Gerra Ukrainan

Errusiaren gerra lokartua

Putinek Ukrainan piztutako gerrak ia 77 urteko zauri sakon bat ireki du Japoniarekin Errusiako beste muturrean, Kuril uharteen gaineko kontrola dela eta. Tokio eta Mosku gerran daude 1945tik.

Errusiaren gerra lokartua.
Josep Solano
Tokio
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Otsailean Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuenean hasitako liskarrek zauri handi eta sakon bat ireki dute herrialdearen beste muturrean. Hain zuzen, Errusiak eta Japoniak gatazka bat izan zuten aspaldi Ozeano Barearen iparraldean, Okhotskeko itsasoan, Kuriletako 56 uharteetako laurengatik. Martxoaren erdialdean, Japoniako Dietako Kontseilarien Ganberako aurrekontu batzordea bilera lasai bat egitekoa zen, baina Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak iragarri zuen bere gobernuaren asmoa dela «Iparraldeko Lurraldeen» gaineko subiranotasuna berreskuratzea, hau da, hegoaldeko Kunaxir, Iturup, Xikotan eta Habomai uharteak bereganatzea, oraindik ere horien jabetza erreklamatzen baitu.

Japonia eta Errusia Bigarren Mundu Gerraren amaieratik daude teknikoki eta formalki gerran, bi herrialdeek ez baitute sinatu gatazka amaitzeko bake hitzarmenik. Japoniak XIX. mendean kolonizatu zituen lehen aldiz gatazka iturri diren uharte horiek, baina gerraren amaieran sobietarren kontrolpean geratu ziren, Japoniako Inperioa Kuriletatik eta Sakhalin uhartearen hegoaldetik kanporatu zutenean. Kalkulatzen da garai hartan 17.000 pertsona baino gehiago deportatu zituztela lurralde horietatik; gehienak Hokkaido uhartean bizi dira gaur egun, herrialdearen iparraldean.

Oraindik ere, Japoniako mapek herrialde horren barruan kokatzen dituzte «Iparraldeko Lurraldeak», lurraldearen parte balira bezala. Askotan, «Errusiak okupatuak» oharra jartzen diete. Moskurentzat, uharte horiek gerran lortutako altxor baten modukoak dira, garrantzi estrategiko handia baitute Ozeano Barera arazorik gabe iristeko.

Tokioren mugimendu horri erantzuteko, Moskuk jakinarazi zuen bertan behera utziko zituela Japoniarekin zituen bake negoziazioak, eta Atzerri Ministerioak, komunikatu baten bidez, baieztatu zuen ezinezkoa iruditzen zaiola gaur egun dokumentu bat sinatzea «argi eta garbi etsai baten gisara jokatzen duen» eta Errusiaren interesei kalte egin nahi dien herrialde batekin. Komunikatu ofizial horrek honakoa baieztatu zuen: «Tokiorena da aldebiko lankidetzari eta Japoniaren interesei egindako kalteen erantzukizun osoa. Tokiok ondorioen jakitun egonda erabaki du Errusiaren aurka egitea, bi herrialdeentzat onuragarria litzatekeen lankidetza eta hurbiltasuna garatu beharrean».

Tokiorekin bake negoziazioak bertan behera utzi aurretik, eta Tokioren aurkako giroa garrazten hasi baino lehen, Vladimir Putinek abisu batzuk eman zituen, Japoniarekin zuen politika aldatu zuela iragartzen zutenak: hasteko, zuzenketa bat onartu zuen Zerga Kodean, Kuriletan muga zergarik gabeko eremu bat ezartzeko. Zuzenketa horri esker, Moskuk erregistratutako konpainiak salbuetsita egongo dira uharte horietan negozioak hasten dituztenean, baita hurrengo hogei urteetan ere, eta ez dituzte ordaindu beharko zerga handi batzuk: besteak beste, enpresei, jabetzari eta lurrari dagozkienak.

Erantzuna zigorrei

Lege aldaketa horrekin, Kremlinek bultzada bat eman nahi die uharte horietarako inbertsioei, baina Tokiok baieztatu du plan horiek kontraesanean daudela Errusiarekin batera eta bi herrialdeen lege egoerari kalte egin gabe «Iparraldeko Lurraldeetan» jarduteko asmoarekin. Japoniako Gobernuak, Hirokazu Matsuno idazkari buruaren bitartez, deitoragarritzat jo du neurri hori. Dena dela, analista batzuen ustez, Kremlinen erabakia zigor ekonomikoei emandako erantzun bat da, Tokiok ere zigor ekonomikoak ezarri baitizkio Errusiari, Ameriketako Estatu Batuekin eta Europako zenbait estaturekin batera, Ukrainan egindako operazio militarragatik.

Japonia kontrol militarra areagotzen hasi zen duela hilabete batzuk, Errusiaren eta Txinaren arteko ariketa militarrak hasi eta gero, eta, batez ere, jakin ondoren Errusiak misilak jaurti dituela orain dela gutxi Japoniako itsasoan urpeko batzuetatik. Duela egun batzuk, Japoniako prentsak jakinarazi zuen Errusiako armadak Kalibr motako bi gurutzaldi misil jaurti zituela inguru horretara bere itsaspekoetatik; misil horiek 2.000 kilometrora baino gehiagora jaurti daitezke. Proba militar horiek egin zituzten garai berean, Japoniak eta Amerikako Estatu Batuek iragarri zuten itsasoko ariketak egingo zituztela toki horretan bertan.

Tokiok izan du beste motiborik autodefentsa indarren jarduna areagotzeko: Errusiako Senatuko presidente ohi eta Kremlinen aldeko Bidezko Errusia alderdiko buruzagi Sergei Mironoven adierazpenak, hain zuzen; Mironoven arabera, Errusiak Hokkaido uhartearen gaineko eskubide guztiak ditu. «Aditu askoren arabera, Errusiak Hokkaidoren gaineko eskubide guztiak ditu. Espero dut Japoniako politikariek ez dituztela erabat ahaztuko Bigarren Mundu Gerrako irakaspenak eta Kwantungeko armadaren patua; bestela, gogorarazi egin beharko dizkiegu», adierazi zuen Mironovek hedabideen aurrean, gogora ekarriz Josiv Stalinek uhartearen erdiaz jabetzeko asmoa izan zuela 1945eko abuztuan; Harry S. Truman AEBetako presidente zenak irmo eragotzi zuen asmo hori. Gaur egun, gerra oraindik ez da amaitu, formalki behintzat, arriskua baitago zauria guztiz ireki eta Putinek beste fronte bat irekitzeko ia Ukrainaren antipodetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.