Jean Rene Etxegarai. Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

«Parisera noanean, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari gisa noa»

Euskal Elkargoa garatu behar dela uste du Etxegaraik, eta Frantziako Gobernuaren deszentralizazio legearen zain dago. EAErekin eta Nafarroarekin harremanak hobetzea eta euskarari beste bultzada bat ematea aipatu du hurrengo agintaldiko helburu gisa.

FRANCOIS BERLAND Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko uztailak 22

Joan den ostiralean izendatu zuten Jean Rene Etxegarai (Beskoitze, Lapurdi, 1952) Euskal Elkargoko lehendakari, herriko bozetan Baionako auzapez karguari eutsi eta gero. Bigarren agintaldia izango du.

Hautagai bakarra izan zara lehendakaritzako. Nola esplikatzen duzu?

EH Baiko batzuek hautagaitza bat aurkezteko asmoa agertu zuten; Alain Iriartek jakinarazi zuen gogoetan ari zela. Barne prozedura bat izan dute, ezagutzen dugun emaitzarekin. Egia da Claude Olive [Angeluko alkatea] hainbat hautetsik deitu zutela herriko bozen bigarren itzulia aitzin, batzuek uste baitzuten garaitua izanen nintzela, nire bizitza publikoaren bukaera zela. EH Bairen parean beste hautagaitza bat behar zela pentsatu zuten. Olivek ez du aipatu hautagaitza atxikitzeko asmorik nik bigarren itzulian irabazi ondotik.

Ardura postuetan ordezkaritza zabala nahi dute abertzaleek.

EH Baik arrakasta batzuk izan baditu ere, abertzaleek elkargoan duten lekua 2017koa baino handiagoa bada ere, prozedurak segitu behar dira, eta erabakia ondoko egunetan bilduko diren lurralde eremuetako batzordeen esku izanen da. Lurralde batzorde bakoitzak erabakiko du zer ordezkari bidaltzen dituen elkargoko batzorde iraunkorrera, eta nor hautatzen duten batzorde eragilean lurralde eremuaren ordezkari izateko. Emaitzak kontuan hartu behar dira, baina lurralde batzordeei hitza utzi behar zaie. Ezin zaio Euskal Elkargoko lehendakariari zentralismoa leporatu, eta prozedura ez errespetatu.

Zer da zure nahikundea?

2017an, Daniel Olzomendiri ardurak hartzeko eskatu nion; nehork ez ninduen behartu. Gauza bera Peio Claverie eta Bruno Karrererekin. EH Baiko kide edo hurbilekoak dira.

Emazteen ordezkaritzak ere eztabaida sortu du. Legeak behartzen ez badu, ez luke borondate politikoak ahalbidetu behar?

Mila biztanletik beherako herrietan parekidetasuna ez da legez behartua; herrien bi herenak baino gehiago direnez, anitz da. 2017an 17 auzapez emazte ziren; gaur egun, 28. Emendatze adierazgarria da. Jarrera politiko boluntarista bat izan behar dugu, emazteei leku gehiago emateko. Lagundu behar dira. Emakume anitzek diote ez dutela aski denbora ardura politikoak hartzeko; ikusten dut gizonek ez diotela halako galderarik egiten beren buruari. Uste dut hautetsiaren estatusa hobetu behar dela, eta bereziki emazte hautetsiena. Maider Behotegik, Martine Bisautak, Sylvie Durrutik... lan bikaina egin dute. Emazteei sostengu berezia eman behar diegu hautagaitzak aurkeztu ditzaten.

Nola egiten da hori?

Beharbada hain astunak ez diren ardurak emanez, denbora gehiegi behar ez dutenak, gauean bilera gutxi egitea eskatzen dutenak haien familiarekin elkartzeko aukera izan dezaten, eta abar. Eta jarduera profesional bat dutenean, hautetsientzat, badira arintze posibleak. Ez da erraza parekidetasunera heltzea. Nire erronka da ahalik eta emazte gehien sartzea batzorde iraunkorrean, eta zentzu horretan pasatu dut mezua. Galdetzen didazu abertzaleen lekuaz, eta erantzuten dizut ez dagokidala niri bakarrik; emazteen lekua ere ez.

Euskal Elkargoaren bilakaera instituzional bat espero duzu?

Gaur egun dugun eredu instituzionala ez da gogobetegarria. Ez diot gure hirigune elkargoak gaizki funtzionatzen duenik. Baina hiriguneen Frantziako eredu juridikoa ez da egokitua herriarteko XXL elkargoetara. 158 herri gara, 320.000 biztanle. Ahobatezkotasun obligazioa dugu erabaki garrantzitsuetan; 158 auzapezek “bai” erran dezaten behartua naiz oposizio handiak izan litzaketen gai batzuetan. Beste erabaki batzuek elkargoko kideen bi herenen onarpena eskatzen dute. Biziki gehiengo zailak dira lortzeko. Guk estatus bereziko lurralde elkargo baten sorrera eskatzen genuen; Frantziako Konstituzioak ahalbidetzen du, baina lege bat beharrezkoa da, eta horrek gehiengo bat eskatzen du. 2014an, Jean Marc Ayrault Frantziako Lehen ministroak erran zigun ez genuela estatus bereziko elkargorik izanen, eta oraindik idatzia ez zen Notre legean sartzeko agindu zigun. Barne ministroak ere gauza bera erraten zigun. Pierre Andre Durand prefetarekin ere bilkura bat baino gehiago izan genuen, eta erran zigun urratsa egin behar genuela. Eszeptikoen artean nintzen.

Garai hartan, abertzale anitz baino eszeptikoago.

Hala da, arrunt. Nik erraten nuen tranpa bat izan zitekeela. Hain konplikatua ikusten nuen... Ingurune ezberdinetako militanteek konbentzitu ninduten beharrezkoa zela [Ipar] Euskal Herriko perimetro bat izatea, etapa bat izanen zela. Onartu nuen, baina erran nien konplikatua izanen zela. Sortu genuen, eta, handik hiru urtera, emaitzak baikorrak dira, inork ez baitu elkargoaren sorrera zalantzan ematen —nahiz eta denak ez diren bero gai horrekin—. Era berean, hainbat kritika formulatuak dira zentralismoari eta astuntasunari buruz. Baina gure artean, zer aurreikusi nuen? Nahi eta nahi ez, bada joera teknokratiko bat; ez dut gordetzen. Joera horren lekuko izan naiz, baina ez nau harritu. Batzuek erran duten baino askoz ere gutxiago izan da. Modelo bat asmatu behar zen, eta lehen gobernantza itunak aurreikusten zuen lehengo hamar herri elkargoetako lehendakariak Euskal Elkargoko lehendakariorde izanen zirela; baina eskumenak hartu dituzte beren gain, eta ez dute tarterik izan beren lurralde eremuez arduratzeko, lanez itoak zirelako. Lurralde batzuetan ez ziren entzunak sentitzen, eta, horregatik, lurralde batzordeak indartu ditugu, bakoitzeko ordezkari bat batzorde eragilean sartuz eta bakoitzari funtzionario berezitu bat esleituz.

Arazoak konponduta ere, hirigune elkargo bat da oraindik, bere eskumen mugatuekin eta sufragio unibertsalik gabe. Ondoko sei urteetan egoera instituzional hori garatu daiteke?

Erran nahi nuena zen modeloa ez dela egokia, nik jadanik banekiela, eta lehena izan nintzela hori erraten. Gure instituzioa garatu behar da.. Ikusten dut oraingo [Frantziako] Gobernuak deszentralizazio akta berri bat nahi duela. Badu urte bat eta erdi beha garela. Jean Castex Lehen ministroak lege hori mahai gainean jarri du berriki egin duen politika orokorreko hitzaldian, eta diferentziazio eskubidea ere aipatu du. Gure helburua estatus bereziko lurralde elkargoa zen, eta da; hirigune elkargora bideratu gintuzten. Orain diferentziazioa posible bada, hainbat hobe. Seguruenik errazagoa izanen da, baina zer ekar diezaguke? Ikusiko zer eskaintzen diguten. Estatus bereziko lurralde elkargoa urrunago doa, baina lege bat behar da, eta beraz gehiengo bat. Pragmatiko bat naiz. Saiatzen naiz ikuspegi luzido batekin begiratzen nola aitzinarazi ditzakegun aferak.

20-30 urteko borroka behar izan da hirigune elkargoa lortzeko. Uste duzu nahikoa presio sozial, politiko eta instituzional dagoela urrunago joateko?

Uste dut baietz, badela presio bat. Parlamentari guziak ez dira horrekin konbentzituak, baina horietako batzuk, gehienak, gure eredu juridikoa aitzinaraztearen aldekoak dira. Eta gizarte zibila ere prest ikusten dut, beste gai batzuetan bezala. Euskal gizarteak badu pisua, eta hirigune elkargo gisa antolatuak izateak ere bai, segurtatzen dizut. Gai batzuk aipatzeko Parisen hitzordu bat eskatzen dudalarik, onartzen didate.

Lehendakari izendatzean, Arnaldo Otegik eta Maddalen Iriartek zoriondu zintuzten elkarlanerako deia eginez. Iñigo Urkullu edo Maria Txibiteren mezurik jaso duzu?

Bai.

Biena?

Bai.

Zer erran dizute?

Gauza bera, zorionak. Zorionak, zintzoak ala errespetuzkoak izan daitezke. [Irriak]. Batzuetan biak izan daitezke.

Zer harreman nahiko zenuke EAE eta Nafarroarekin?

Agintaldi bukaeran Iñigo Urkullurekin Memorandum izeneko dokumentu bat izenpetu genuen, mugaz gaindiko gure harremanen ildo garrantzitsuak finkatuz. Gure harremanak hobetzearen aldekoa naiz. Euskal Elkargoan indartu nahiko nukeen arlo bat da.

Nola?

Arduradun bat izendatuko dut, nire ondoan izateko. Nik hor egon beharko dut. Ez da lehendakariorde bat edo kontseilari delegatu bat bilduko Urkullurekin. Jadanik kontsideratzen duela bera baino hamar aldiz gutxiago naizela. Gustatzen zaio gu baino handiagoa dela erratea, biztanlerian.

Eta Frantziako Gobernuarekin, zer harreman?

Kritikoa naiz gobernuarekiko, lurralde gaiak lantzen dituen moduari buruz. Ez diot besteak oso onak zirenik, baina ez naiz konbentzitua gobernu honek nik nahiko nukeen gogoak dituenik.

Sinbolikaz harago, zer egin dezake Euskal Elkargoak Frantziako Gobernuaren aitzinean Ipar Euskal Herria ordezkatzeko?

Parisera noanean, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari gisa noa. Gauzak argi dira. Euskal presoen gaiari buruz mintzatzera noanean, horrela da. Erakusten diegu zein den [Ipar] Euskal Herriaren indarra. Halako bilkuretara eskaera zehatzekin goaz, eta erraten diegu [Ipar] Euskal Herriak, entzuna ez bada, jakingo duela adierazten. Badugu milaka pertsonako manifestazioak egiteko gaitasuna. Gaur egun, blokeo egoera baten aitzinean gaude. Harrera egiten digute, baina ez gara entzunak.

Justizia ministro berriak hitzordu eskaerarik jaso du?

Oraindik ez, baina aurreikusia da.

Euskal Elkargoak mozio bat onartu du euskara hutsezko irakaskuntza esperimentazioak babesteko. Zer eragin izan dezake Bordeleko errektoretzaren erabakiak?

Gibel egite baten sentimendua dut; [Ipar] Euskal Herrian gertatzen denaz ezer ulertzen ez duen administrazio zentral baten arketipo bat da.

Mehatxu bat da?

Bai. Eta horregatik, Hiriburuko auzapezaren proposamenez, EEPko erakundeek batera iharduki dute Hezkuntza Ministerioari postura aldatzeko eskatuz. Onartuko ez balu zinezko gibel egite bat litzateke. Ezkerreko eta eskuineko gobernuekin, beti aurkitu ditugu konponbideak. Ez dut sinetsi nahi Macronen gobernuarekin ez dugula atzemanen.

Zer egin dezake elkargoak euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen?

EEPren baitan beste erakundeen finantzamendu mailara heldu gara. Baina, hizkuntzaren jardun sozialari begira rol biziki garrantzitsua dugu jokatzeko. Euskara eta gaskoiaren aldeko gure hizkuntza politiken helburua da gure bizitza sozialean hizkuntzaren erabilpena hedatuagoa izatea. Hiru urte baizik ez dira sortu garela...

Jardun sozial horri begira, zer neurri hartu beharko lirateke?

Adi egon behar gara. Hizkuntza politikaren gaia zeharkakoa da. Hizkuntza eskubideak errespetatuak izatea nahi badugu, arlo guzietan deklinatu behar dira. Hezkuntza aipatzen dugu; kultura; kirol ekipamenduetako seinaletika; hirigintza; komunikazioa. Herri bakoitza libre da bere komunikazio tresnak nahi duen hizkuntzan deklinatzeko. Uste dut hirigune elkargo gisa horren erraztaile izan behar dugula. Beharbada, irudika genezake ingeneritza bat ezartzea herriak gehiago laguntzeko egitea posible denari buruz. Herri batzuek ez dakite nola egiten ahal duten, itzulpengintzan adibidez. Horrek erran nahi du ez dela hain sinplea.

Azken urteetan Miarritze eredu gisa hartu da herri mailako hizkuntza politikan. Ez ote luke indar gehiago Baiona hartzen ahal balitz eredu gisa?

Pozik nintzateke Baiona eredu gisa hartua balitz. Onartzen dut Miarritzek aitzina duela. Guk euskara teknikari berri bat hartu dugu, lanaldi erdian Euskal Elkargoan eta beste erdia Baionako herriko etxean ari dena, niretzat garrantzitsua baita elkargoa eta herrien arteko elkarlana. Baina, ez dut uste maila idealera iritsi garenik. Uste dut gauzak optimizatu behar direla.

Baionan, gaur egun, oraindik ez da posible herriko etxearekin euskaraz mintzatzea.

Zerbitzuen arabera. Onartzen dut badirela zerbitzu bat baino gehiago euskaldunak ezin direnak haien hizkuntzan aritu; gero eta gutxiago dira. Zerbitzu batzuk osoki ireki dira euskararen erabilpenari. Pertsona andana bat hasi dira euskara ikasten, eta nik ez dut inoiz mugatu kopurua. Denbora hartzen du, haien zerbitzu orduetan da. Batzuk leihatilan elkarrizketa normal bat izatea ahalbidetzen dien hizkuntza mailara iritsi dira. Egia da, leihatila batzuetan ez dela hala.

Herritarrak jakinean direa?

Herriko aldizkarietan horri buruzko komunikazioa egiten dugu, errateko euskaldunak badirela. Euskara dakitenen bulegoetan seinalatua da. Ahal bezain ongi egiten saiatzen gara. Kontziente naiz ez garela optimoak.

Azken urteetan jende anitz etorri da Baionara bizitzera. Zer eginen duzu horiek euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko?

Batzuetan beren baitarik datoz; funtsean, horietako anitz. Aski harrigarria da, hartzen dugun biztanleria berrian ez baita arraroa familia erdaldunek haien haurrak ikastolan ematea. Eta damurik gabe. Egia da 1995ean 39.000 biztanle izatetik, momentu honetan 53.000 izatera pasatu garela. Proportzionalki, gehienak ez dira euskaldunak. Baionan, beste hiri batzuekin konparatuta beranta dugu; baina orokorra da hirigunean, euskal kostaldean, hizkuntzaren transmisioaren gaian. Nik nahiko nukeena da, euskara ikasten duten gazteek konplexua gal dezaten. Eta konbentzitu nahi ditut, soziolinguistek erraten dutenari buruz: goizik euskara ikasten duen haur batek, erraztasunak izanen dituela gainerakoan, baita matematiketan ere. Hori, erran eta errepikatu behar da. Badugu lan bat egiteko eskoletan. Beti ez gara lagunduak irakasle batzuengandik; eskola batzuetan erresistentzia bat bada. Baionan, ikasleen %50 elebidunean edo murgiltze ereduan da. Kontent izan gintezke, baina ez da iduri duena bezain on. Elebidunean, porrot anitz bada; funtsean, hortik dator esperimentazio proiektuena. Horregatik erabat militantea naiz horretan, eta dosier hori aitzinarazi nahi dut.

Joseba Erremundegik erran du plan bat garatu nahi duzuela irakaskuntzaren garapenean eta euskararen ikusgarritasunean indarrak emanez.

Uste dut aldi berri bat behar dugula euskarari buruz; eta gaskoiari buruz ere eginen dugu beharrezkoa bada. Ez gara kontent izan behar estatistikek diotelako ez goazela hain gaizki. Iraganari begira irabazten ari gara, baina egoeraren ahultasuna kontuan hartu behar dugu. Ekintza indartsuak behar ditugu arlo horretan.

Garraio arloan, tranbusa izan da proiektu esanguratsuena. Noizko bukatuko da?

Heldu den irailean partzialki irekiko da tranbusaren bigarren linea. Urte bat edo biren buruan zati horretan obrak bukatuak izanen direla aurreikusten dut.

Philippe Monguilloten heriotzak autobus gidarien segurtasun falta erakutsi du, baina baita dituzten lan baldintza kaskarrak ere. Segurtasunari erantzun diozue. Zer eginen duzue lan baldintzak hobetzeko?

Garraioa sindikatu autonomo batek kudeatzen du, eta presidentea Claude Olive da. Baina ez naiz eskapatuko. Drama honek zerbait indartsua erakutsi du, tranbusari lotua. Nolazpaiteko deshumanizazioa gidaria eta erabiltzailearen artean. Gidarien erabateko sekurizazioa beharrezkoa ote zen galdetzera eraman gaitu.

Kontratu labur errepikatuak, 60 orduko asteak eta beste aipatu dituzte gidariek.

Hori ez da legezkoa...

Horiek dira lekukotasunak.

Ez Olive, ez ni, ez gara gidari horien enplegatzaileak. Keolis enpresa pribatua da.

Zuek hautatu duzue enpresa. Zer egin dezakezue?

Keolis enpresako Frantziako nagusia deitu dugu.

Zer esateko?

Bere esku utzi dugu garraioaren kudeaketa; dena baldintza egokietan antolatua izan dadin nahi dugu. Gidarien sufrimendua egiazkoa da. Sindikatuek eskaeren zerrenda biziki zehatza egin digute. Dena ez da gure esku; Keoliseko nagusi handiari hitzordua eskatu diogu, eta izanen dugu.

Enpresari emandako kargu kaieran, langileen baldintzak agertzen dira?

Bai! Enplegu baldintzak biziki argi definituak dira. Baina ez dira errespetatuak izan. Zer nahi duzu erratea: badakizu nola jakin nuen Philipperen erasoa? Polizia komisarioak erranda. Erasoa gertatu eta bi ordura ez nuen abisu ofizialik jaso Keolisengandik.

Ez ote da aski argumentu haiekin kontratua hausteko?

Disfuntzionamenduak badirela kontsideratzeko elementuak dira. Bestelako gertakariak ere izan dira, eta ez gara informatuak izan. Ez da posible.

Zer neurri hartuko dituzue?

Frantzia mailako nagusiarekin bilduko gara.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna