Leherketa batek gutxienez 50 hildako eta ehunka zauritu utzi ditu Beiruten

Lehergailu biltegi batek eztanda egin du Libanoko hiriburuan. Eraikinetako leihoak hautsi ditu hainbat kilometrora ere

Beiruteko portu ingurua, lehergailu biltegi batek eztanda egin ostean. WAEL HAMZEH / EFE.
Iosu Alberdi.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Leherketa ikusgarri batek dardarka jarri zuen, atzo, Beirut. Libanoko hiriburuko portuko lehergailu biltegi batek su hartu zuen, eta horrek eragindako leherketa hainbat kilometrora ere sumatu zuten. Lerro hauek idazterako orduan, gutxienez 50 lagun hil zirela baieztatu zioten Libanoko Osasun Ministerioko iturriek Efe agentziari, eta 2.750 baino gehiago ziren zaurituak. Herrialdeko gobernuak dolu eguna ezarri du gaurko, eta adierazi du ikerketa bat abiatu dutela, arduradunek erantzun dezaten.

Kalte larrienak portu inguruko eraikinetan eragin zituen leherketak. «Hildako eta zauritu asko» zeuden han inguruan, testiguen arabera. Arratsalderako, 500 lagunetik gora ospitaleratu zituzten Hotel Dieu ospitalean, LBC telebista katearen arabera, eta herritarrei odola emateko eskatu zieten. Efe albiste agentziaren iturrien arabera, ospitale hark ezin zuen zauritu gehiago jaso.

Osasun ministroak zauritu guztiak jasotzeko agindua eman zien ospitaleei, eta tratamenduak Osasun Ministerioak ordainduko dituela adierazi. Era berean, herrialdeko presidente Michel Aounek eskatu zuen leherketaren eraginez desplazatu behar izan dutenei laguntzeko.

Larrialdi zerbitzuak portu inguruan aritu ziren jardunean, eta Gurutze Gorriak ingurura gerturatzeko eskatu zien erakundearen kolaboratzaileei. Horrez gain, Aoun presidenteak armada bidaltzeko agindu zuen, «leherketa handiaren ondorioak tratatzeko» eta «segurtasuna bermatzeko». Beiruteko gobernadore Marwan Aboudek adierazi zuen agintariek kontaktua galdu zutela hara joandako hainbat suhiltzailerekin.

Portuko gari siloetako batean piztu zen sua, eta alboko lehergailu biltegira pasatu zen ondoren, 18:15ak aldera —17:15ak Euskal Herrian—, ANNren arabera. Gorantz nabarmendu zen ke gorrixka bat eragin zuen suteak, eztanda soinuekin batera. Sare sozialetan zabaldu ziren bideoetan ikus zitekeenez, segundo batzuk geroago gertatu zen leherketa handia. Hiri osoan sentitu zen eztanda. Leherketaren hedatze uhinak kilometro bateko distantziara zeuden hainbat eraikinetako leihoak ere hautsi zituen. Aboudek azaldu zuen «hiri erdiak kalte larriak» jasan zituela.

Libanoko Segurtasun zuzendari Ibrahim Abbasek baieztatu zuen «urteetan zehar konfiskatutako material bereziki lehergarria» gordetzen zela biltegian. Ez zuen, ordea, geratutakoaren inguruko xehetasun gehiago eman. Herrialdeko Al Mayadin telebista katearen esanetan, lehergailuez gain, gasolina ere bazegoen biltegian.

Leherketak are gehiago larrituko du Libano pairatzen ari den krisi ekonomiko sakona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.