Juan Terradez. OPCCko teknikaria

«Gure esku dago erronkak aukera bihurtzea»

Klima aldaketaren ondorio batzuek ez dute atzera-bueltarik, Terradezen ustez. Haien eragina gutxitzen egin beharko da lan.

OPCC.
inaki petxarroman
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Herrialde askotako 80 adituk baino gehiagok egin duten lana koordinatzen aritu da Juan Terradez OPCCko kidea. Datuak gogorrak izan arren, baikortasun mezu bat ere eman nahi du: «Aukera berriak sor daitezke».

Zertan bereizten da klima aldaketa prozesua Pirinioetan, beste inguruko mendi kate batzuekin alderatuta?

Mendikate guztiak dira zaurgarriak tenperatura aldaketa txikien aurrean. Oreka hauskorra daukate, eta edozein gorabeherak eragin handia izan dezake ekosistemetan. Mendi garaietan, espezie endemikoak daude, oso populazio txikiekin eta hedadura eremu oso estuekin. Espezie horiek oso bizigune bereziak behar dituzte, eta, beraz, askoz ere hauskorragoak dira. Pirinioen bereizgarria da Europan hegoaldeen dagoen mendi eremua dela, eta horrek dakar glaziarrek eta antzeko ekosistemek gogor nozitzea berotze globala, nolabait abangoardian daudelako. Beraz, altuago dauden beste toki batzuek gero jasango dituzten ondorioak pairatzen ari dira Pirinioak jadanik.

Txostenean, 1960 eta 2010 arteko aroa aztertu duzue, baina hamarkada honetan joerak berresten ari direla esan daiteke, ezta?

Bai, joerak egiaztatzen ari dira, eta baita etorkizunerako aurreikuspenak ere.

Tenperatura igoeretan, euriteetan eta bestelako fenomenoetan ikusi gabeko datuak izaten ari dira azken urteotan.

Hala da: bai gehieneko tenperaturetan eta bai gutxienekoetan, zenbait kasutan. Muturreko klimaren eta aldakortasun handiko egoeraren adierazleak dira horiek. Klima aldaketa fenomeno konplexua da, eta eragin desberdinak ditu: prezipitazioetan, muturreko klima gertakarietan... Azkenaldian, urtero ari gara horrelakoak pairatzen, eta uste dut hala jarraituko dugula.

Esaterako, uholdeak izaten ari dira gero eta sarriago. Gertakari horiek gero eta bortitzagoak direla ere esan daiteke?

Bai, ikusi dugu gero eta sarriagotan izaten direla iraupen laburreko euri indartsuak.

Aurreikus daiteke Vignemale, Aneto eta Perdido mendietako glaziarrak ere desagertzea epe labur samar batean?

Zoritxarrez, ikusi dugu azken 50 urteotan glaziarren erdiak desagertu egin direla. Oraintxe, hemeretzi besterik ez dira geratzen. Eta, daudenetan ere, etorkizuna ezin dugu asmatu, etorkizuna delako,eta berotegi efektuko gasen isuria eteteko egiten diren politiken araberakoa izango delako garapena. Baina, edonola ere, oso litekeena da mendea aurrera joan ahala glaziarrek gogor pairatzea berotze globalaren eragina.

Uste duzu klima aldaketaren ondorioak bueltarik gabekoak direla?

Zoritxarrez, ikusten ari garen aldaketa batzuk bueltarik gabekoak dira, esaterako, paisaian izandako aldaketa batzuk, glaziarren murrizketa eta desagerpena, espezie endemiko batzuen lekualdatzea... Baina CTPan eta behatokian uste dugu baikortasun mezua ere helarazi behar dela, alegia, asko egin daitekeela oraindik aldaketetara egokitzen eta eragin kaltegarriak murrizten, ondorio okerragoak saihesteko. Alegia,gure esku dago erronkak aukera bihurtzea.

Sektore batzuen geroa ez da itxaropentsua, esate baterako, eski estazioena. Nola helarazi haiei ikuspegi baikor hori?

Egia da oso sektore hauskorra dela. Atzeratzen ari da eski denboraldiari ekiteko garaia, etadenboraldiaren iraupena gutxitzen ari da. Baina ezin da orokortu, badirelako batzuk elur lodiera handitu dutenak ere. Garaiera handiko estazioek eta orientazio eta kokapen egokia dutenek hobeto eutsiko diote. Horrez gain, sektorea dibertsifikatzeko balio dezake egoera berriak. Funtsean, turismoa urtaroetatik bereizi egin behar da, eta aukera berriak aztertu, adibidez, kostaldea berotzen den bitartean agian Pirinioen freskura erakargarri bihur daiteke udan.

Hori, baina, faunarentzat kaltegarria ere izan daiteke.

Txostena egin dugunok bat gatoz gauza batean: zaila da bereiztea berotzeak faunarentzat izan duen eragin kaltegarria beste estres faktore batzuetatik: habitaten haustura, lurraldeen zatiketa, artzaintzaren eta abeltzaintzaren eragina... Azken finean, klima aldaketa beste estres faktore gehigarri bat da espezieentzat.

Pirinioak ur hornitzaile handiak dira, adibidez, Ebroko ibarrean. Hori ere arriskuan al dago?

Ur baliabideak eta ur sektorea oso garrantzitsua da Pirinioetan. Azken finean, penintsulako ur emaririk handiena dago. Ura gauza askotarako behar da: nekazaritzarako, energia hidroelektrikoetarako eta gizakien kontsumorako... Zenbat eta ur gutxiago izan, eragina handiagoa izango da, eta ez kontsumoan bakarrik: energia sortzeko aukera gutxiago izango da, nekazaritzarako ere berdin, eta, gainera, ur emarien kalitatea txarragoa izango da, kutsagaien kontzentrazioa handiagoa izango delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.