Nikaragua eta matxismo ezkertiarra

June Fernandez - Kazetaria

2018ko irailak 19
Nikaraguara 2012. urtean lehendabizikoz joan nintzenean, orduko nire blogean kontatu nuen nerabe haurdun gehien duen Latinoamerikako herrialdea dela; urtero 10-14 urte arteko 1.500 neskatila inguru erditzen direla. Gogorarazi nuen 2006an Fronte Sandinistak abortua legez kanpo utzi zuela Eliza katolikoak Daniel Ortega boterea berreskuratzen lagundu zuela eskertzeko. Aitor izeneko batek honako iruzkin hau utzi zidan: «CONTRA EL IMPERIALISMO Y EL CAPITAL, NICARAGUA SANDINISTA ¡¡SIEMPRE!!» (Inperialismoaren eta kapitalaren aurka, Nikaragua sandinista, beti!).

Sumendi eta lakuz jositako herrialde horrekin maitemindu nintzen, han ezagutu nuen jendearen bizitasuna, errebeldia eta prestakuntza politikoaz liluratua. Iraultza Sandinistaren ondarea zen hura, ala agian Iraultza Sandinistaren garaipenaren gakoa. Managuara bizitzera joatea erabaki nuen, eta protesten kriminalizazioaren lekuko izan nintzen. 2013an, pentsioen murrizketen kontrako protestetan poliziak jubilatuak jipoitu zituen. Ikasle mugimenduak adinekoen alde egin, gehiegikerien irudiak txiokatu eta #OcupaINSS mugimendua jaio zen. 2014ko Martxoaren 8an Poliziak manifestazio feminista geldiarazi zuen, Gazteria Sandinistako kideen kontramanifestazioarekin topo eginez gero egon zitezkeen liskarrak saihesteko aitzakiarekin. Gobernuak Txinako enpresari misteriotsu bati ozeanoarteko kanal bat eraikitzeko lizentzia eman ostean, eta lurrak desjabetzen hasi zenean, nekazari mugimenduaren protestak geldiarazten saiatu zen Ortega.

Dena den, zaila zen orduan 2018ko apirilaren 18an estatuaren indarkeriaren gorakada aurreikustea. Egun horretan, pentsioen murrizketa berri baten albisteak #OcupaINSS mugimendua berpiztu zuen. Polizia berriro ere oldartu egin zen, hasieran gomazko balak erabiliz eta matxinadak indartu zirenean suzkoak. Lehenengo hildakoek herria sumindu eta altxatu zuten. 90 egunetan indar polizial eta parapolizialek 360 lagun baino gehiago hil zituzten, gehien-gehienak 25 urte baino gutxiagoko mutilak; unibertsitateetako ikasleak edo auzo txirotutako biztanleak.

Hedabide hegemonikoek botere faktikoei eskaini diete arreta: Daniel Ortegak eskumako alderdiekin, enpresariekin eta Eliza katolikoarekin mantendutako negoziazio prozesuari. Bitartean, Telesur telebista kateari jarraituz, hedabide alternatibo askok Ortegaren bertsioa onetsi dute: herri-matxinada oposizioak eta Ameriketatako Estatu Batuek antolatu dutela estatu-kolpe bigun bat emateko. Ezker kritikoaren diskurtsoa isilarazi dute batzuek zein besteek.

Testuinguru horretan, Nikaraguari Elkartasunezko Nazioarteko Informazio Karabana Europan barrena abiatu da Daniel Ortega eta Rosario Murillo presidenteordeak agindutako giza eskubideen urraketen berri emateko. Bozeramaileak diskurtso feminista, antiinperialista eta ezkertiar peto-petoa duten lau gazte dira, hiru emakume eta gizon bat. Desengainu handia hartu dute erresistentziarik handienak ezkerreko alderdi eta giroetan aurkitu dituztenean. Gerra Hotzeko logikari jarraituz eta Venezuelarekin paralelismo erratuak eginez herri-matxinada geopolitikaren aldetik inperioari mesede egiten diola erantzun diete ezkertiar askok, baita Euskal Herrikoek ere.

Aurrez aurre zein sare sozialetan parte hartu dudan eztabaida-lekuetan, ohartu naiz —salbuespen deitoragarriren bat izan ezik, hots, Espainiako Alderdi Komunistaren sail feminista— gizonezkoak direla Nikaraguako Karabanako bozeramaileei aipua kendu eta terrorista hitza erabiliz gehien difamatu dituztenak. Horietariko bat Guillermo Toledo aktorea izan da. Facebooken Nikaraguako Gobernuaren alde egin eta feminista multzo batek emakumeen eta LGTBI pertsonen aurkako erasoen errepasoa egin dionean, Toledok zera erantzun du: «Ortegaren eta inperialismoaren artean, erantzuna argi daukat». Historia gogoan dutenek Roosevelten aipuarekin alderatu dute: «Anastasio Somoza putaseme galanta da, baina gure putasemea da».

Ikasle, nekazari eta emakume mugimenduak izan dira, esan bezala, Daniel Ortegaren politika autoritarioa, neoliberala, erlijio fundamentalista eta misoginoa gehien salatu dutenak. Ezkertiar gehienok hori badakigu, eta ez dugu arazorik izan Ortegaren Estatu krimenak salatzeko, Apirileko Iraultzaren alde egiteko eta —Venezuela aipatu ordez— M-15 edo #OccupyWallStreet mugimenduekin alderatzeko. Soilik matxista-leninistek mantentzen dute FSLNrekiko leialtasuna: bost axola Ortegak bere alabaordeaz abusatu badu, abortua legez kanpo utzi badute, feminizidioak gora egin badu, Murillok nerabeen haurdunaldiak bedeinkatzen baditu.

Bost hilabete pasatu dira, eta Nikaragua ez da albisteetan ateratzen baina herriak protestatzen eta poliziaren errepresioari aurre egiten jarraitzen du. Ortega-Murillo lehendakari-bikoteak ekintza terroristak zigortzeko lege maltzur bat onartu du eta dagoeneko 300 ekintzaile espetxeratu ditu. Karabanako bozeramaileek ezin dute beraien herrietara itzuli, atxilotuak izateko mehatxua dela eta. Argentinan Maiatzeko Plazen Amen babesa erraz lortu berri dute. Nikaraguan ere Apirileko Amen mugimendua sortu da, hildako eta desagertutako gaztetxoen omenez giza eskubideen alde borroka egiteko.

2014. urtean ospatutako nazio topaketa batean, mugimendu feministak Daniel Ortegaren gobernua diktatoriala zen ala ez eztabaidatu zuen. Boterean epe mugagabean jarraitzeko eta lege-dekretuen bidez gobernatzeko Konstituzioa aldatu berri zuen. Somozaren diktadura hain fresko izanda, adjektibo hori gehiegizkoa zela uste zuten gehienek. Egun Ortega y Somoza son la misma cosa (Somoza eta Ortega, gauza bera) oihukatzen dute denek. FSLNren jarraitzaileek PLOMO larderiazko siglak erabiltzen dituzte sare sozialetan ekintzaileak kikiltzen saiatzeko, Patria Libre o Morir (Aberri askea ala hil) delakoaren akronimoa den koartadarekin. Feministek lelo berri batekin erantzun dute: Matria libre para vivirla (Amerri askea, bizitzeko).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna