Maite Asensio Lozano eta Arantxa Iraola Alkorta

«Berdintasunaren esparruan gaizki doan guztia islatzen du alardeak»

BERRIAko bi kazetariek alardeen gatazka xehatu dute argitaratu berri duten liburuan. Sektore batzuk aspaldiko jarreretan gotortuta sumatu dituzte: esaterako, erakundeak. (Bideoa artikuluaren amaieran).

GORKA RUBIO / FOKU

Iñaki Petxarroman -

2018ko maiatzak 17

BERRIAko Gizartea saileko kide gisa, hainbat aldiz izan dira Arantxa Iraola Alkorta (Errenteria, Gipuzkoa, 1972) eta Maite Asensio Lozano (Bilbo, 1983) alardeetan. Prozesu horretan sortu izan zaizkien galdera nagusiei erantzun egin nahi izan diete. Hortik sortu da Alardeak, ukatutako plazara, BERRIA, Elkar eta Jakin-en Aleka bildumako seigarren liburua. Liburua salgai, BERRIAren webgunean. Gaur aurkeztu dute lana Donostian.

Alardeari buruzko liburu bat. Zergatik alardeaz?

MAITE ASENSIO LOZANO: Paradigma bat da alardea. Islatzen du berdintasunaren esparruan gaizki doan guztia, nahiz eta gaizki doan guztia ezin den mugatu alardeetara. Oso esanguratsua da: zergatik ez den berdintasun legea betetzen, nola sortu zen halako erantzun bat berdintasun aldarri baten aurrean. Segur aski alardean dagoen gatazka gizarteko beste hainbat esparrutan eta tokitan ere badago, baina ez hain bortizki adierazia. Horregatik da interesgarria hain muturrera joan den eta hain salbuespenezkoa den gatazka hori aztertzea ere gure eguneroko gatazkei begiratzeko.

Hasierako urteetan eraso gogorrak eta eskubideen urraketa handiak gertatu ziren. Ohartu al zen Euskal Herria egoeraz?

ARANTXA IRAOLA ALKORTA.: Ez dakit. Hor dago Emakunderen eta Arartekoren kasua, ezta? Bi erakundeak hasieratik hor egon dira, eta saiatu dira babes bat ematen aldarri horri. Uste dut gizarteak askotan bi herritan gertatutako anekdota moduan hartu izan duela. Ez da hartu paradigma moduan, baizik eta askotan jo da karikatura egitera, Irun eta Hondarribia apartekoak balira bezala. Eta, izatez, han gertatzen dena beste toki askotan ere gertatzen da. Gizarteak distantzia batekin begiratu izan dio, neurri handi batean hor gertatzen denak gizarte osoa erretratatzen duelako.

M.A.L.: Kanpoan ez zen ulertzen alardeak zekarren zera emozional hori, eta, orduan, urruntze bat eragin du. Gatazka honetan murgilduta egon diren emakume batzuek esan dute nahiko bakarrik sentitu direla eta mugimendu feministak ere bakarrik utzi dituela. Uste dut egon dela gatazka hori minimizatzeko joera bat, nahiz eta ondorioak oso bortitzak izan. Nire belaunaldiarentzat ez da egon transmisiorik, eta horrek oso minduta utzi nau, bortizkeriaren tamaina hori noraino iritsita zegoen ez bainekien. Uste dut liburuaren helburuetako bat badela alardeen gatazka Euskal Herriratu eta memoria ariketa bat egitea.

Saiatu zarete hainbat galderari erantzuten. Besteak beste, honi: zergatik gertatu da hau Irunen eta Hondarribian?

A.I.A.: Aldagai asko daude. Haietako bat da nondik sortu zen aldarri hau: gizartearen periferiatik edo botere hegemonikotik aparte. Gero, ezker abertzalearekin lotu zen, interes batzuei jarraikiz, estereotipo bat sortzeko. Beste aldagai bat da zer eskatzen den, hau da, genero sisteman aldaketa bat. Beste aldagai bat da jai batzuei buruzko aldarri bat dela, eta hor emozioak pizten direla. Eta emozioen munduan denak hartzen ditu beste ñabardura bat.

Gatazka sozial asko, uneren batean, judizializatu egiten da. Alardean ere gertatu da. Zer ondorio izan du horrek?

M.A.L.: Esparru juridikoak legitimatu egin ditu alarde tradizionalak. Esan die ez direla baztertzaileak. Kontua da nola ulertzen den bazterketa, nola giza eskubideak, eta baita zer legedi zegoen indarrean epaiketa haiek egin zirenean ere. Lehen epaiketa egin zenean, 1998an, alardea publikoa zenean, eta 2002an egin zenean bigarren epaiketa, jada alardea pribatizatuta zegoelarik, ez zegoen berdintasun legerik. Orduan emakumeen argudio nagusia konstituzioaren 14. artikulua zen. Kontua da ea gaur gaia eramango balitz auzitegietara beste emaitza bat lortuko ote litzatekeen.

Aztertu duzue arduradun politikoen jarrera.

A.I.A.: Agintariak zenbat eta urrutiagokoak izan, orduan eta jarrera hobea izan dute irtenbidearen alde. Oraindik ere bi alkateek jarraitzen dute alarde bati aitortza egiten eta bestearen aurrean agertu ere ez dira egiten. Adibide hori, gaur, 22 urteren ondoren, oso argigarria da. Alderdiak paradoxa batean bizi izan dira. Herrietan aritu izan dira alarde baztertzaileen defentsa egiten, eta, handik kanpo, berriz, beste jarrera batean. Neurri batean horrek ekarri du gatazka hainbeste luzatzea. Oro har, Arartekoak eta Emakundek salaketa gogorrak egin dituzte horri dagokionez.

Botoak galtzearen beldurrak ere zerikusi handia eduki dezake alderdietan.

M.A.L.: Politikari batzuek esan digute beldurra ematen diela botoak galtzeak. Hondarribian sumatzen da konfrontaziorako beldur bat. Alegia, udalak ematen badu pauso bat, badaki aurrean izango duela botere eta indar handia duen sektore bat, bere hurbilekoa, gainera. Alberto Buenek ere izan zituen lagun hurbilak, eta min handia egin zioten batzuek. Erakundeen artean ere egon da utzikeria. Bildu diputaziora iritsi zen arte, eta konponbiderako prozesu bat zabaldu zuen arte, ez zegoen inor horretara jarrita. Herrietan mito pila bat daude, eta erakundeetan inork ez du ezer egin hori desegiteko. Eta mito horiek gainditu gabe, zaila izango da adiskidetze bati begira jartzea.

A.I.A.: Ez esku hartze falta bat bakarrik, baizik eta hautu baten aldeko babes erabatekoa egon da udalen aldetik. Irun eta Hondarribian alardea ez da jai bat bakarrik, baizik eta askoz gehiago. Gizarte estratifikazioa erakusten du: nor den nor. Gainera, kasu honetan, jai ekitaldi oso hierarkizatua da, antzezpen militar bat delako. Antzerki horretan garrantzi handia du botere erakustaldiak. Eta hori aldatzea ez da batere erraza. Are eta zailago, udalak modu horretan lerratuz gero.

M.A.L.: Ohartu behar dugu andreentzat zer den plaza publikoa hartzea. Alardean, gizonek desfilatu egiten dute, eta emakumeek, txalo. Desfilea amaitzean, gizonak parrandara joaten dira, eta emakumeak, etxera, bazkaria egitera. Urteko parranda inportanteena da, eta gizonena, gainera. Sexu genero sistema apurtzeak eztanda bat dakar, sistema osoa desorekatzen duena. Horregatik dira horren bortitzak gatazka hauek. Andreak sartu garenean esparru publikoan, zigortuak izan gara. Zigorra izan litezke sexu erasoak, edo andre agintariei buruz esaten diren txorakeriak edo, kasu honetan bezala, gatazka hainbeste luzatzea.

A.I.A.: Ez da lan instituzionalik egin horren aurka egiteko, eta bizirik daude hasieratik eraiki diren estereotipoak. Eta oraindik ere gaiari buruz hitz egiteko ezinegona dago. Saiatu gara elkarte askorekin hitz egiten. Batzuek argi esan digute ez dutela gurekin hitz egin nahi. Beste batzuek ez dute aterik ireki. Beste batzuek esan digute esandako ezer ezin genuela publikatu. Beste batzuek euren izenik ez agertzeko eskatu digute. Horiek erakusten dute gauza asko ez daudela behar bezala bideratuta gatazka honetan. Tabu hitza askotan atera da liburu hau egiteko orduan, eta ez guk asmatu dugulako.

Sumatu duzue elkarrizketa egin nahi izan ez duen norbaiten falta?

M.A.L.: Alarde baztertzaileetako ordezkariak falta dira, eta Irungo alkatea eta Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza zuzendariaren falta sumatu dugu. Jaurlaritza egon zen aldundiak, Arartekok eta Emakundek osatutako erakunde arteko mahaian. Aurretik ere Bakeaz-en bidez lanean ari zen Hondarribian. Uste dut ekarpen interesgarria egin ziezaiokeela liburuari.

A.I.A.: Hasieratik memoria ariketa bat egin nahi genuen, eta aitortza bat alarde parekidearen alde aritutakoei. Hori lehen atalean egin dugu, eta, behin hori eginda, saiatu gara sentsibilitate ezberdinetara jotzen, ulertzeko zer gertatu den. Min bat agertu da: denek sufritu dute, eta hori denei aitortu behar zaie. Sentsibilitate guztiak daude, baina alarde parekidearen alde ez dauden sektoreetatik nahi baino ahots gutxiago daude.

M.A.L.: Pertsona batzuentzat deserosoa izango da orri hauetan agertzea. Bazekiten parte hartzen ari zirela neutroa ez den proiektu batean. Hala ere, parte hartu dute, eta nik eskertu egin nahiko nieke parte hartu izana.

Esanguratsua da testigantza batzuk izen-abizenik gabe egotea.

M.A.L.: Oso garrantzitsuak dira testigantza horiek, ulertzeko zerk ihes egiten digun. Anonimoki agertzen diren horiek pista batzuk eman dizkigute. Oso esanguratsua izan da beste aldea ezagutzen duen jende hori, hau da alarde tradizionalean ateratzen direnak-eta, ez ausartzea izen-abizenekin hitz egitera.

A.I.A.: Sektore horrek esaten du ez dagoela gatazkarik. Eta orduan, zergatik errezelo hauek hitz egiteko modu ageriko batean eta ezkutatu gabe? Susmoa dugu BERRIArengatik izatea jarrera hori, alegia, BERRIAk izan duen alarde parekidearen aldeko ildo editorialarengatik. Hala esan digute, gainera. Hala ere, elkarrizketa bakoitzak ñabardura bat gehitu dio liburuari, auziaren konplexutasuna ulertzeko ere.

22 urte pasatu eta gero, filmaren zer fasetan gaude?

M.A.L.: Uste dut Hondarribian filmaren azken ordu erdian sartzen ari garela. Sumatu dugu mugitzen ari direla gauza batzuk, eta, ondo artikulatzen badira, konponbidea egon daiteke uste baino hurbilago eta errazago. Horretarako, erakundeak inplikatu behar dira prozesu eraikitzaile batean. Irunen zailagoa da, zeren han bi marra paralelo baitaude, eta horiek ez dira ukitzen.

A.I.A.: Irunen, jendeak hauta dezake alardean ateratzea nahi duen, eta horrek ikusezin egiten du arazoa. Eta beste kontu bat aipatu behar da: bizikidetza hobetu egin da, lubakiak lausoagoak dira. Bizikidetza hobetu izana poztekoa da, baina horrek arazoa ikusezin bilakatzea ere badakar, eta normaltasunaren ideiak indar handiagoa hartzen du.

Belaunaldi gazteetan daukazue itxaropena?

M.A.L.: 1996, 1997, 1998an gatazka piztu zeneko belaunaldiek amorru handiz bizi dute gertatutakoa, eta gorroto haietan oso enkistatuta daude. Baina orain 30 urte baino gutxiago duten gazteek ez zuten hura bizi izan, eta, gainera, azken urteotako bizikidetza giroan, esparru batzuk partekatu dituzte desfile parekideetan ateratzen direnekin. Orduan arazoa beste modu batean bizi dute, eta, haientzat, emakumeak ere ateratzeak ez du sortzen problemarik. Badago beste giro bat, eta zenbatu beharko litzateke, beharbada, alarde tradizionaletan zenbatek ez lukeen gaizki ikusiko emakumeek ere desfilatzea. Eta jende hori nola izan daitekeen akuilu egoera desblokeatzeko.

A.I.A.: Baina instituzioaren esku hartzerik gabe oso zaila izango da. Batzuetan ematen du gizarteak aurrera egin duela, baina sentsazioa da alardeetako buruzagiak eta udal erakundeak duela hogei urteko jarreretan izoztuta eta gotortuta geratu direla.

Jaurlaritza eta diputazioa ere ez dira ikusten dinamismo handiz gatazka hau bideratzeko.

A.I.A.: Diputazioan inboluzio bat izan da. Hark argudiatzen du hara joateak tentsioa areagotu dezakeela, baina inboluziotzat jo behar da lehengoko agintariak alarde parekideak txalotzera joatea eta oraingoak joateari uztea. Gizarteak aurrera egiten duen heinean, ez da oso ondo ulertzen jarrera hori. Nik esango nuke Irungo eta Hondarribiko gizarteetan eta alarde ez-parekideetan ateratzen den jende askok ere desio duela aldaketa bat, eta behingoz auzi hau konpontzea.

M.A.L.: Duela hogei urte esaten aritu zaren gauzetan nola egin atzera? Horretan sekulako zailtasunak izango dituzte, eta, horregatik, uste dut udal instituzioetatik abiatu beharko litzatekeela prozesu bat, eta diputazioa gutxienez hor egon beharko litzatekeela. Prozesu horretan lan egin beharko litzateke gehiengoarekin, gotortuta dauden horiek ez baitakigu zenbat diren, baina agian ez dira hainbeste izango.

Badago loraldi feminista bat gizartean. Uste duzue lagun dezakeela gatazka hau bideratzen?

M.A.L.: Interesgarria litzateke aztertzea zer gertatzen den plastiko beltzen atzean dauden neskekin. Hor azaltzen dute alarde parekidearekiko kontrakotasuna, baina ateratzen badituzu jai eremutik, batzuek izango dituzte segur aski praktika feministak: autonomia ekonomikoa, esaterako... Bada deskonexio bat jaiak ordezkatzen duen esparru sinbolikoaren eta andreei egunero gertatzen zaizkigun bazterketen artean.

Askotan aipatzen dute alarde parekidearen aurkakoek euren ustez hau ez dela berdintasun gatazka bat.

A.I.A.: Ukaezina da generoaren aldagaia hor dagoela, baina diskurtso horretan jende asko dago. Gatazka batean beti geratuko da jendea ainguratuta jarrera gotor horietan. Kontua da kasu honetan jende horri hauspoa eman zaiela, eta ikuskera hori betikotu egin dela.

Gatazka hau azaleratu zuen emakume talde hartako kide asko elkarrizketatu dituzue. Bizipen benetan gogorrak, ezta?

M.A.L.: Gizarteak erreparazio bat zor die. Eta egin beharko da lan egoera ez errepikatzeko. Eta analisi autokritiko bat egin beharko da ikusteko zer egin dugun hemen hau gerta dadin hainbeste urtez inork neurririk hartu gabe.

Bideoa: Maite Asensio eta Arantxa Iraola, liburuaz (Julen Aperribai, BerriaTB).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna