Eutanasia: maitasun aldarria

Felipe Izagirre - Gipuzkoako DHE elkarteko kidea

2019ko martxoak 28
Duela gutxi zendu da Portugaleten Maribel Tellaetxea. Alzheimerrak hartua zuen eta esana ere esana zuen kontzientzia galdu eta gorputzak erantzuteko gaitasuna galtzen zuenean, momentu horretan hil nahi zuela. Hori dena azken borondateetan idatzia zuen. Erabakia hartu zuen, eta zein heriotza duinagorik nork bere erabakia hartzen duenean baino.

Erabaki hau, ordea, legeek ez dute errespetatu. Familiartekoen esaldi honek ongi bainoago adierazten du: «Legeek nire ama bere borondatearen aurka bizitzera behartu dute, baina duintasunez hiltzea ukatu egin diote».

Izan ere, Maribel ez da hil berak nahi zuen bezala: denboran zein forman, azken momentuko gaixotasun baten ondorioz baizik. Familiartekoek prentsaurrekoan adierazi zutenez, «naturak» eraman du. Legeek ukatzen ziotena «naturak» eskaini dio. Nik esaldi honi beste honako hau erantsiko nioke: naturak maitasunez jokatu du; legeek, aldiz, krudelkeriaz. Eutanasia = heriotza ona, maitasun aldarria da, eta Maribelen familiartekoek horixe nahi izan dute, hots, eutanasia legeztatzea maitasun ekintza hori garatu ahal izateko. Baina uko egin diete. Ez dut zalantzarik: maite dugun pertsona batek, edozein direlarik, aurretik idatzita edota kontziente delarik hil nahi duela eskatzen digunean eta pertsona horrekiko benetako maitasuna badugu, nork ukatu hiltzen laguntzea. Garbi dago hiltzen laguntzea ez dela krudelkeria, delitua, maitasun ekintza baizik. Maribelen borondatea eta nahia argia zen: «Ez dut bizi nahi duintasunik gabe». Argiago ezin adierazi. Baina zigor kodeak, gaurkoak behintzat, herritarrak sufrimenduan bizitzera behartzen ditu.

Kontua da, inkesta guztien arabera, populazioaren gehiengoa eutanasiaren despenalizazioaren aldekoa dela. Horrelako lege bat onartzeak ez du esan nahi bidea ireki eta denek bide horretatik joan behar dutenik. Horretarako daude protokoloak eta arauak, eta batez ere, garrantzitsuena norberaren hautua dago. Heriotzak forma eta modu desberdinak ditu, eta gaixotasunak ere bai. Baina lege bat egiten bada, non norberak aukeratzeko eskubidea bermatzen den, hori errespetatu beharko da, beste era batera hil nahi duena ere errespetatu beharko den bezalaxe. Maribelek hil nahi zuen, ahoz eta idatziz garbi utzi zuen; familiartekoek maite zutelako lagundu nahi zioten, baina eutanasia despenalizatzeko lege bat ez egonik, bere borondatearen aurka sufrimenduan bizitzera behartu dute. Eta Maribelena ez da kasu bakarra; gaixotasun degeneratiboak dituzten asko eta asko heriotza duina aldarrikatzen ari dira. Hor dago krudelkeria; ez dela errespetatzen pertsonaren eskubidea.

Legeak, alta, ez daude herritarren pentsaeraren parean. Eutanasia deszigortzeko bide honetan, lehenik Ahal Dugu-Ezker Batua izan zen proposamena kongresura eraman zuena, baina beste zenbait partiduk, protagonismo nahian-edo, ez zioten jaramonik egin, eta bidean geratu zen. Ondoren, PSOEk aurkeztu zuen, eta proposamenak kongresuko mahaiaren kontrola pasatu zuen. Politikaren gorabeheren eta eskuinaren eraginez, ez du biderik egin. Egoera nahasi honetan ez dut argi ikusten zer gerta daitekeen, baina, dirudienez, sozialistak prest daude legea aurrera eramateko, betiere gai badira beste alderdiekin gobernu aurrerakoi bat osatzeko. Eskuinak ez du heriotzari buruz hitz egin nahi, berea bizitza da.

Bide honetan, Maribelen familiartekoek 273.000 sinadura bildu dituzte eutanasia despenalizatzeko eskatuz, eta kongresuko atarian eskatu dute eutanasiaren eta hiltzen laguntzearen despenalizazioa.

Beraien arabera, populazioaren %85ek ondo ikusiko lukete eutanasia arautzea. Medikuen artean ere gehiengoa horren alde dago. Bizkaiko Medikuen Elkargoaren artean %86 dira alde daudenak eta %6,2 kontra.

Dena den, ez nuke hausnarketa xume hau bukatu nahi politikatik, sentimendutik baizik. Maribelen familiartekoei esan nahi nieke badela aspaldidanik espainiar estatuan Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen aldeko elkarte bat, estatuko erkidegoetan zabaldurik dagoena, eta eutanasia legeztatzeko ahaleginetan diharduena. Eta zorionak beraiei ere amaren eta emaztearen gaixotasunetik abiatuz egiten ari diren ekarpenarengatik. Eta Maribeli: zaude bakean eta adiorik ez!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna