Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak Eusdkal Herrian

Elkartasuna, salaketa eta errespetua

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «elkartasuna» adierazi die zigortuei, eta «lasaitasuna» eskatu kataluniarrei. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak dio epaia «onartu eta bete» egin behar dela

EH Bilduk sententzia ezagutu orduko egindako agerraldia, atzo, Donostian. GORKA ESTRADA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia ezagututa, erreakzio ugari izan dira Euskal Herrian; gehienek zigortuak babestu dituzte, baina epaiaren alde egin duenik ere egon da. Elkartasuna adierazi dutenen artean dago Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Zigortuei erreferentzia eginez esan du: «Ziur nago ez ziotela inori kalte egin nahi». Aldi berean, «negoziazio politikorako mahaia» proposatu du, eta «lasaitasuna» eskatu die kataluniarrei. Hala ere, esan du epaiak «zorigaiztoko» amaiera bat ematen diola «zentzugabeko» prozesu judizial eta politiko bati.

Bestelako iritzia dauka Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Sententzia «onartu eta bete» egin behar dela esan du Txibitek: «Beti esan dugu elkarrizketarako prest gaudela, baina legeak onartzen duenaren barruan».

Urkullu baino irmoago mintzatu da haren alderdia. Kataluniako ordezkari politikoak askatzeko eskatu du Andoni Ortuzarrek EAJren izenean, eta espetxe zigorrak «gogorrak» direla nabarmendu du: «Auzi politiko bat dago, eta horren irtenbidea ez da iritsiko epaitegietatik edo 155. artikulua ezartzetik».

EH Bildu ere sententziaren aurka mintzatu da, «zentzugabekeria eta bidegabekeria» bat izan delako. Jon Inarritu diputatuak baieztatu du zigor oso handiak direla, eta gatazka politiko bati horrela erantzuteak frogatzen duela Espainiako Estatua «nolakoa den». «Zigor zentzagarri bat eman nahi izan dute, eta abisua pasa, inor ez dadin ausartu Espainiako Estatua desafiatzen». Elkartasuna ere azaldu die kartzelan daudenei eta Kataluniako herriari.

Inarrituk esandakoaren ildotik, EH Bilduko mahai politikoa ere sententziaren aurka agertu da. «Espainiako Estatua ez da gai arazoa demokratikoki konpontzeko, estatuaren plurinazionaltasuna errespetatzeko eta ulertzeko autodeterminazio eskubidea dela bide bakarra estatuko herriekin aurrez aurre jartzen duen arazo politikoa konpontzeko».

Sortuk ere balorazio gogorra egin du. Arkaitz Rodriguezek adierazi du esaten zutela «biolentziarik gabe dena posible» izango zela, baina erakutsi dela «gezur hutsa» dela. «Arazoa ez zen ETA, baizik eta herrien autodeterminazio eskubidea indarrez ukatzen duen espainiar estatua», gaineratu du. «Lehenago edo geroago lortuko ditugu bakea eta askatasuna», baieztatu du.

EAk ere antzeko iritzia eman du. «Epaiak erakusten du Espainiako Estatuak ez duela onartzen eztabaida politiko demokratikoa», esan du. Elkartasuna agertu die zigortuei, haien familiei eta ordezkatzen dituzten alderdi politiko eta elkarteei. Horrez gain, Euskal Herrian egingo diren protesta ekitaldietan parte hartzeko eskatu dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k ere irmo hitz egin du. «Epaia gehiegizkoa eta bidegabea» izan dela esan du Lander Martinez idazkari nagusiak, eta elkartasun osoa erakutsi nahi izan die presoei eta haien senideei. Hala ere, elkarrizketarako deia egin die Kataluniako eta Espainiako erakundeei, «bide politikoetatik eta demokratikoetatik hitz egindako eta negoziatutako irtenbidea» aurki dezaten.

Legearen barruan

Idoia Mendiak ere elkarrizketarako deia izan du ahoan. «Zubiak irekita mantentzea beharrezkoa da», esan du. Bide beretik, esan du Kataluniarako konponbideak «aniztasunean, elkarrizketan eta akordioetan» oinarritu behar duela eta «legearen, erakundeen eta justiziaren erabakien barruan egon behar duela».

Navarra Sumak antzeko iritzia dauka. «Gustura» agertu dira, prozesu judizialak «ondo» funtzionatu duelako. «Zigortu dituzten politikariek demokrazia mespretxatu dute, konstituzioaren legezkotasunari kolpe bat emateko aprobetxatu baitute», azaldu dute. Gainera, «prozesu independentistaren aurkako sententzia onartzeko» eskatu diete Nafarroako erakundeetako ordezkariei.

Bestalde, zenbait sindikatu ere sententziaren kontra mintzatu dira, baina bakoitzak bere ñabardurak eginda. LABek esan du «demokrazian sinesten duten denen aurkako zigorra» dela. «Eman diezaiogun benetako babesa Kataluniako herriari, haien borroka hauspotuz, gureak ere beste bultzada bat izan dezan», gaineratu dute. Ildo beretik, ELAk ere mobilizazioetan parte hartzeko eskatu du, eta elkartasuna adierazi nahi izan dio Kataluniako herriari. EAEko CCOOk ere manifestaziorako deia egin du, baina ohartarazi dute ez dituztela babestuko «izaera transbertsalik eta pluralik» gabeko mobilizazioak, eta «aldebakarreko bideak» baztertu egingo dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.