nereak eta bere familiak Iruñean.

JULEN IRIJALBA UGALDE Algortan bizi den zarauztarra

«Baimena badugu,baina merezi al du?»

Sorterrira itzultzeko egunak dira Eguberriak Julen Irijalba Ugalderentzat (Zarautz, 1994). Algortan (Bizkaia) bizi da, emaztearekin eta 3 urteko alabarekin, eta neguko oporraldia gurasoen etxera joateko baliatu izaten du. Aurten, ordea, ez da hala izango, eta Urtezahar gauera arte itxarongo du gurasoenera joateko. «Baimena badugu jada joateko, baina eta gero zer? Merezi al du?».

Irailean egin zuen azken bisita Zarautzera. Hileko lehen ostiralak ospatzen ditu lagunekin, eta iraileko ostiral hura izan zen azkena beretzat. Egin dituzte udaberrian bezala bideo bilerak lagun artean, baina galera agerikoa zaio ahotsean: «Ez da gauza bera. Harremana galdu dut». Irailaz geroztik, Irijalbaren gurasoak joan zaizkie pare bat aldiz Algortara berari eta bikotekideari alabaren zaintzan laguntzera, horretarako idatzizko baimena eskuan hartuta, baina ez dute gehiago ikusi elkar. «Gurasoak osasuntsu daude, eta esan zidaten ondo zeudela eta ez joateko. Baina anaia, koinata, iloba... Familiarengandik urrun egonda gauza asko galtzen ari naizela sentitzen dut».

Urtezahar gauean eta Urteberri egunean elkartuko da Irijalba Zarauzko familiarekin. «Koinata haurdun dago, eta errespetua ematen dit joateak. Baina amak egun horretan baietz esan du, eta halaxe egingo dugu. Etxean bilduko gara, maskararekin». Bidaia azkarra izango da: errege eguna ere ospatzeko ohitura dute Irijalba-Ugaldetarren etxean, baina aurten ez dute hala egingo. Eguberrietarako ezarritako neurriek ez dute ezustean harrapatu, nolanahi ere. Itxura txarra hartzen zion etor zitekeenari, eta familia ikusten esperantza handirik ez zuela aitortzen du. Haren iritziz, neurriek zorrotzagoak izan behar zuten hasieratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.