Berrasma dezagun ikerketa zientifikoa

2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Heldu da iraila eta berarekin batera ikasturte berria. Langile gehienak euren lanpostuetara itzuli dira: eskoletara, fabriketara, dendetara, osasun zentroetara... eta zientzialariak laborategietara bueltatu dira. Eurekin batera hasiera emango zaie ikasturte honetan ere eskola, unibertsitate edota bestelako aretoetan ikerketa zientifikoaren mundua publiko zabal bati hurbiltzea eta zientzialarien lanak gizartearen garapenerako duen garrantziaz ohartaraztea helburu duten zientzia dibulgazio ekimen ezberdinei. Ekimen interesgarriak izaten dira hauek, baina diskurtso bertsuekin eta egiten denarekiko ikuspegi kritiko bat tokirik utzi gabe burutzen direnean, arriskutsuak ere badira. Horrelakoak gero eta arruntagoak dira gurean, eta ahots disidenteak, aldiz, gutxi.

Gizartearen gehiengoari zientziari buruz galdetuko bagenio oso mundu ideala deskribatuko luketelakoan nago: objektibotasuna eta neutraltasuna bezalako balioak erdi-erdian dituen mundua; zientzialarien pasioa, altruismoa, edota metodo zientifikoak bermaturiko egia absolutua bilatuz mundua eraldatzeko duten grina ere aipatuko lituzkete. Balio horiexek erakarrita, ikerketa zientifikoaren munduan murgildurik egon garen batzuek, ordea, bestelako errealitate bat deskriba dezakegu.

Bertan bizitako lehiakortasuna azpimarratuko nuke lehenbizi. Izan ere, badirudi zientzialari askoren egoak eta publikazio zientifikoak eskuratzeko beharrak aspaldi ordezkatu zituela jakintzarekiko pasioa eta mundua eraldatzeko grina. Altruismotik oso urrun eta sistema kapitalistaren motorretako bat izanik, interes oso zehatzek gobernatzen dute ikerketa zientifikoa. Esaterako, milioika euro inbertitzen dira armagintza industriaren garapenerako egiten diren ikerketetan, baina ebolaren aurkako txertoaren inguruan ez zen ikerketarik burutu, gaitza Estatu Batuetara heldu zen arte. Gainera, gure gizartearen arazoei aurre egiteko horien errora jo beharrean, ikerketa zientifiko-teknologikoak partxeak eskaintzen dizkigu maiz, berauek sortu dituen eredua kuestionatu ez eta horretan murgilduta jarrai dezagun. Azkenik, metodo zientifikoaren objektibotasuna zalantzan jarriko nuke, emaitza berberak oso modu ezberdinean interpreta baititzakete bi zientzialari ezberdinek. Pentsa dezagun zenbat ikerketa zientifiko erabili izan diren sexuen arteko ezberdintasunak esentzializatzeko, emakumeon gorputzak patologizatzeko edota arrazaren kontzeptua justifikatzeko, besteak beste.

Hau guztia kontuan izanda, zientzia emakumeok kanpoan uzten gaituen beste botere esfera bat dela esan daiteke. Izan ere, gure karrerekin aurrera egiteko, mundu honetan dihardugun emakume askok gureak ez diren jarrera eta egiteko moduak erreproduzitzeko beharrean ikusi dugu geure burua, gizon txuri burges eta heterosexualen objektibotasuna kolokan jar ez dadin.

Zientziaren maskulinitateak, beste diziplina batzuekin alderatuz, bere sorreran bertan du erroa. Antzinako Grezian, jadanik, Platon edo Aristoteles bezalako filosofoek, natura deskribatu ahal izateko, beronen eta ideien munduaren arteko banaketa ezarri zuten, emozioak eta arrazoia elkarrengandik urrunduz. XVI. mendearen amaieran, Descartesek eta Newtonek, besteak beste, metodo zientifikoaren oinarriak inkatzerakoan ere, subjektu ikertzailearen eta objektu ikertuaren arteko banaketa garbia ezarri zuten, bien artean botere harreman bat sortuz. Natura, balio femeninoen bidez deskribatua betiere, gure nahien arabera kontrolatu, eraldatu eta bortxatzeko tresna gisa sortu zen ezagutza zientifikoa, Francis Baconen hitzetan. Are gehiago, ez da kasualitatea metodo zientifikoa estatu modernoekin batera sortu izana, herriari boterea kendu eta kapitalismoa bermatzeko erreminta izan baita. Zientziaren gailentzearekin batera, magia edota jakintza herrikoiak errotik erauzi ziren, eta baita emakumeei euren gorputzaren gaineko kontrola kendu ere, medikuntza modernoaren eta sorgin ehizen laguntzaz, Silvia Federiccik Kaliban eta Sorgina liburuan ongi baino hobeto azaltzen duen moduan.

Has gaitezen, beraz, eredua iraultzearekin batera ikerketa zientifikoa iraultzeari buruz hitz egiten. Garaia baita zientzialariok kolektibo gisa lan egin, dagokigun erantzukizuna hartu eta, herriarekin batera, kultura zientifikoa ber-asmatzeko. Herritarrak ahaldunduko dituen kultura zientifikoa behar du izan honek, ikuspegi kritikoa sustatu eta erabakiak kolektiboki hartzea ahalbidetuko duena. Soilik horrela utziko baitiote jakintza, egia eta botereak gutxi batzuen esku egoteari. Garaia baita margenetatik esfera hau aldarrikatu eta geure egiteko. EHUko irakaslea den Enkarni Gomezek dioen moduan, galde diezaiogun geure buruei zein den bizi nahi dugun bizitza eta jar dezagun zientzia bizitza horren menpe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.