Bortxaketaren kulturaren oximorona

Barbara Biglia - Rovira i Virgili unibertsitatean irakaslea

2019ko otsailak 8
Bortxaketaren kultura adierazpidea oximoron bat da, zeinaren bidez kultura mailara igotzen baitugu sistema heteropatriarkatuak kontrola, boterea eta abusua baliatzeko darabilen erreminta-teknologia bat. Garrantzitsua da gauza bakoitza bere tokian kokatzea, eta ulertzea bortxaketa, eta sexu abusuak, ezjakintasunaren, beldurraren eta ergelkeriaren praktika bat direla, eta, horiek eginik edo soilik mehatxu gisa baliaturik, gobernuaren erreminta gisa funtzionatzen dutela.

Bortxaketak egiten dituztenentzat, halako egintzek norbere burua sentitzeko eta norbere indarra eta zapalkuntzarako gaitasuna erakusteko (agertzeko) desira bati erantzuten diote, lehen-lehenik. Halako egintzak koldar bati dagozkio, zeinak, nagusiki, neskatoak eta emakumeak baititu harrapakin —horientzat autoritate figura bat izaki—, edo egoera zaurgarrian dauden emakume ezezagunei. Taldean egiten direnean, pareen aitorpen premia etsipenezkoaren adierazpiderik aberranteena dira. Etorkizunean halako praktikak murriztuko badira, lehenik eta behin, estalkitzat duten atze oihal hori erorarazi behar da abusatzaileen ezdeustasuna agerian uztearren. Itzulikatu egin behar da iruditeria oso bat belaunaldi berriei ulertaraztearren sexu abusuak halakoak egiten dituen horren ahultasunaren eta zitalkeriaren adierazgarri direla. Erakutsi egin behar diegu bortxaketak kultur produktu bat direla, eta konfigurazio sozial, bitar, diskriminatzaile, sexista, misogino eta heteropatriarkalean oinarritzen dela, baina, hala eta guztiz ere, ez direla kultura.

Abusu jarraitu batzuen muturrik begien bistakoena dira, moral katolikoan eta sexualitatearekin zerikusia duten tabuetan oinarriturikoena, eta, horregatik, odoltsuentzat jotzen ditugun bortxaketek zerikusia dute lizun usteko egintzetan gauzaturiko sarketekin edo abusuekin. Hori dela eta, halako bortxaketak modu garaikidean konfiguratzen dira, eta paradoxaz, bai debekatutako horrekiko matxinada infantil gisa eta bai gizontasun normatiboaren erakusgarri. Ez da, inolaz ere, sexu edo sexualitate forma bat, eta hortik eratorritako plazera alderagarria da torturatzearekin eta mendean hartzearekin, kontrol eta botere ilusio batek ondua. Ideia estereotipatu batean oinarritzen dira: genero femeninoa eta maskulinoa antinomikoak direla —bata, mendekoa, pasiboa, otzana, ederra baketsua, amatiarra; bestea, independentea, aktiboa, menderakaitza, kementsua, gerlaria eta posesiboa—, eta sexualitate heteroa dela naturala, espezieen ugaltzeko premian oinarritua. Sexualitate modu horretan, emakumeek —zeinen plazer sexuala gutxietsia baita— probokatzen dituzte gizonak —zeinek beren hormonek bultzatuta egintza kontrolgabeak egiten baitituzte beren haragizko desirak gogobetetzearren—. Areago, matxo/ar horiei utzi egiten zaie beren potentzia erabiltzen, eta sarketa bidez beren generoko beste heldu batzuk feminizatzen, muturreko estigma eta zigor goren gisa. Alde horretatik, bi oinarri horiek desegin beharra dago, eta sexu heziketa oso bat bultzatu, eta aitortu posible dela norbere burua taxutzea nortasun askotariko eta aldakorren arabera, genero ideal normatiboetara ainguratu gabekoen arabera. Neskatoek ahalik eta libreena hazi behar dute, genero bihurtutako beren adierazpideak eta sexualitatea esperimentatzeko libre, haiek egiten edo esaten duten guztia emakume helduok estereotipo bitarren klabean sailkatu gabe.

Hala ere, ulertu beharra dago gure gizartean jabetza desira ez dela soilik haragizkoa, lausotu ohi izaten denez; aitzitik, zerikusia du komunitate eta gizarte harremanen ikuspegi berezi batekin, kapitalismoaren logika batekin, zeinak lehia, nagusitasuna, menderakuntza, eta beldurra behar baititu irauteko. Hala, esan dezakegu bortxaketei beren funtzio sozialak ahalbidetzen diela behin eta berriz gertatzea, normalizatzea eta onartzea. Bortxaketak eta haien mehatxuak funtzionalak dira, eta sistema jakin bat iraunarazten dute, publikoa eta pribatua denaren eta soziala eta kulturala denaren arteko bereizketan eta beste hainbat dikotomiatan oinarriturikoa, zeinen bidez zilegi baita antolakuntza sozial injustu bat, bakan batzuentzat baino ez dena onuragarria. Falocracia direlakoak generoaren hierarkia sozialetan oinarritzen dira, besteak beste, bere hartan irauteko. Bestetasuna(k) sortzea, zeinak bestea(k) deskalifikatzea baitakar, edozein abusuren zuribide moral gisa erabiltzen da.

Halako errealitate bat ezin da desegin diskurtso politikoki zuzen bat erabiliz; beraz, harik eta aldaketa sakon bat gertatu artean, autobabeserako lanabes (sinboliko eta materialen) kaxa bat egiten lagundu behar diegu neskatoei, beren gorputzaz egiten zaizkien interpretazio sexistek ahalik eta ondoriorik txikienak eragin diezazkieten, bai beren autokontzeptua definitzean eta bai beren bizitza gauzatzean.

Aldaketa iraunkorrak gerta daitezen, esku hartzeak erradikala izan behar du, eta, bestetasunak onartzen eta errespetatzen eragin ez ezik, lehiaren eta mendekotasunaren logika hori kooperazioaren eta elkarren euskarri izatearen logikarekin ordezkatu behar dugu. Pauso askoz ere sakonago bat eman behar dugu hezkidetza proposamenetan, diferentziak onartzeaz eta balioesteaz harago, eta gizartea klabe feministan eta intersekzionalean eraldatzearen alde egin.

( Erredakzioan itzulia )

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna