Hegel, Marx, Gorbatxov eta zubiak

2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herrian asko izan gara filokomunistak, dela ideologiaz, dela nolabaiteko begikotasunez: sobietarrak hotzak, sufrituak, izaeraz soilak eta buruz jantziak iruditzen bazitzaizkigun, amerikarrak, alderantzira, ezjakinak, harroak, kontsumistak eta zilbor-begiratuak jotzen genituen. Gogoan ditut, oraindik ere, Berlingo Harresia erori ondoko lehen Olinpiar Jokoak, Bartzelona 92koak. Saskibaloian lehen aldiz parte hartu zuen Dream Team hari, Michael Jordan buru, harrokeria zerion: adierazpen ahoberoak, aberriaren une oroko goraipatzea, aurkarien gutxiespena... Bartzelonan egin zuten egonaldirako jatekoa AEBetatik ekarri zutela jakin orduko, are begitanago hartu genituen, lehenaz gainera. Sabonis sobietar eta Petrovic jugoslaviar ohien oilarraldiak barkagarriago zitzaizkigun: gureetakoak ziren, gureagoak ziren eta kito. Parerago zetozen Bakero, Mindegia edo Retegi puri-purian zeuden Euskal Herriko giro hartara. Aldez aurretik geneukan erabakia, bada, noren alde behar genuen. Ez zen kontu ideologikoa soilik, baita estetikoa ere.

Marxi ikasi genion zapaltzaileari ekin egin behar zaiola, baina Platonek lehenago irakatsi zigun ezin fida garela nolanahi zentzuez. Gazteak ekintza nahiago, jakina, zentzuak eta zantzuak ezbaian jartzeko partez. Eta gu nerabeak izan! Bizitzaren joanean, batek ikasten du etika bera ere kamutsa dela zerbait utilitarismorik gabe. Alegia, surtan probatzen dela eltzea eta ematen dituen fruituetatik arbola.

Gorbatxovek utilitaristagoa, etikoagoa egin nahi izan zuen Sobiet Batasuna. Berregituraketa eta gardentasuna bidaide, bazekien seko burokraziaperatua eta zentralizatuegia zegoen erregimena egurastu beste erremediorik ez zela. Etikoagoa ez ezik, eragingarriagoa eta lehiakorragoa ere bihurtu asmo zuen. Ez zioten utzi. Fedeak ez du erreformarik ametitzen, Eliza Katolikoan maiz agerian geratu izan den bezala, eta, nagusitzen direnean ere, ez da bazterretan odol-putzurik falta izaten. Erreforma erlijiosoek, ekonomikoek, politikoek edo bestelakoek etengabe porrot egiten duten lekuan, azti. Espainia da, historikoki, adibiderik garbiena.

Baina, zer irakurketa egin dezakegu sozialismo erreal hartaz egungo ikuspegitik atzera so eginda? Hasteko eta behin, sistema komunista guztiak agintekerian erori direla, salbuespenik gabe, nahiz batek edo bestek estalinismoaren atzaparretatik ihes egin, eta, nolabait, Mendebaldeko kredituei esker, ongizate sozial eta ekonomiko handiagoa lortu. Jugoslaviaz ari naiz, zehatz esateko. Iritzi-askatasunik ez da izan sistema komunistetan, ez baitzegoen alderdiaren ikuspegia auzitan jartzerik.

Frankfurteko Eskolako Max Horkheimer-ek behiala esan gisan, oso da konplikatua askatasuna eta justizia soziala uztartzea. Badirudi bata sendotuz gero, bestea ahuldu egiten dela. Ez da beti hala, ez bederen gertakarietan oinarritzen bagara. Alemaniako eta Poloniako langileak izan ziren komunismoa eraitsi zutenak, eta Errumaniako zein Bulgariako langileek egiten zituzten ilara amaigabeak elikagai-denden atarietan lau tomate xixtrin erosteko, aparatuko buruzagiek, Itsaso Beltzaren ertzean, txaletak eraikitzen zituzten bitartean. Hortaz, askatasuna aparte utzita ere, zer justizia sozial dago hor? Gehienak izorratuta egotea hobea al da gutxi batzuk egotea baino? Miseria berdin partitzeak, antza, baretu egiten du inbidia.

Karl Popper handiak zioen zientziak, zientzia izango bada, kontrajarria dena defendatzeko aukera eman behar duela, eta marxismoak, proletalgoaren diktadura jainkotzen duen une beretik, ezin jarri du auzitan bere burua. Hegelen hirukoteko (tesia-antitesia-sintesia) azkena irentsi egiten du Marxek, ez zaio interesatzen. Antitesia gurtzen du Marxek, langileriaren eta nagusigoaren arteko talka, edo, nahiago baduzue, ugazabena eta morroiena. Aurrez aurreko edo konfrontazio horrek zentzu txikiagoa du, ziurrenik ere, egungo demokrazietan bere garaian baino. Demokrazia, zerbait izatekotan, sintesia da. Espiritu Absolutuaren kausalitatea alde batera lagata, edo, zentzu metaforikoan ulertuta, iruditzen zait Hegelen pentsamendu lurperatua berreskuragarria dela demokraziaren aniztasuna eta errealitatea ulertzeko. Baita egungo estatuen jarrera ahula indartu eta justizia sozialaren alde gero eta esku-hartzaileagoak izateko ere. Tesia, antitesia eta sintesia egungo demokrazietako indar korrelazioen emaitzaren adibide garbiak dira, halaxe funtzionatzen du itxura batean gero eta itoagoa eta gogaikarriagoa egiten ari zaigun demokrazia honek.

Hegel beti izan da abenduko eulia baino pelmagoa. Hegelentzat, mundua, izan behar duen hori da, besterik gabe. Baliteke Hegelen pentsamendua, gaizki ulertuz gero, konformistegia iruditzea, erakargarria ez bilatzea, baina erremediorik gabeko abiapuntua da gizarte demokratiko batean. Marxek, hasiera-hasieratik, izan beharko lukeenetik abiatu zuen bere teoria, nahiz ziur gertatuko zela iragarri. Geografikoki ez zuen asmatu, baina bere pentsamendu hori gauzatu da errealitatean. Hortaz, marxismoa aztertzean, nolabait ere, ezin laga dira alde batera sozialismo errealaren esperientziak eta emaitzak. Zizek neomarxistak berak alternatiba bakarra gero eta hobeto frakasatzea dela dioskunean, zer eman nahi digu aditzera? Helburua komunismoa dela derrigor, ez dagoela beste helburu posiblerik. Herri bat maitatzea, ordea, ez da norberaren gutizia ideologikoa asetze alde harekin esperientziak egitea. Ez da esperientzia historikotik eta unean uneko gehiengoaren pertzepziotik libre dagoen aldez aurreko fede sakratua.

Gorbatxov hil berritan, garrantzitsua da hau azpimarratzea: egungo egoera ekonomiko kaskarrak ez gintuzke are okerragoa izan zen sistema bat gurtzera eraman behar. Sozialismo errealari Mendebaldeko langileek atera zioten bere garaian etekinik handiena, ez herri sozialistetakoek. Arrazoia sinplea bezain esanguratsua da: kapitalismoa kontzesioa egiten hasi zen bere sistemapeko langileei, komunismoak borroka ideologikoa irabaziko zion beldurrez. Hori hala da, aitortu beharra dago. Baina ez al da tristea sistema bat kontraste hutsez, eta ez bere baitako baliotik eta esperientziatik, defenditu beharra?

Beharbada, Gorbatxovi bere asmoak aurrera eramaten utzi izan baliote, sozialismoaren beste eredu baten aurrean geundeke. Damurik, fede itsuak zubirik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.