Gerra Ukrainan. Turkiaren rola. Murat Cinar. Kazetaria eta idazlea

«Erdoganek erdibideko jarrera neutrala dauka Ukrainako krisian»

Cinarrek nabarmendu du Kievekin baino «askoz ere harreman sendoagoa» duela Ankarak Moskurekin. Azaldu du, dena den, «Turkia Errusiaren alternatiba energetiko gisa» aurkeztu dela gerraren testuinguruan.

BERRIA.
Marco Santopadre
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Ukrainako gatazkak arrazoi espezifikoak ditu, baina planetako potentzien arteko lehia globalaren fronte bat baino ez da. Beraz, Ameriketako Estatu Batuek parte hartutako akordio baten bidez soilik lor daiteke konponbide iraunkor bat, baina badirudi AEBek kroniko bihurtu nahi dutela gerra, Mosku lokatzetan trabatuta edukitzeko, Txina ahultzeko eta Europan duen lidergo militar eta ekonomikoa berresteko. Nolanahi ere, Turkiaren ahaleginari esker eman dituzte fruituak —halakorik izan bada— Moskuren eta Kieven arteko elkarrizketek. Erdoganek gaur egungo krisian daukan garrantziari buruzko galdera batzuk egin dizkio BERRIAk Murat Cinar kazetari, analista eta idazleari. Turkian jaio zen, 1981ean, eta Italiako eta Turkiako zenbait hedabiderentzat lan egiten du.

Ukrainako krisian, Ankara jarrera neutrala izaten saiatzen ari da: eraso militarra gaitzetsi du, eta Kiev babestu du, baina ez du bat egin Moskuri ezarritako zigorrekin.

Turkiak hartu ditu errusiarren eta ukrainarren ordezkarien arteko elkarrizketak, eta estu hartu ditu bi gobernuak, konponbide adostu bat lortzeko eta, hala, liskarrak amaitzeko. Israeli ere interesatzen zaio gerra laster bukatzea, eta lidergoa lortzen ari da, potentzia arabiarrekin dituen harreman berriei esker. Bestalde, Estatu Batuak ez dira askorik fidatzen Turkiaz, Ankarak misilen aurkako S-400 sistema erosi baitio Errusiari, eta harremanak sendotu baititu Iranekin.

Ankarak ez du inoiz onartu Krimearen anexioa, 2014an errusiarrek eginikoa; izan ere, beldur da Itsaso Beltzaren kontrola galduko ote duen. Geroztik, Erdoganek Krimeako gutxiengo tatarraren defendatzaile gisa agertu nahi du, musulmanak baitira eta turkieraz hitz egiten baitute.

Dena den, Erdogan Putinengana hurbildu zen NATOn gero eta desadostasun gehiago zeudenean, besteak beste Siriako interesengatik. Aldi berean, Ukrainari ere hurbildu zitzaion Turkia. Horregatik, jarrera neutral eta erdibideko bat hartu du Erdoganek Ukrainako krisiaren inguruan: ezin du Errusiarekin duen harremana hautsi, eta, beraz, ezin ditu zigorrak ezarri; halere, ezin du Ukraina alde batera utzi: hura ere AEBetara eta Europako Batasunera hurbiltzeko zubi bat da, eta Ankarak ez du guztiz hautsi nahi harremana Europako Batasunarekin, bakartuta geratuko bailitzateke bestela.

Turkiak Errusiarekin eta Ukrainarekin dituen harreman ekonomiko eta militar sendoek ere bultzatu dute jarrera hori.

Joan deneko zortzi urtean, Turkiak oso erabaki pragmatikoak hartu ditu Kievekin eta Moskurekin. Gero eta harreman ekonomiko handiagoak egituratu zituen, baita harreman militar eta politikoak ere. Adibidez, Ukrainak Turkiara estraditatu ditu Erdoganen erregimenaren aurkako batzuk; Ankarak merkataritza akordio garrantzitsuak ditu Kievekin funtsezko sektore batzuetan, hala nola turismoan eta nekazaritzan. Turkiak droneak ere eman zizkion Ukrainako armadari.

Turkiaren eta Errusiaren arteko harremanak askoz sendoagoak dira. Errusia Turkiako lehen zentral nuklearra eraikitzen ari da, eta gasaren %45 Moskutik datorkio. Turkia, neurri handi batean, Errusiako nekazaritza produktuen mende dago, eta urtean bost milioi turista joaten dira Moskutik. Errusiak oso arma sofistikatuak saldu dizkio Turkiari, eta bi herrialdeetako zerbitzu sekretuek lotura oso estua daukate.

Turkiak eta Erdoganek zer arrisku izango dituzte gerra bukatzen ez bada?

Zigorrek Turkiaren ekonomia astindu lezakete, baita Turkiak Errusian eta Ukrainan egindako inbertsioak ere. Gariaren eta ekilore olioaren %60 baino gehiago Moskutik eta Kievetik iristen da Turkiara; elikagaien prezioak asko garestitu dira dagoeneko, eta lehendik ere oso larria zen krisi ekonomikoa, Turkiako liraren debaluazioaren eta langabeziaren igoeraren ondorioz.

Borrokak zenbat eta gehiago iraun, orduan eta ondorio larriagoak ditu Turkiako ekonomiak. Herrialde horretan, hautesle asko gehiago kezkatzen dira ekonomiaz, banakoen askatasunaz baino, eta krisia areagotzeak boterea galaraz liezaioke Erdogani. 2019ko udal hauteskundeetan, AKP presidentearen alderdiak hiririk garrantzitsuenak galdu zituen. MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdi ultraeskuindarra dago krisian batez ere: gero eta boto gutxiago biltzen ditu, alderdia zatitu eta Iyi Parti (Alderdi Ona) sortu baitzen, zeina oposiziora batu den. Horregatik, Erdoganek nahi du petromonarkiek inbertsio gehiago egin ditzaten Turkian.

Errusiak Ukrainan egin duen inbasioak eta Moskuren nazioarteko bakartzeak aukera batzuk sortu dizkiote Ankarari?

Bai. Adibidez, Qatarrekin eta Israelekin elkarlanean, Turkia Errusiaren alternatiba energetiko gisa aurkeztu da. Gainera, Errusiako oligarka asko Turkiara eramaten ari dira inbertsioen eta kapitalaren zati bat, zigorrei ihes egiteko. Dohako goi bileran, Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak argi eta garbi eskatu zien Errusiako oligarkei Turkiara eramateko negozioak; gerraren aurka dauden eta errepresioaren beldur diren errusiar aberats asko joan dira Turkiara.

Gaur egun, errusiarrak, eta ez bakarrik errusiarrak, luxuzko etxe eta ondasun asko erosten ari dira Turkian; atzerritarrentzat gero eta merkeagoak dira halakoak, debaluazioaren ondorioz. Aukera berriak izan daitezke Turkiarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.