Arkaitz Rodriguez.

Aukera-leiho berria

2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
EAJk eta EH Bilduk EAEko estatus berriaren oinarriei buruz lotutako akordioa historikoa da. Batetik, bi familia abertzaleek burujabetza marko bati buruz akordioa lortzen duten lehen aldia baita, Lizarra-Garazin izan ezik. Bigarrenik, akordioa bidegurutze historiko batean sortu baita, Trantsizioan izandako antzeko ezaugarriekin. Autonomia markoa agortu ondoren, nazio-aitortza eta burujabetzara igarotzea dago jokoan.

TrantsizioaTxiberta

EAJren geldotasunari aurre eginez, belaunaldi bat borrokari lotu zitzaion ia bi hamarkada aurretik, eta emantzipazio-mugimendu bat garatu zuen, nazio-borroka eta pentsamendu korronte garaikideak uztartuz (Kuba, Aljeria eta nazio askapen mugimenduak). Frankismoak, berriz, indar sozialek eskatutako aldaketa olatuak neutralizatzeko trantsizio-prozesua diseinatu zuen. Une politikoa erreformaren eta hausturaren arteko dialektikak markatu zuen eta, Estatu-aparatuen garapena ezarri ondoren, Poliziek, epaileek, eragile ekonomikoek, hedabideek eta enparauek demokrazia formalaren itxurak egin zituzten. Halere, jasotako herentzia gaur arte erakutsi dute.

Frankismoa higatu eta baldintzatu arte borrokan jardun zuten gizartearen eta antolakundeen ondorioz planteatu zuten instituzioen arkitektura—Konstituzioa eta estatutuak—. Hau da, sistemak bere burua behartuta ikusi zuen Konstituzio hori eratzeko. Era berean, autonomia-estatutuak ez zituen borondatez jarri, baizik eta kontzientzia nazionala eta soziala asimilatzeko ahalegin bat izan zen, ia bi hamarkadatako borrokaren ostean.

Une historiko hartan, ezker abertzaleak herri-akordio bati heldu nahi izan zion, Txibertan, bide erreformistek frankismoaren aurkako borrokan metatutako kapital soziala ez xahutzeko, baina EAJk handik intxaurrak batu nahi zituen, eta, haustura demokratikoarekiko konpromisoa saihestuta, Estatu eredu berriaren euskarri bihurtu zen, PSOE, PCE eta CiUrekin batera.

Lizarra-Garazi

Hogei urte geroago, bi eremu abertzaleen oinarrizko bat-egitea gauzatzeko baldintzak sortu ziren, Estatuaren inboluzio progresiboak eta ezker abertzalearen zein herri-sektore zabal baten erresistentziak ahalbidetuta. Lizarra-Garazin planteatutako oinarriek erreferentzia nazionala ireki zezaketen estreinakoz. Etapa politiko berri hartan, baina, bi eragileek aurreko hogei urteetan izandako inertziengatik hautsi zen akordioa.

Lizarra-Garaziren porrotak eta burujabetzara igarotzeko estankamenduak saiakera berriak ekarri zituzten, bai EAJn, bai ezker abertzalean. Ibarretxe plana eta Loiola bi eragile politikoen artean inolako bat-egiterik gabeko bi prozesu izan ziren. Gizarterik gabeko prozesuak izan ziren, instituzionalak, isilpekoak, eta fase politikoa ahitu zuten.

Ezker abertzalearen estrategia-aldaketa

Estrategia-aldaketaren oinarrian hausnarketa bat dago: behin baldintzak sortuz gero, ezinezkoa da autonomiatik burujabetzara igaro estrategia politiko-militar baten markoaren eskutik; beraz, horretarako, ezinbestekoa da beste etapa bat irekitzea, aipatutako baldintzen alde egingo duen indar-korrelazio instituzional eta sozial bat gauzatzeko.

Ezker abertzalearen erabaki eta egintza aldebakarreko horrek forma eman dio fase politiko berriari. Hegoaldeko mapa instituzionalean eraldaketa sakona ekarri du ezker independentistak, EAEn EAJren alternatiba bakar bihurtu baita, eta Nafarroan ezinbesteko indar bilakatu baita aldaketa osatzeko. Testuinguru politiko berrian, Ipar Euskal Herriko lehen aitortza instituzionala gauzatu da. Horrez gain, borroka armatua ekuazio politikotik ateratzean, Estatuaren bizkarrezurra hautsi da, antiterrorismoa barne-kohesiorako faktore gisa erabili izan baitu, eta Euskal Herrian zein Katalunian burujabetza neutralizatzeko baliatu baitu.

Orain, bidegurutze batean gaude, trantsizioko haren antz handia duena. Bidegurutze horretan, EAEko Autogobernu Ponentziaren Oinarri eta Printzipioetan EAJk eta EH Bilduk lortutako akordioak, Elkarrekin-Podemosen ekarpen partzialak dituenak, burujabetzara jauzia emateko potentzialtasuna du. Gure herriko zati batean jauzi hori emateko hainbat elementu biltzen ditu: EAEko herritarrak subjektu juridiko-politiko gisa onartzen ditu, Estatuarekin berdintasunean; erabakitzeko-eskubidea instituzionalizatzen du; eskumen maila zabala zehazten du, kalitatezko demokraziaren garapena eta eredu sozioekonomiko aurreratua lortzeko; eta horren guztiaren blindajea dakar. Jakina, hori guztia trinkotzeko, gizartearen bulkada behar-beharrezkoa da.

Ezker abertzaleak ortzimuga kolektibo hori sustatu nahi du, herri honek maila instituzional eta sozialean euskal lurralde guztiak hartuko duen Estatu baterantz jauzia eman dezan. Beste koxka politiko garrantzitsu bat igotzeko aukera dugu, hautsitako gure mapa nazionala gorpuzteaz batera: indar instituzional handia dugu; erabakitze-eskubidera jauzia emateko gizarte-mugimendu sendoa prest dugu; Oinarri eta Printzipioen akordioan jasotako lan-harremanen euskal esparrua aldarrikatzen duen gehiengo sindikala dugu; azken hamarkadetako mobilizazio olaturik handiena bizi izaten ari gara; eta potentzialtasun eraldatzaile ikaragarria duen antolakuntza-ehuna dugu, ortzimuga kolektiboa berreskuratzen ari dena.

Atzeraezin bihurtu behar dugu erakundeetan lortutako akordio hau. Lehenik eta behin, ez baitzaizkio arerioak faltako, ez unionisten artean, ez EAJren beraren barruan. Eta bigarrenik, aldaketa politiko eta sozialak erakundeetan marraz daitezkeen arren, gizartea aktiboa eta protagonista denean gauza baitaitezke, mobilizazioen eta konpromiso kolektiboaren bidez. Betiko moduan, herriak bakarrik salba dezake herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.