Sute txikiak, eztanda egitear

Osakidetzako arazo orokorrez gain, dozena bat gatazka txikiago daude puri-purian osasun sistema publikoan. Egungo mobilizazioetara iritsi dira, besteak beste, Gurutzetako eta Santiagoko larrialdietako langileen aldarrikapenak.

Santiagoko Larrialdietako itxiera salatu dute langileek, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Asensio Lozano - Unai Etxenausia
Bilbo Gasteiz
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Protestari multzoan gar batzuk nabarmendu dira, eta suaren barruan, mezu bat: «Oso erreta gaude». Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) larrialdietako langileak dira. Berriki hasi dira biltzen, zerbitzuaren «gabeziak» aztertzeko eta salatzeko: «Gauza asko pilatu dira. Lehendik soka oso tenkatuta zegoen, eta orain egoerak eztanda egin du». Osakidetzako lan gatazketako bat da: sindikatuek salatu dituzten arazo orokorrez gain, hainbat osasun etxetan, erietxetan eta zerbitzutan ere kexaka dabiltza beharginak. Berez, sute txikiak dira, baina, krisi betean, garrak handitzen ari dira.

Euskal Herriko ospitalerik handiena da Gurutzetakoa, eta soilik larrialdietan dozenaka pertsonak egiten dute lan. Antolatzen ari direnez, Gurutzetako Larrialdietako Asanbladako kideek oraingoz nahiago dute izen-abizenik ez eman, baina azaldu dute zerbitzuaren gabeziak egiturazkoak direla, lantalde txikiarekin lotutakoak: «Gurutzeta erreferentziazko ospitalea da EAEko eremu askotan. Erredurak dituzten pertsonak, adibidez, gurera etortzen dira; langile nahikorik ez badago, pazienteak pilatu egiten dira, eta, askotan, larri dagoen jendea da». Osakidetzako langileek maiz esan dutenez, pandemiak okertu egin ditu problema horiek: «COVID eremuak ireki dituzte, baina ez dute langile gehiago jarri. Lehengo berak gaude eremu berriak estaltzeko. Ezin dugu gehiago».

Izurriaren aurretik ere, gripeak gogor jotzen zuen garaietan, ohikoa zen erietxeko larrialdiek gainezka egitea eta pazienteak korridoreetan artatzea. «Hori egunero gertatzen da. Goizak lasaiagoak dira, baina arratsaldeetan, oso arraroa da pasiloan pazienterik ez edukitzea». Beharginek uste dute gogoeta sakon bat behar dela ospitalearen funtzionamenduaz. «Batetik, txiki geratu delako, eta, bestetik, biztanleria gero eta zahartuago dagoelako, eta adinekoak artatzea zailagoa da patologia asko badituzte edo hondatze kognitiboa badute: eranzteko, zaina bilatzeko... denbora gehiago behar da».

Gurutzetako langileen sugarretatik hurbil, portzentaje bat ageri da pankarta batzuetan: %4. Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen aldarrikapena da: lan baldintzak parekatzea. Zentroak Usansoloko ospitalean (Bizkaia) du egoitza nagusia, baina batik bat odol transfusioekin diharduten hainbat langile ditu beste gune batzuetan. «Lan egiten dugun tokiaren arabera, soldata desberdinak ditugu, nahiz eta denok garen espezialistak», azaldu du langile batek.

Izan ere, batzuek ospitalizazio osagarria kobratzen dute, eta horri egiten dio erreferentzia %4 horrek: zentroarentzat lan egiten duten guztiek osagarri hori jasotzea eskatzen ari dira. 2020ko abenduan jada bi greba egun egin zituzten: «Arazoa da Osakidetzak ez duela lanpostuen balorazioa egiten: hemen denok lan bera egiten badugu, berdin kobratu behar genuke».

Gasteizen, larrialdien harira

Gasteizen ere kalera atera dituzte kexak. Bereziki, larrialdien aferari erreparatu diote kartel ugarik: Santiago eta Txagorritxu ospitaleetako langileek asteak daramatzate Santiagoko larrialdi zerbitzuaren itxiera salatzen. Txagorritxun zentralizatu dituzte Gasteizko larrialdiak, baina erietxeetako beharginak ez daude ados Osasun Sailaren erabaki horrekin. Pili Bengoa Txagorritxuko erizainak salatu du «gehiegi» handitu dela larrialdi zerbitzuko presioa, eta, ondorioz, «lan karga handiegia» daukatela: «Ez dituzte langileak kontratatu nahi».

Larrialdietako lan zama areagotzearekin batera, azaleratu egin dira aurretik Osakidetzak zituen arazoak. «Badirudi osasun publikoa desegin nahi dutela. Guk, behintzat, ezin dugu lan erritmo honekin jarraitu», adierazi du Bengoak. Eta gaineratu du auzia orokorra dela: «Lehen arreta ere zaindu behar da; bestela, jai dugu». Funtsean, langile gehiago kontratatzeko eskatu du: «Ahal duguna egiten dugu, presaka eta korrika. Eta horrela ezin dugu zerbitzu duinik eskaini».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.