Gezurrean bizi gara

2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Iruñeko sanferminak badatoz eta, Iruñean gertatutako oraingo eta aspaldiko minek eraginda, hantxe suertatutako zorigaitz anker bat edo beste hartu nahi ditut hizpide. Gertakizun larriak eta, bide batez, haien inguruan zabaldutako gezurrak aztertzeko asmoz behinik behin.

Iruñeko sozialisten buruzagi batek (M. Esporrinek), eskuinari alkatetza eskuratzea erraztu ondoren, adierazi zuen: «EH Bilduk eta Geroa Baik nahiago izan dute Maia alkatea izatea» eta, berehala, PSOEko bozeramaileak (Abalosek) erantsi du: «Iruñeko alkatetza Nafarroa Sumak hartu du PSOEk hala nahi izan duelako». Bietatik, nor ari da gezurretan?

Gezurra ez ohi da agertzen soziologian nahiz eta, nahi eta nahi ez, gizarte-harremanetan presente egon. Gezurra hedabideetan azaltzen da, eguneroko hitz-jarioetan eta politikoen diskurtsoetan. Gezurraren bizipena badago, egon, baina ez da ohikoa izan hari buruzko hausnarketarik.

Horren aurrean Simmelek zioskun (1986. Sociologia)gizarteen ikerketan kasu egin behar zaiola esaten denari eta isiltzen denari, eta bi aldeek eraiki egiten dutela komunitatea (komunikazio-gunea). Gezurraren historia eta teoria behar ditugu, beraz.

Ez naiz moralaz edo etikaz ari, soziologiaz eta politikaz baizik. Areago, gezurrak gizarteak ikertzeko bidean duen garrantziaz. Errealitatean ez baitago egia edo gezurrik, baina hura azaltzeko erabiltzen ditugun esakunetan, aldiz, biak agertzen dira ezinbestean. Gezurrak, hain zuzen ere, moralak eta etikak agintzen dituzten mugetatik harago dagoenaz mintzatzeko erabiltzen baitira. Eta errepikatu egiten dira, etengabe, komunikazioaren ardatz bihurtu arte.

Ezin da bizi isilunerik gabe edo zenbait gauza estali gabe, erlijioak edo epistemologia positibistak egia gurtu arren.

Gezurra da fikzioaren funtsezko mekanismoa, narrazioen ardatza eta, finean, komunitatearen oinarria. Egia bezainbeste, behintzat. Horixe izaten da gizateriaren patu dramatikoa. Mesfidantza, eszeptizismoa eta adorea ditugu, beraz, bizi-irauteko ikasi beharreko lehenengo ikasgaiak, gezurrarekin batera bizitzen jakin behar baita.

Gezurra dago erkidegoaren hasieran eta bere bilakaeran. Gezurra dela bide garatzen da gizartea, hori da egunerokotasuna eta oroimena, zeren aipatzen ez dena, estaltzen dena edo, zuzenean, oker adierazten dena oroitzapenean geratzen da iltzaturik betiko.

Animalia-kulturetan ere itxura faltsua egiteak bideratzen ditu ehiztariaren garaipena edo ehizakiaren bizi-iraun ahal izatea. Landareek ere, estrategia berdina erabiliz, engainatu egiten dute polinizazioa dela medio edota berezko izaera mozorrotzeko. Berez. Volker Sommer-ek bere Gezurraren gorazarrean (1995- Elogio de la mentira y el engaño en hombres y otros animales) dio lehoiak ez duela engainatu nahi; lehoiak ehizatu egin nahi du, bizi-irautea da bere patua.

Gizaki garen animalion artean ere, gezurraren funtsa ezin da berariazkoa ote den horretan oinarritu haren ezinbestekotasunean ulertu baizik.

Ulises heroiak eta Greziako Jainko guztiek gezurra erabiltzen zuten eta haren erabilera aldarrikatu egiten zuten.

Aristotelesek gezurraren gorazarrea egin zuen bere Poetikan, nahiz eta Etikan hori zehaztu zuen. Bere Politikan, ordea, partekatzen den hiriari buruz aritzerakoan, gezurraren kudeaketa gizaki bakoitzari dagokiola dio.

Eta hauxe litzateke egun berreskuratu beharko genukeen jarrera: gizartean bizitzeko, mesfidantzak konfiantzak bezainbesteko pisua dauka. Beraz, gezurren aurrean bizi-irauten ikasi beharra dago.

Eta hasierako gaiari heltzera noa: zer gertatu zen Madrilen 2004ko martxoaren 11tik 14ra? Izugarrizko atentatua, hauteskundeak epe oso laburrean suertatu ziren eta, haietan, gezurra nagusi.

Espainiako Gobernuaren komunikazio buru Cayetana Alvarez de Toledok (egun P. Casadoren albokoa), atentatua ETAk egin zuela zioen. Ezker Abertzaleko ordezkari A. Otegik, aldiz, ezetz zioen, baina, halere, gobernu zentralak zabaldutako bertsio ofizialak (Fake News) ez zuen disidentziarako aukera txikienik ere eman: Euskadiko Gobernu Autonomoa haren alde lerratu zen (Ibarretxe lehendakaria eta M. Azkarate bozeramailea) eta nazioarteko erakundeek, hala Europakoek nola NBEk ere, horrekin bat egin zuten... orain arte, nahiz eta hori dena gezurraren erabilera politikoa izan zela frogatuta gelditu zen.

Hala eta guztiz ere horrek guztiak ondorioak ditu. Izan ere, aipatutako bertsio ofizialaren beroan, adibidez, urte bereko martxoaren 14an zerbitzuz kanpo zegoen polizia nazional batek Anjel Berrueta okina hiltzen lagundu zuen Iruñean.

Gezurrak egiak sortzen ditu. Fake News-a nola antzeman, ordea?

Moduak badaude, jakina. Dagoeneko berri faltsuak bilatzen dituzten web orriak badaude martxan, hala nola La Buloteca, Hoaxy, Cazhosx, FactCheck.org eta abar luze bat. Halaber, sarean zabaltzen den WikiTribune izeneko egunkariak Fake News-ak gezurtatzen ditu, nahiz eta berez Wikipediak ez duen WikiTribune sortu. Wiki hitza duten webgune guztiak ez dira Wikipediarenak. Ezta Wikimedia Fundazioarenak ere... nahiz eta Deia-Bizkaiak horrela zioen 2018/09/26an: «Wikipediak gaur zabalduko du Wikitribune gaztelaniaz, 'fakenews'-en aurka egiteko: helburua da irakurleen egitateetan oinarritutako artikuluak irakurtzea, eta horien eragin eremua egiazkoa izango da gertaera lokaletan, zein globaletan»..., eta hura bera Fake news-a zen!

Gezurra gezurtatzeak, halere, ez du askorik balio, zeren Fake News-ak eta zurrumurruak funtzionalak dira benetakotasuna aitortzen zaien heinean.

Arazoa ez da, esaterako, martxoaren 11ko atentatuen atzean ETA ez zegoela esatea, kontrakoa, faltsua izan arren, sinesgarri bihurtu zela baizik. Honek adierazten baitu zer-nolako gizartean bizi garen..., eta horretarako balio du, hain zuzen ere, ahalegin honek: ez Fake News delakoen faltsutasun maila neurtzeko ez gezurtatzeko, baizik eta nabarmentzeko bizi dugun gizartea aztertzeko tresna oso egokiak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.