Lo egiteko baino gehiagorako

Gasteizko Goikolarra auzo berriko bizilagunek gutxieneko zerbitzu publikoak eskatu dizkiote udalari. Nabarmendu dute osasun etxea eraikitzea dela «premiazkoena».

Arelegi auzo elkarteko kideen bilera. UNAI ETXENAUSIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Hiritik gertu daude, baina urruti sumatzen dute. Auzo nortasuna indartu nahi dute, baina zailtasunak dituzte. Hori da, hain zuzen, Gasteizko Goikolarra auzo berriko bizilagunei gertatzen zaiena. Joan den urtearen amaieran Aretxabaleta eta Gardelegikontzejuei —Gasteizko hemeretzigarren sektorea zen lehen— izena aldatzea erabaki zuten Arelegi auzo elkarteko kideek. Bozketa bat prestatu zuten izen berria erabakitzeko: 555 pertsonak hartu zuten parte, eta %39,5ek bozkatu zuten Goikolarra izen berriaren alde. Are, elkarteak gutxieneko zerbitzuak eskatu dizkio udalari: gizarte etxe bat, kiroldegi bat, gune berde gehiago... Halere, Itsaso Alicante Arelegi auzo elkarteko presidenteak nabarmendu duenez, «premiazkoena» osasun etxe bat da. Funtsean, ez dute nahi Goikolarra lo egiteko auzo huts izan dadin aurrerantzean.

Auzoak hazkunde esponentzial deigarria izan du azken urteotan. 2021ean, hirurehun pertsona joan ziren hara bizitzera, eta, gaur egun, 2.300 pertsona inguru bizi dira. Ondorioz, biztanle kopuruak gora egin ahala, auzotarren beharrak areagotu egin dira. Alicantek adierazi duenez, «ez dago auzokideak ezagutzeko elkargunerik», eta agerian geratu da eraikin eta espazio publikoak behar dituztela: «Osasun etxera joateko, Adurtzaraino mugitu behar dugu, eta askok 30 minutu baino gehiago behar dituzte. Kontziente gara gutxinaka egin behar direla gauzak, baina heldu da osasun etxe bat eraikitzeko unea». Elkartearen bidez egin diote eskakizuna udalari, ondoren hark Osakidetzari mezua helarazteko.

Gasteizko Udaleko iturriek adierazi dute «oso harreman ona» dutela Goikolarrako auzokideekin, eta ondo dakitela zeintzuk diren haien eskaerak: «Aztertzen ditugu, eta, ahal den heinean, erantzuten diegu. Adibidez, auzo elkarteari udalarena den espazio bat utzi diogu duela gutxi, orain arte ez baitzuten non elkartu».

Arelegi elkarteko kideek auzoan gero eta bizilagun gehiago izango direla aurreikusten dute, eta hazkundeak, oraingoz behintzat, ez duela etenik izango. «Abetxuko auzoak 3.300 biztanle ditu, eta beharrezko zerbitzu publiko guztiak dituzte. Hemen kopuru hori gaindituko dugu ziur, eta ez dugu gutxieneko zerbitzurik», kexatu da Alicante.

Autobus zerbitzuan «hobekuntza txikiak» egin ditu udalak; ibilbideetan, eta baita maiztasunetan ere. «Geltoki berria ere jarriko dute hemendik gutxira», gaineratu du udalak. Trafikoan eta segurtasunean ere hobekuntzak egin dituzte; trafikoa murriztea eta kamioiak auzotik pasatzea galaraztea, besteak beste. Udalak nabarmendu duenez, garbiketa zerbitzuan, kaleen mantentze lanetan edota kaleen argiztapenean ere «hobekuntzak» egin dituzte. Hobekuntza horiek guztiak elkarteko kideak tematu zirelako lortu dira, Alicantek gaineratu duenez. «Ez dugu amore emango. Entzuten dituzte gure eskaerak; halere, guk nahi baino beranduago erantzuten dituzte normalean».

Auzo ekologikoa

Elkarteko kideek «auzoaren izaera ekologikoa» indartu nahi dute. Eguzki plakak kokatzeko proiektu bat abiatzea pentsatu dute, eta hainbat bilera antolatu dituzte horren inguruan eztabaidatzeko. Horrez gain, baratze komunitarioak sortu nahi dituzte; presidenteak argitu du ez dutela «dirua aurrezteko» egiten: «Kalitatezko bizimodu itxaropentsu bat nahi dugu auzokideontzat,ingurumena errespetatzen duena».

Auzoa sortu bai, baina oraindik «zerbitzua asko» falta direla uste dute auzokideek. Baikor daude, baina badakite urteak beharko dituztela auzo nortasuna sortu eta indartzeko. Hori lortze aldera, elkarteko kideekin harremanetan jartzeko deia egin die Alicantek auzora bizitzera joandakoei: «Datorren jendeak lehengoa utzi eta berria ezagutu behar du, auzo hau. Horregatik, argi daukagu guztion artean lan eginda auzo eder bat sortuko dugula azkenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.