Eguzki Urteaga.

Jaka Horien mobilizazioen funtsak

2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Facebooken bitartez zenbait bideo partekatu ondoren eta komunitate digital bat pixkanaka osatu ostean, Jaka Horiak bezala ezagutuak diren hainbat herritar mobilizatu dira Frantzia osoan azaroaren 17az geroztik. Hasiera batean, erregaien gaineko zerga-igoerak eta horrek zekarren erosahalmen apaltzea arbuiatzeko asmoa zeukaten mobilizazioek, bertan parte hartu duten pertsonen kopurua murrizten ikusi duten une berean —290.000tik 136.000ra pasatu baitira hiru astean— erradikalizazio bat agerian utzi dute. Izan ere, lau hildako, ehunka zauritu (horietariko zenbait larriki), 4.500etik gora atxilotu eta kalte material ugari eragin dituzte. Istilu larrienak Parisen gertatu dira, Eliseoko Zelaietan eta inguruko auzoetan, komunikabideen arreta erakarriz, herritarren kezka sortuz eta botere publikoen harridura eraginez. Egunak aurrera joan ahala, aldarrikapenak ugaritu dira, erregaien prezioen gorakada errefusatzeari, aberastasun handien gaineko zergaren erreforma bertan behera uztea, gutxiengo soldata igotzea edo Emmanuel Macronen dimisio eskaera gehitu baitira. Era berean, antolaketa bateraturik eta buruzagi ala gutxienez ordezkaririk eduki ezean, zailtasunak ukan dituzte frantses gobernuarekin negoziazioak hasteko. Funtsean, mobilizazio horiek, haustura territorial, sozioekonomiko eta politiko batzuen adierazleak dira.

Lurralde haustura agerikoa da, bide-oztopatze eta manifestaldi horietan parte hartu duten pertsona gehienak Frantzia periferikoan bizi baitira. Abiadura handian metropolizatzen ari den herrian, enpresa, enplegu, zerbitzu, garraio publiko eta jarduera soziokultural gehienak Paris eta probintziako hiri nagusietan kontzentratzen dira. Bertan bizi direnek, lanpostu eta soldata hobeak, kalitatezko zerbitzuak eta garraio publiko asko dituzten bitartean, hiri nagusietako kanpoaldean eta herri txiki zein ertainetan bizi direnak aurkako egoeran daude. Bertan, enpresak lekuz aldatzen dira, lana aurkitzea gero eta zailagoa bilakatzen da eta, enplegua sortzen delarik, kalitate txarreko da, esan nahi baita prekarioa izatearekin batera gaizki ordaindua dagoela. Horri gehitu behar zaio, eskola, ospitale ala postetxe bezalako zerbitzu publikoen desagerpena eta, horrekin batera, garraio publikoen eskasia ala gabezia. Hori dela eta, bertan bizi direnek hautematen dute ez dutela hazkunde ekonomikoaren onurarik jasotzen, administrazio publikoek abandonatu dituztela, gero eta zerbitzu gutxiago jasotzen dituzte zerga gehiago ordaindu arren, eta zerga-sistema ekologikoa astuntzen doa autoari alternatibarik eskaini gabe. Horrek, frustrazioa sortzearekin batera, amorrua eragiten du.

Horri, haustura sozioekonomikoa gehitzen zaio. Izan ere, Emmanuel Macronek 2017ko hauteskunde presidentzial eta legegileak irabazi ostean, nahiz eta bere hautes-oinarria apala izan presidentzialeko lehen itzulian, %23,11 lortu baitzuen, eta legegileetako abstentzioa historikoa izan (%51,29 lehen itzulian), aberastasun handien gaineko zerga nabarmen jaitsi eta kapitalaren gaineko zerga gutxitu dituen une berean, pentsiodunen gaineko CSG zerga igo eta erregaien, elektrizitatearen eta gasaren gaineko zergak goratu ditu. Erreforma horien onuradun argiak goi mailako errentak dituzten zergadunak izan dira, diru-sarrera ertain zein apalak dituztenak kaltetuak atera diren une berean. Hori gertatu da testuinguru batean non jadanik, Thomas Piketty ekonomialariak agerian utzi duen bezala, kategoria herrikoi eta ertainek, klase faboratuak baino zerga gehiago ordaintzen dituzten proportzionalki, ez baitaukate beraien ondareak nahiz diru-sarrerak lekuz aldatzeko aukerarik. Egoera horrek, jadanik errotuta zegoen zerga-injustizia sentimendua areagotu du. Horri, indarrean dagoen zerga-presio handia gehitu behar zaio, Frantziak baitauka Europako garaiena (BPGaren %46,2) Danimarka gailenduz. Horren ondorioz, hainbat herritar itoak sentitzen dira, ikusten baitute nola beraien irabazien ia erdiak zerga eta kotizazio sozialetan doazen, faktura nagusiak ordaindu ezinik dabiltzan une berean.

Azkenik, Jaka Horien mugimenduak haustura politikoa agerian uzten du. Hain justu, hasiera batetik, bitarteko-taldeak diren alderdi eta sindikatuetatik at kokatu da, erakunde horietaz mesfidati baita, kontsideratzen duelako beraien interes propioak defendatzen dituztela ustelkerian erortzen ez direlarik, eta ez baita ordezkatua sentitzen. Horrek, erabateko amildegia dagoela erakusten du, ez soilik elitearen eta herriaren artean, baita herritarren eta botere publikoen arteko lotura egin beharko luketen erakundeekin ere. Ez dute gehiago demokrazia ordezkatzailean sinesten, eta alderdi zein sindikatu guztiak zaku berean sartzen dituzte inongo bereizketarik egin gabe. Hain da egia, non, alderdi politiko eta sindikatuak, nahiko diskretuak izateaz gain, ez diren mugimendu hori esplizituki berreskuratzen saiatu. Era berean, salbuespenak salbuespen, ordezkari politiko-sindikalek apenas parte hartu duten elkarretaratzeetan, kontziente baitira arbuiatuak izateko arriskua dutela eta kontra eraginkorra izan daitekeela. Hori dela eta, erakunde horiek ez dakite zein postura mantendu, beraien liderrak noraezean dabiltza, eta erabat gaindituak dirudite.

Panorama horretan, Edouard Philipperen gobernuak, aurreikusita zeuden erregaien, elektrizitatearen eta gasaren prezioen igoerak bertan behera utzi ditu. Nahikoa ez, eta eragile sozial zein instituzionalekin batu ostean, Emmanuel Macronek berak neurri esanguratsuak iragarri ditu: gutxieneko soldata hilean 100 euroz igotzea, aparteko lanorduak ez zergapetzea, enpresariei eskatzea langileei urte amaieran aparteko sari bat ordain dezaten, eta 2.000 eurotik beherako pentsioa jasotzen dutenentzako CSG zerga ez igotzea. Neurri horien helburu nagusia bereziki diru-sarrerarik txikienak dituzten herritarren erosahalmena handitzea da. Era berean, abenduaren 15a eta martxoaren 1a bitartean, kontzertazio garai bat irekiko du Frantzia osoan, eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak batuz, Jaka Horien ordezkariak barne. Neurri horiekin, giroa baretzearekin eta eztabaidaren baldintzak sortzearekin batera, sakoneko arazoei aterabide bat aurkitu nahi die. Arazoa da, frantses gizartea zeharkatzen duten haustura territorial, sozioekonomiko eta politikoei nekez emango diela erantzun eraginkorrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.