Zientzia eta teknologia fakultatea, mende erdia zientzia bultzatzen

2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Duela hilabete batzuk UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak ezki hostotxiki (Tilia cordata) bat landatu zuen Leioa-Erandio eremuko Arboretumean, gure unibertsitateko Bizkaiko Campusean, fakultatearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiei hasiera emateko. Espezie horren aukeraketa ez da arbitrarioa izan: Zientziaren Arbola irudikatzen du, bere oinarrizko batasunaren sinbolo moduan. Ekitaldiak 1968ko maiatzean hazia landatu zenekoa sinbolizatzen du, Ministroen Kontseiluak Bilboko Unibertsitatea sortzea erabaki zuenekoa. Bilboko Unibertsitateak bi fakultate izan zituen hasieran, Ekonomia eta Medikuntza fakultateak, baina gorantz zihoan Bizkaiko industriak kimikariak lehenbailehen behar zituenez, eta Medikuntzako eta Zientzietako lizentzien lehenengo maila antzekoa zela aprobetxatuz, hirugarren fakultate bat gehitu zitzaion: Zientzia Fakultatea (Kimika atala), gaur egungo Zientzia eta Teknologia Fakultatea.

Zientzia Fakultatearen lehenengo urratsak, 1968-1969ko ikasturtean, Deustuko zubiaren ondoan egin ziren, «Bilboko Botikazar 1» eraikinean, hain zuzen ere, Portugaletera eraman berri zen Nautika Eskolaren egoitza izandakoan. Fakultatea ez zen Leioara, egun daukan kokalekura, ekarri 1971ren amaierara arte.

Zientzia eta Teknologia Fakultatea ikastegi bizia izan da bere titulazioen eskaintzan. Zientzietako Lizentziarekin (Kimika atala) hasi bazen ere, Bizkaiko agintariek Hezkuntza eta Zientzia Ministroari adierazi zioten herrialde honetan errotutako industria kimikoak eta Somorrostron finkatzekoa zen petrolio findegiak kimikari profesionalez gain fisikari eta matematikariak ere behar zituela. Horrela, bada, Juan Echevarría Gangoiti Bilboko Unibertsitateko errektore zelarik eta Justo Mañas Díaz fakultateko dekano, Natur Zientzietako bost adar klasikoak eskaini ziren: Biologia, Fisika, Geologia, Matematika eta Kimika. Beranduago, eskaintza zabaldu egin zen bigarren zikloko Biokimika, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Zientziak lizentzietara. Gaur egun, ikasketak Europako Unibertsitate Eremura egokitu ondoren, bederatzi gradu eskaintzen ditu: bi Ingeniaritzako adarrean (Ingeniaritza Elektronikoa eta Ingeniaritza Kimikoa) eta zazpi Zientzietako adarrean (Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Fisika, Geologia, Matematika eta Kimika). Horrez gain, Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza eta nazioarteko graduko hiru titulazio bikoitz ere eskaintzen dira. Eskaintza horrekin Zientzia eta Teknologia Fakultatea Euskal Herriko erreferenterik garrantzitsuenetakoa da gure gizartearen erronketan berebiziko garrantzia izan dezaketen profesionalen prestakuntzari dagokionez, teknologia berrien garapenetik hasi eta biozientzietako ikerketara, garapen jasangarritik eta ingurumenaren kontserbaziotik igarota.

Hasiera prekarioa izan zen, urte haietako egoera politiko zailarekin espero izatekoa zen moduan, baina fakultateko ikasgeletan lehenengo zientzialariak prestatzeko balio izan zuen. Halaber, badugu kudeaketak ezartzen zituen erronkei une oro erantzuten jakin izan duen administrazio eta zerbitzuetako pertsonala. Gaur egun, fakultatea irakaskuntzan eta teknologien garapenean esperientzia handia duen ikastegia da, eta hala erakusten du gure ikastegiak Shanghaiko sailkapenean hainbat ikerketa arlotan duen posizio onak. Graduondoko eskaintza zabalak, goi mailako ekoizpen zientifiko eta teknologikoa oinarri duenak, ikasleei aukera ematen die azken teknologiak eta aurrerapen zientifikoak bertatik bertara ezagutzeko fakultatean ematen diren 14 master ofizialetan (horietatik hiru, unibertsitate artekoak, eta bi, Erasmus Mundus direlakoak), eta horrek gure ikastegiaren nazioarteko bokazioa indartzen du.

Fakultate baten kalitatea ez da bertako irakasleen bikaintasunagatik bakarrik neurtzen; hein handi batean, bere ikasleen kalitateagatik, eta, gaur egun, lehen mailako ikasleak ditu. Unibertsitateko titulazioetan sartzeko eskatzen diren notarik altuenetakoak fakultateko graduetako batzuei dagozkie. Horren eredu argia da gradu bikoitzerako 14ko eskalan 13tik gorako nota 2018-2019ko ikasturtean, UPV/EHUko altuena. Ikasleak prestatzerakoan, fakultatearen helburua da ikasleok kualifikatutako lanpostuak eskuratzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskura ditzatela.

Azken 50 urteotako lan eskergaren ostean, 18.000 pertsonak eskuratu dute lizentziatu, ingeniari edo graduatu titulua, eta 2.000 inguruk, doktorearena. Kopuru horiek erakusten dute fakultateak hainbat langile kualifikatu eman dizkiola gizarteari, maila desberdinetan lanean ari diren langileak, bereziki, ekoizpen sarean, baina baita erakundeetan eta hezkuntzan, eta, askoren kasuan, ardurazko lanpostuetan.

Fakultatearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak Zientziaren Arbola landatuz hasi ziren eta arbola horren inguruan bildu ginen fakultateko ikasle eta irakasleak, lehenengo promozioetako tituludunak, dekano andre ohia, gainerako dekano ohiak eta fakultatean doktorego tesia defendatu zuten lehenengo ikasleak. Apirilaren 11n ekitaldi nagusia egin genuen, eta handia izan zen bertaratutako entzuleria; izan ere, Bizkaia Aretoko gelarik handiena bete egin zen. Ospakizunen amaierako ekitaldia uztailaren 12an izango da. Ekitaldi horretan, azken 50 urteei buruzko bideoa eta liburua aurkeztuko dira, eta, halaber, mahai-inguru bat izango dugu gurea bezalako fakultate batek XXI. mendean jokatu behar duen paperaz eztabaidatzeko.

Mende erdi luze honetan egin dugun lana euskal gizartearekin partekatu nahi dugu, bai eta Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta sozialari laguntzeagatik harro gaudela erakutsi nahi dugu, eta urteurrena gidatzeko gure ikasleriak burutu duen leloa errepikatu: Biba Zientzia!, Ciencia Viva.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.