Utopia ala distopia?

Ane Maiora Manso
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Koldarkeria eta erantzukizunen utzikeria nagusitzen ari dira ingeniaritza neoliberaleko hamarkadek moldatutako gizarte honetan, indibidualismoa nagusi da, eta merkatuak agintzen du. Utopiarik gabe geratu gara, ala ez?

Geroa, gizonik eta emakumerik gabe artikuluan (BERRIA, 2022-08-18), Jule Goikoetxeak eta Miren Arangurenek emakumeak / gizonak dikotomiarekin bukatzeaz hitz egiten dute. Gaur egun, 2022an, emakumeak existitzen direla esan daitekeen gauzarik eztabaidagarriena da. Gaur egun, genero-teoria berriak ezartzen du ez dagoela sexurik, edo behintzat ez duela garrantzirik: axola duen gauza bakarra genero-identitatea da, eta bakoitzak berea aukeratzen omen du, edo harekin batera jaiotzen da. Teoria honek, lehen begiratuan, askatzaile itxura izan dezake. Azkenean, gorputzaren uztarritik askatzen ari gara! Azkenean izan gaitezke benetan garenak!

Dena den, emakume izatea giza espezieko eme gisa jaio izana da. Gorputza da, biologia da, natura da. Sexua da. Sexua ez da ez ona ez txarra, errealitate materiala da. Baina horren arabera eraikitzen da zapaltzen gaituen generoa. Eta horregatik feminista da eskatzen dituena genero zapaltzailearen abolizioa, sexu- eta ugalketa-esplotazioaren amaiera, emakumeen giza eskubideak, gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasuna arlo guztietan (zibila, lanekoa, ekonomikoa, soziala, familiarra), gure duintasuna eta merezi dugun errespetua, gizonek merezi dutena bezalakoa. Eta feminismoarentzat ezerk ez du hori baino garrantzitsuagoa izan behar. Hori da gure agenda. Hala ere, ziurtzat jotzen dute feminismo erradikalak ez dituela emakume guzti-guztiak barne hartzen, ahaztu egiten baitute bokazio internazionalista duela hasieratik.

Feminismo horien gorakada ez ote da gertatuko estrategia patriarkal begi-bistako bati baliagarria zaiolako?: zatitu, eta irabazi egingo duzu. Zatitzen eta banatzen gaituena nabarmentzea proposatzen dute, ondorio nabarmena lortuz, feminismo bakoitza bere eremura mugatzea; mugimendu feminista erabil dezagun, erabateko garrantzirik eza lortu arte, alegia.

Feministok behin eta berriz azaldu dugu generoa sexu-desberdintasunekin lotuta dagoela, baina sozialki eraikita dagoela, milaka urtetan gizonen eta emakumeen arteko botere-banaketa desberdina ezartzen eta islatzen duela. Eta sozialki eraikitako edozer bestela eraiki liteke politikaren bidez.

Ideologia generistak dio generoa pertsona batek sentitzen duen zerbait dela, eta ez duela loturarik bere gorputzarekin ezta ugalketa-sistemarekin ere. Bere aktibistek esan ohi dute sexua eraikuntza soziala dela, emakumeen eta gizonen arteko bereizketa biologikoak ez direla objektiboki errealak, gizarteak sortuak baizik. Horiek ez dira ezkerreko balioak, muturreko indibidualismoaren ortodoxia hutsa baizik, eta ez du genero, arraza eta klasearen ardatzetan eraikitako zapalkuntzaren egiturazko azterketa partekatzen. Are gehiago, azterketa hori suntsitzen saiatzen da.

Esan liteke nahita batzen eta nahasten dituztela sexu biologikoa eta generoa. Halako hizkuntzak egindako baieztapenak eta bere helburua —norberaren gorputzarekiko disoziazioa— ulertzen saiatzen garenean, denak zentzu handiagoa dauka. Martine Rothblattek, transgenerista eta transhumanista, oso aberatsa eta eragin handikoa, Transgenerotik transhumanora liburuan halaxe dio: «Pertsona baten izateak ez du zerikusirik gonadekin. Naturak transgeneroak dira, sexua buruan dago eta gure gogamenak infinituki bakarrak dira identitate sexualari dagokionez. Sexu-identitatearen paradigma berri posible bakarra da pertsonak ez direla ez emeak, ez arrak, baizik etagenero indibidualekoak continuumzabal batean». (Giza gorputzetatik identitate digitaletara: transgenerismoa, transhumanismoa eta 4. industria-iraultza. Lillian Hellwomon).

Berregituraketa horretan, sexua eta genero-identitatea berdintzen dituzte, eta, identitateak buruan daudenez, gure izaera eta izatea bat-batean estereotipo patriarkal zahar berberekin berrinterpretatzen da: desegin gorputz sexuatuak, baina gera zaitez genero-estereotipoen identitatearekin.

Konstruktibismo postmodernoak giza eskubideen oinarri unibertsala higatu nahi du gaur egun, eta, horren truke, erlatibismo indibidualista ezarri, sexu-merkatuaren hedapen mugagabea bermatzeko. Egia esan, sexua genero-identitatearekin ordezkatzeak gatazka-fronte gaindiezina ireki du emakumezkoen sexuan oinarritutako giza eskubideekin, lesbiana, gay edo bisexualen sexu-eskubideekin eta genero-aginduen disidente guztien giza eskubideekin, emakume edo gizon izatera behartzen baitira. Eskubideak zabaltzetik urrun, atzerapauso onartezin baten aurrean gaude.

Bizitzan eremu materialetik birtualera bira osoa ematea da, emakume errealen benetako egoerarekiko lotura ahulenak soilik egiten dituen hitzezko politika sinboliko batera, alegia.

Gainera, feminismo horiek kideei irakasten diete leku gutxi dagoela eskala handiko gizarte-aldaketarako, edo, agian, lekurik ez: denok gara, gutxi gorabehera, emakume gisa gure nortasuna definitu duten botere-egituren preso; ezin izango ditugu inoiz egitura horiek eskala handian aldatu, eta ezingo diegu inoiz ihes egin. Egin dezakegun guztia zera da, botere-egituren barruan parodiatzeko espazioak aurkitzea, haiei iseka egitea, hitz egitean urratzea. Eta, horrela, hitzezko politika sinbolikoa, politika erreal gisa eskaintzeaz gain, benetan posible den politika bakartzat hartzen da.

Utopia da Goikoetxeak eta Arangurenek elkarrizketan aipatzen duten bezala gizonik eta emakumerik gabeko gizarte batean pentsatzea, edo, neo-hizkera honetan, distopiaz ari gara? Jendea errepresio eta kontrol pean duen gizartea, utopia kanpotik bakarrik dirudiena, alegia. Kontrol sozialeko sistema errepresiboak, herritarren gobernu-hertsapena, teknologiaren eragina giza adimenean, aurre egiteko mekanismoen deuseztapena, indibidualtasuna, zentsura, sexu-errepresioa, klase-bereizketak, bizitza artifiziala eta gizakiak naturarekin duen elkarreragina suntsitzea (eta, askotan, natura bera suntsitzearen ondorioak).

Horrek esan nahi du feministok uko egiten diogula aurre egiteari, eta beste zapalkuntza eta diskriminazio batzuk ere desagerrarazteko borrokatzeari? Ez, noski. Baina hori ez da iraultza feminista izango. Beste iraultza bat da. Beharrezkoa eta zuzena, baina beste bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.