Koronabirusa

Ezinegona Leitzan

2.500 herritar ingururi PCR probak eginen dizkiete gaur eta bihar, herriko kiroldegian. Borondatezkoa da proba egitea, baina herritar askok eskatu dute ordua joan den egunetan.

Leitzako bizilagun batzuk kalean, atzo. UXUE REY GORRAIZ.
Uxue Rey Gorraiz.
Leitza
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Kezka eta beldurra dira nagusi Leitzako karriketan. Lehendik ere, herritarrak jakitun zeuden koronabirus kasuek nabarmen egin dutela gora azken asteetan, baina ezinegona are eta gehiago hazi da egunotako datuak ikusitakoan: abuztuaren 26tik irailaren 2ra bitartean, 39 koronabirus kasu antzeman dituzte herrian, udalekoek jakinarazi dutenez. Horiek horrela, birusaren hedapena geldiarazteko neurriak hartu dituzte: batik bat, PCR proba egitera deitu dituzte 15 urtetik gorako lagun guztiak.

«Beldur handia diot kutsatzeari. Lasai izan gara orain arte, baita konfinatuak egon garenean ere, baina, orain, kezka oso handia da». Fermin Zubillaga leitzarrarenak dira hitzak. Ostegunean eskatu zuen ordua PCR proba egiteko, eta, dioenez, gauza bera egin dute bere hurbileko askok ere; «gazte zein helduek».

PCR proba egitea ez da derrigorrezkoa, borondatezkoa baizik. Hala eta guztiz ere, herrian «bahetze orokorra» eginen zela iragarri zutenetik, proba egin dezatela eskatu die udalak herritarrei. Izan ere, Mikel Zabaleta alkatearen esanetan, hori da «elkar zaintzeko» bidea. «Arduraz jokatzen segitzeko eskatu nahi diegu, eta, momentu honetan, PCR proba egitea da horrela jokatzeko modurik hoberena», adierazi du Zabaletak. Halaber, «pazientzia pixka bat» galdegin die leitzarrei, jakitun baitago zaila izaten ari dela ordua eskatzea, jende asko ari delako aldi berean arreta telefonora deitzen.

Hala gertatu zaio, esate baterako, Ainhoa Telletxeari. Deika eta deika aritu da zenbaitetan, baina ez du lortu inork erantzutea oraindik. «Jende askok egin nahi du proba. Bistan da: telefono linea gainezka dute une oro», kontatu du Telletxeak. Dioenez, behintzat «seinale ona» da hori, esan nahi baitu jendea ohartu dela egoeraren «larritasunaz». Hala uste du alkateak ere: «Oso ongi ulertu dute egoera: asintomatikoak diren gaixo asko egon daitezke herrian, eta, segur aski, horren ondorioz gaude gauden bezala, hein batean», adierazi du Zabaletak.

Egunetik egunera egoera okertzen ari dela ikusi zutelako hartu zuten Leitzako Udaleko kideek PCR probak egiteko eta neurri murriztaileak ezartzeko erabakia. Zabaletak azaldu duenez, kasu positiboen hedapena «oso plurala» da herrian, hau da, askotariko jendeari eragin dio eta «ugari» izan dira sorburuak. Hori dela eta, jende askori proba eginez baizik ezin da kutsaldia egoki kontrolatu, alkatearen arabera.

Leitzako Udala eta Nafarroako Gobernua elkarlanean aritu dira herriko kasuen gorakada geldiarazteko ahaleginetan, eta, Zabaletaren arabera, gobernuarekin izandako harremana «hurbila izan da hasieratik». Gobernuak bidaliak dira material gehienak, baita osasun langileak ere. Hala ere, alkateak azpimarratu du udalak eta leitzarrek prestatu dituztela azpiegiturak herriko kiroldegian. Gaineratu du, bestalde, agerian gelditu dela «herritarren ikaragarrizko borondate ona», eta horri esker erdietsi dutela espazio seguru bat bermatzea, besteak beste.

Mugak, bazterrik bazter

Hamabost urtetik gorako herritarrei eginen zaizkien PCR probez gainera, beste neurri murriztaile batzuk ere ezarri dituzte datorren hamabostaldirako. Aisialdiaren ingurukoak dira gehienak, espazio jakin batzuetan egon daitekeen pertsona kopuruarekin lotura dutenak.

Jarduera asko mugatuta izanagatik ere, Leitzako Amazabal ikastetxean atzo hasi zuten ikasturtea, hain justu hedabide zein inguruko herritarrek begiak Leitzan josiak dituztenean. Urduritasuna zen nagusi, ikasle eta irakasleen artean: «Ikasturte hasierak beti dira gogorrak, baina aurtengoa gogorragoa da, nabarmen. Inork ez daki nolakoa izango den urtea, ezta zer baliabide izango dugun ere», azaldu zuen institutuko irakasle batek, egoerak kezkatuta.

Bien bitartean, ondoko ikastetxean, Erlete eskolan, hitzaldi bat zuen antolatua zuzendaritza taldeak ikasleen gurasoentzat, segurtasun neurrien berri emateko. Astelehenean hasiko dute ikasturtea, eta «ezinegona»ahalik lasterren arindu dadin nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.