Antonio Truebaren abertzaletasunak

2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Abenduaren 24an A. Truebaren jaiotzaren bigarren mendeurrena gogoratzen dugu. Marta Quintana Sopuertatik bere jatorrizko etxera joan zen erditzera, Montellanora. Gurasoak herritar xumeak ziren eta gazte-gazterik han-hemenka, meategietan ere lanean hasi zen. Karlisten armadarako mutilen sarekaden beldur, gurasoek Madrilera bidali zuten eta bertan dendari zela, kazetari eta idazle bihurtu zen.

XIX. mendearen bigarren erdian Euskal Herriko pizkunde literarioaren pertsonaia ezagunena bihurtu zen. Kazetari trebea izan zen eta gaztelera errazean komunikatzaile ezin hobea. Hil ondoren, Ameriketan eta Bilbon diru bilketak egin ziren eta Bilbon Albiako enparantzan monumentu ederra eraiki zen eta idazkien bildumak argitaratu ere bai.

Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Enkarterriko Museoak Truebari buruzko erakusketa eratu du eta ikerketa berriez horniturik liburu sakona argitaratzear da.

Bizitzaren aldiak

Truebaren bizitzaren ibilbideak aldi jakinak ditu: 1.- Haurtzaroa eta nerabezaroa. Sopuertan (1819-1834) .2.-Madrilgo giroan bizimodua irabazten (1834-1862).3.- Bizkaiko erakundeen baitan, Bilbon (1862-1873) eta Madrilen (1873-1876). 4.- Bilbon,literatur giroa sustatzen eta foru erakundeen berreskurapena eskatzen.(1876-1899). Baina zalantzarik barik Madriletik Bizkaieratu zenekoa, 1862an, dugu beste gertakizun garrantzitsua.

Abertzaletasunari buruzko gogoetak.

1839az geroztik, bi abertzaletasun politikoak bi konstituzioak oinarri, Bizkaikoa eta Espainiakoa, indarrean zeuden. Amor a la Patria sarritan aipatzen zuen eta menditarrentzat berezkoa zela zeritzon. Herrimina zuen Madrilen eta jaioterriko aberriarekiko maitasuna, Espainiako antolamendu politiko orokorrari zegokion aberriarekin uztartzen saiatu zen, abertzaletasun bikoitza, alegia. Trueba Madrilen literaturan trebatu zen, baina baita politikan ere. Inspirazio liberaleko foruzaletasun politikoak Madrilen zuen ideologo nagusietako bat, Pedro Egaña: Isabel II.a erreginaren tronuaren defendatzailea, La España egunkaria editatzen zuen. Isabel II.a erregina Truebaren editore eta sustatzailea bihurtu zen. Orduan, Bizkaiko buruzagi politikoen begiko bihurtu zen. Espainian saritua izanik, Bizkaianonartua. Bestalde, 1853an, lehen aldiz, Iparragirrek ere Gernikako Arbola Madrilen kantatu zuen.

1862an Bizkaiko Batzar Nagusiek A. Trueba Bizkaiko kronikaria eta artxibozaina izendatu zuten.

1862ko uztailerako deitutako Batzar Nagusietan A. Trueba Diputazioko langile izenda zezaten Bizkaiko artxibozain eta kronikari Enkarterriko J. M. Arrieta Maskarua diputatu nagusi ohiak prestatu zuen txostena eta Balmasedako ordezkariak aurkeztu. Aldi berean, Euscalduna egunkariaren argitaratzailea T. Astuy-k gutun bat igorri zien Bizkaiko udalei, Truebaren izendapenaren alde sinadurak eskatuz. Dirudienez, 2.000 sinaduratik gora bildu zituzten. 1862an, aho batez onartu zuen Bizkaiko Batzarrak eta urrian Bizkaiko Foru Diputazioan lanean hasi zen soldata on batez. Irurac Bat Bilboko liberalen egunkariak ere txalotu egin zuen A. Truebaren kontratazioa eta honek bi egunkarietan idazten zuen.

«Allí donde concluye la lengua de los pueblos concluye su nacionalidad» (Batzar Nagusiak, Gernika 1864)

1864ko ekainean, Espainiako Senatuan, Pedro Egañak «euskal naziotasuna» aipatu zuen, Foru erakundetzea babesteko. Aurretik 1839an eta 1844an ere euskal naziotasunaren aipamena egina zuen.

Hurrengo hilean, 1864ko Gernikako Batzar Nagusietan, Miguel Loredok, Portugaleteko ordezkariak, hitzaldia egin zuen aldarrikatuz Jaungoikoa eta Foruak, eta P. Egaña eta J.Barroeta Aldamarren aldeko adierazpena onartu zen. Eta aldi berean, 1864ko uztailaren 24an, Batzar Nagusietako hiru ordezkarik zera eskatu zioten Bizkaiko Foru gobernuari, euskal hizkuntzari buruzko katedra sor zezala Bizkaiko Ikastetxeanzeren «Allí donde concluye la lengua de los pueblos concluye su nacionalidad» (herrien hizkuntza amaitzen den tokian amaitzen den haien nazionalitatea)

Bizkaiaren «nortasun politikoa» aitortzeko 1860ko hamarkadan, Bizkaiko jatorrizko independentziaren ideia, Batzar Nagusien burujabetza aldarrikatzeko abiapuntua zen, eta Bizkaiko kronikaria, A. Trueba, Bizkaiko kondairan frogatzen saiatu zen.Bestalde, ohiko Foruetan oinarrituriko gizartearen idealizazio erromantikoa ere asmatu zuen.

Karlistak eta liberalak gerra giroan (1869-1876)

1869ko hauteskundeetan eta ondokoetan, Jaungoikoa eta Foruak goiburupean Euskal Herrian erabateko nagusitza lortu ondoren, azkenean borroka armatuari ekin zioten, lehenengo Jaungoikoa aldarrikatuz, Santa Cruz apaizaren esanetan. Baina aldi berean, Foru erakundeak ahuldu egin ziren. A. Trueba karlista zelakoan, lanpostutik kargugabetu egin zuten (1870). Espainian, lehen errepublika federalaren garaian (1873) eta karlisten oldartze armatuaren gorakadan, A. Truebakegunkari berri bat sortu zuen El Correo Vascongado, Foruen, Monarkiaren eta Alfonso XII.aren alde, A. Canovas del Castilloren ildotik. Azkenik Madrilera alde egin zuen.

1876an aldiz, Batzar Nagusiek artxibozain postuan berrezarri zuten eta seme kutuna izendatu. 1876ko uztailaren 21eko legea salatzeko eta Alfonso XII.aren aurrean foru erakundeen jarraipena aldarrikatzeko, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko erakundeen izenean, foru abertzaletasun burujabearen idazle eta adierazle bihurtu zen. Baina ez A. Canovas del Castillok ez eta Alfonso XII.ak ez zuten aintzat hartu eta elkar urrundu egin ziren.1877an Batzar Nagusiak eta gobernu foralak, ezabatuak izan ziren.

Euskal kultur pizkundearen eragile

Aurrerantzean euskal kultur pizkundearen giroan, euskal jaialdietan, euskara eta literatur sortzaileen aldeko eta ezinbesteko ikono bihurtu zen. Foru abertzaletasunaren aldeko aldarriak sustatu zituen hil arte. Eta bere heriotzan, joera guztietakoen begiko bihurtu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.