«Pseudoterapiei» atea ixteko

Espainiako Gobernuak plan bat aurkeztu du «pseudoterapiek» ekar ditzaketen arriskuak saihesteko. Unibertsitateetatik eta osasun zentroetatik erretiratzea da helburuetako bat
Carcedo eta Duque ministroak plana aurkezteko ekitaldian, atzo.
Carcedo eta Duque ministroak plana aurkezteko ekitaldian, atzo. ZIPI / EFE

Arantxa Iraola -

2018ko azaroak 15
Osasuna pseudozientzietatik babesteko plana izeneko agiria aurkeztu zuten atzo Madrilen Espainiako Gobernuko Osasun ministro Maria Luisa Carcedok eta Zientzia ministro Pedro Duquek. «Pseudozientzien» aurkako «ekintza plan» bateratu batean murgilduta daude bi ministerioak, eta lehen mugarria testu honekin ipini nahi izan dute. «Pseudoterapia da ustez osasunaren aldeko xedea izan arren oinarrian ezagutza zientifikorik eta eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko ebidentzia zientifikorik ez duen substantzia, produktu, jarduera edo zerbitzu oro». Hitz horiekin zedarritu dute planaren lehen ahapaldietan zeren aurka egin nahi duten. Planaren arabera, «benetako arriskua» dira jarduera klase horiek: «Terapia horiek erabiltzen badira eraginkor direla frogatu direnen ordez edo osagarri gisara, pertsonen osasuna arriskuan jarriko da».

Hainbat elkartek urteak daramatzate tankera horretako jardueren kontrako neurriak eskatzen, eta horien nahiak betetzen hasteko abiapuntu bat da plana. Hain justu, elkarte horietako hainbat zerrendatzen ditu planak, eta haien ekarpena onartzen du. Azken hilabeteotan ozendu egin dira, gainera, aldarri horiek. Irailean, esaterako, minbiziaren kontra homeopatiarekin tratatzen ari zen andre bat hil zela jakin zen, eta ehunka zientzialarik agiri bat izenpetu zuten. Argiak zituen lehen hitzak: «Mintza gaitezen garbi; pseudozientziek hil egiten dute». Osasun ministroari zuzendu zioten. Atzo aurkeztu zuten planak, ororen gainetik, baztertu egin nahi ditu «ebidentzia zientifikoan» oinarrituta ez dauden terapia klaseak osasun sisteman eta unibertsitatean. Gizartea ere hezi nahi du. Lau lan ildo gailentzen dira testuan:

EBIDENTZIEN ESPARRUAN

Planean agindu dute «pseudoterapia» guztiak aztertuko direla ebidentzia zientifikoak eskatzen duen galbahearekin, eta «ezagutzan oinarritutako informazioa» zabalduko dela gizartean horien inguruan. Komunikazio erreminta egokiak taxutu beharko dira informazio lan hori bideratzeko, eta «aliantzak»ere bai gizarteko eta osasun arloko eragileekin.Oinarrizko abiapuntua da hori; prozesu sakon baterako zimendua. Planak jarduera horien gaineko ardura Redets sarean jarri du; osasun teknologiak eta osasun sistemaren zerbitzuak ebaluatzen dituzten agentziek osatzen dute. Informazio aski baliagarria eman dezaketela uste dute planaren sustatzaileek. «Osasun agintari gisara, ez dugu behar plan hau osasunarentzat kaltegarriak diren produktuen aurka egiteko, baina herritarrak hobeto informatuta egoten lagunduko du, eta haiek eskaintzen diren konponbide magiko horietara ez jotzea ekarriko du», esan zuen atzo Carcedo ministroak.

PUBLIZITATEAN

Planak hainbat dekretu aldatzeko proposamena egin du; aldaketa horien bidez bilatuko da jendea ongi informatzea osasun sistemaz aparte eskaintzen diren «pseudoterapien» muinean dauden ebidentzia zientifikoez —edo horien gabeziaz—, eta, ildo horretan,«publizitate iruzurtiak» saihestea. Hedabideei begira egin nahi dute lan horren zati handi bat: «segurtasun eta eraginkortasun» bermerik ez duten produktuen, zerbitzuen eta jardueren publizitaterik ez egitea izango da xedea. Ohiko hedabideetan ez ezik, Interneten, sare sozialetan eta jardunaldietan ere zabaltzen diren informazio desegokiei erreparatzea da planaren asmoa.

OSASUN ZENTROETAN

Plangintzaren hirugarren helburu nagusia da bermatzea osasun zentroetan terapiak eskaintzen dituztela soilik horretarako «titulazio» egokia duten profesionalek. Egungo legeriak «intrusismorako» atea zabalik uzten duela iritzita, lege aldaketa bat proposatu dute alor horretan. Era berean, osasun zentroetatik «pseudoterapiak» erretiratzea da helburua, eta lege aldaketa bat proposatu dute horretarako ere.

UNIBERTSITATEAN

Planaren laugarren puntuak unibertsitateetako jardunetik guztiz baztertu nahi ditu zientziak ezarritako erretenetik aparte diharduten jarduerak. «Onartezina da unibertsitateetan ebidentzia zientifikoa oinarri ez duten eskolak ematea», adierazi zuen atzo Duque ministroak. Unibertsitateen eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren arteko elkarlana sustatu nahi dute horretarako. Planaren arabera, txosten bat egingo dute «ebidentzia zientifikoan» oinarritzen ez diren jardueren inguruan; behin horiek argituta, unibertsitateekin «aliantzak» sustatuko dira halakoak bazterrean lagatzeko. Ildo horretan, «ezagutzan oinarritutako printzipioak»ezarri nahi dituzte osasun arloko profesionalen trebakuntzaren eta jardueraren oinarrian. Profesionalen trebakuntza etenik gabea ere sustatuko da norabide horretan. Nahasmenduak saiheste aldera, «osasun interesa» izendapena kendu nahi zaie ebidentzietan oinarritzen ez diren jarduerei. Ikerketa bat agindu dute helburu horrekin ere, eta egokiak diren lege aldaketak egingo dituztela esan dute. Plan irekia da, eta adierazi dute ekarpenak egin daitezkeela.

Errege dekretu bat lantzen ari dira propio kontu horiek guztiak jasotzeko: Pseudozientzietatik Osasuna Babesteko Dekretua. «Lehenbailehen» onesteko ahaleginetan ari direla adierazi zuen atzo Carcedok. Gobernuarentzat hau «lehentasuneko» auzia dela adierazi zuen, eta berandu baino lehen nahi dutela indarrean. Planean zehaztutako estrategiek zedarrituko dute legearen edukia.

Homeopatia oinarri duten produktuen geroa, kolokan

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna