Landa lurra, udalerrien erronka

Alazne Intxauspe, Imanol Esnaola
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Lurra eta zoruak funtsezkoak dira Lurrean bizitzari eusteko. Zorua (lurra) baliabide natural berriztaezina da, eta narriatzen denean ezin da leheneratu. Zorua narriatzea mehatxu erreala eta hazkorra da, lurraren erabilera eta kudeaketa era jasanezinek eragiten dutena. Zoruaren narriatze tasak, egun, etorkizuneko belaunaldiek bere beharrak asetzeko izango duten gaitasuna mehatxatzen du.

Horrela mintzo dena FAO da, Nazio Batuen elikadura eta nekazaritzarako erakundea. Zoru naturalak gorde eta kudeaketa iraunkorra ematea iraunkortasun helburu bihurtu dira mundu osoan. Alta, herri garen aldetik, badagokigu maila horretan helburuak zehaztu eta ekintza plan zabal eta adostuak bideratzea.

Lehen auzia hortxe dago. PAC delako Europako nekazaritza politika bateratuaren lehen garaietatik (1962) gure ekonomia elikadura hornikuntza ziurtatua izateari lotuta garatu dira, nazioarteko ekonomiak eta gure ahalmen ekonomikoak elikadura bermatuko zutelakoan.

Uste horrek, elikagaien finantzarizazio izugarria eragiteaz gain, arazo saldoa ekarri du katean, hala nola baserritar pobreenen gosetea, ekosistemak, lurzoruak eta atmosfera kutsatzea, edo tokian tokiko komunitateen desplazamendua, besteak beste. Denak balio du mendebalde aberatsaren gutiziak asetzekotan.

Ondorio horiek ezagunak ditugu. Aldiz, badira aitortzea gogoko ez ditugun beste ondorio batzuk. Izan ere, Euskal Herriaren kasuan milaka ustiapen galdu dira, izan klima hezean zein mediterraneoan. Hain izan da handia baserritarrei eta haien lanari egin zaien gutxiespena. Bertoko produktu askok galdu dute elikaduran zuten presentzia edo eragiten zuten ekonomia. Ondorioak, ordea, ez dira hor amaitzen. Edonongo elikagaien hornikuntzarekin eraiki dugun sistemarekin konfiatuta, bertako landa-lurrak arduragabe narriatzera edo zuzenean artifizializatzera eraman gaituzte. Artifizializazioan zenbait euskal eskualde txapeldun gertatzen ari da, kostalde hezean batez ere. Berriki Lurzaindiak salatu du Aturri elkargoan nekazaritza lurrak %21 murriztu direla 2000-2010 epealdian. 1990 eta 2018 artean Euskal Herrian 43.777 hektarea artifizializatu ditugu, eta galera hori azalera menditsuena duten herrialdeek nozitu dute gehien (Bizkaiak, Gipuzkoak eta Lapurdik).

Maila lokalean, gure etorkizuna marraztean zehazten al dugu zenbat landa lur behar dugun gure herritarrak modu iraunkorrean elikatzeko? Beharbada hortxe dago auziaren muina. Udalerrien eta eskualdeen etorkizun iraunkorraz gogoeta egiten dugunean ez dugula elikadura hornikuntza iraunkorraren xedea aintzat hartzen, eta, ondorioz, ezta horretarako dugun lurzoru naturalen ondarea ere.

Mendi-basoak eta naturaguneak gordetzeak ez du naturarengandik behar duguna asetzen, eta tokian tokiko elikagaigintza ere bada horren guztiaren zutabeetako bat: aintzat hartzen ez dugun zutabea. Baina horretarako landa lurra gorde eta bere balioa aitortu behar zaio. Izan ere, landa lurra ez da eraikitzeko orube bat, horren aurretik biharko gure elikadura burujabetzaren oinarria da.

Hiri antolamendurako plan orokorrak (HAPO) izan ohi dira udalerrietan egiten diren planifikazio ariketa zabal, konplexu eta sendoenak. Bertan zehazten dira hirigintza aldetik udalerriaren premiak eta horiek asetzeko egitasmoak zein izango diren. Kontu egin Nekazaritza Politika Bateratua indarrean dagoenetik elikadura iraunkor eta osasuntsua gure agendatik desagertu bada, horrek nola baldintzatu duen lurralde antolamenduaren gaineko gure ikuspegia. Jaso dezatela eskua herritarrak elikatzeko helburuz, HAPOan behar adina lur babestea erabaki duten udalerriek. Indarrean dauden legediek horretarako bide eman arren, eztabaida hori urrun egon da gure jendartetik (aipatzekoa Eusko Legebiltzarrak 2008an onartutako Nekazaritza eta Elikagaigintza legeak landa lurrari aitortzen dion garrantzia, landa-lurraren defentsan baliatzen ez dena). Onar dezagun.

Hirigintza planeamenduetan, «ez urbanizagarri» izendatzen diren eremuak identifikatzera jo ohi dugu. Azken bi hamarkadetako bilakaerari so, ordea, eremu «ez urbanizagarria» kategoria malgua dela ikusi dugu, hazkunde urbanistikoak behar duenean bere egiten duen eremua, nahiz eta horretarako lur lau eta goldagarria desegin.

Landa lurra, ordea, mugatua da, eta are mugatuagoa oraindik baratzegintzarako etagoldatzeko lur laua. HAPOaren moduko eragiketa batek biotopo eta gainerako natura berezitasunak betikotzeko ahalegina egiten duen moduan, landa-lurra betikotzeko ahalegina ere egin beharko luke,galerak ahalik eta gehien murriztuz, eta dagoeneko eraikita dagoenaberrerabiliz.

Gaindegiak eta EHNE-Bizkaiak bide horretan lagungarri gerta daitezkeen baliabide dokumentalak garatzen dihardugu. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Mundu Bat fundazioaren babesaz hirigintza planeamenduan elikadura arloko aldagai nagusiak dokumentatu eta eskuragarri jartzeko eredua garatzen ari gara. Landa lurrari dagokionez Euskal Herriko hirigintza praktikak iraunkortasunerako helburu nagusiekin lerratzen hasteko garaia da, eta horrek berak, alderdi hauek dokumentatzea eskatzen du.

Egiten ari garenak izaera esperimentala du eta Karrantza, Elorrio, Errigoiti eta Larrabetzun frogatu dugu. Etorkizunean Euskal Herriko udalerrien HAPO zein elikadura plan estrategikoetan baliatzeko moduko dokumentazio eredu estandarra eraikitzera iristeko lehen proposamena egin nahi genuke.

Bizi garen garai honetan, egungo egoera erronka ilusionagarria bihurtu zaigu. Udalerriak eta eskualdeak gai izango ote dira bere landalurra ongi kudeatuz bere biztanleak elikagai osasuntsu eta iraunkorrez hornitzeko? Ukaezina da, elikagai osasuntsuen premiaz gain, zirkuitu laburrek, landa lurraren kudeaketak, elikagaien transformazioak, baserriratze berriek, elikadurari lotutako enplegu sorrerak... lehen mailako ondasuna dakartela udalerri eta eskualdeetara. Etorkizunean euskal udalgintza eredu izan daiteke elikadura eredu osasuntsu eta iraunkorra eskaintzeari dagokionez, baldin eta landa-lurrari dagokion eginkizuna aitortzen badio. Eta burujabeago ere izango gara, bide batez. Gure esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.