Eztabaidaren krisia

2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Eztabaida Nazional Handiak, Frantziak bizi izandako ariketa demokratikorik handiena izan behar zuen, E. Macronen esanetan. Onartu beharko da, behintzat, sekula izan den ariketarik berezienetako bat izan dela. Hasieratik kritika sakonak izan baditu ere, batez ere Chantal Joannok eginak (Eztabaida Publikoko Batzorde Nazionalaren zuzendaria kudeaketa taldetik alde eginez), horri gehitu behar zaizkio gobernuaren oposizioko parlamentariarenak, bai eta Jaka Horiak ere. Azken horiek, beraien eztabaida propioa eraman dute, herri batzarren bidez eta eztabaida webgune baten bidez. Argi dago jende andana batek parte hartu duela 10.000 herri batzarretan eta webgune bidezko ekarpenekin. Arazoa, berez, ez datza honelako ariketa bat aurrera eramatean, baizik eta nola eramaten den eta ea ariketa gisa segidarik izango duen.

Metodologiaren aldetik, argi dago Macronen komunikazio estrategia batean kokatzen dela: iritzi publikoaren adeitasuna berreskuratzean. Hori dela eta, eztabaidak, Frantziako lehendakaria antzerki tragiko baten antzera eszenifikatu du, bai publikoaren aurrean, bai eta bildu zituen hainbat intelektualen aurrean ere. Eztabaidaren protagonista ez dira izan, ez herria, ez eta intelektualak ere, baizik eta lehendakaria bera. Bera jarri da, eszenifikatutako oholtza baten erdian, bai fisikoki, baita mediatikoki ere (galdera guztiei erantzunez, inongo erreplikarik baimendu gabe). Aurreko kanpainaren antz handia hartu diote askok.

Jaka Horiek Frantziako instituzioei demokrazia gabeziaren kritikari emandako erantzuna izan behar zuena, finean, Europako kanpainaurrearen antza hartu du. Eztabaidak berez eraikuntza programatiko bat eraikitzeko parada izateko ahalegina izaten ahal zenari muga trinkoak jarri dizkio Macronek, gai asko eztabaidatik kanpo jarriz eta agenda politikoan jartzen ahal ziren gaiak itxiz. Aberastasun Zerga (ISF) eztabaidatik kanpo jarriz, baina Jaka Horiek zergaren aurkako eztabaida bere eginda, justizia fiskalari buruzko eztabaidari uko egin dio. Nola uler daitezke, bestenaz, Edouard Philippen erranak, «zergak gehiago eta fiteago jaitsi behar ditugu aurrerantzean».

Jakinda, 21 eskualdetan antolatutako batzarretan, zozkatutako herritar parte hartzaileetatik soilik batek eskatu duela zerga jaitsiera orokor bat. Beste guztiek, justizia fiskal bat eskatu dute, lehentasunezko produktuen BEZa jaitsiz eta Aberastasun Zerga eta multinazionalei jarri beharreko zerga politika trinko bat eskatuz. Ondo ikusten da aldaketa politiko ekonomikorik egongo ez dela eta neoliberalismoaren errezetei tinko atxikiko diotela.

Era berean, muzin egin do Jaka Horiek proposatutako eta aldarrikatutako politika ekologistek ukan beharreko alde sozialei Eta maltzurki, ikasleek Europa mailan, martxoan egindako mobilizazio ekologistak erabili eta motibatu ditu lizeoetan, Hezkunde Nazionalari esker, batzarrak nahasteko nahaiarekin. Ekologiaren gaiak, politikoarekin edo sozialarekin duen antza ezabatu nahian eta belaunaldi eitea emateko asmoz. Hala, fiskalitate ekologikoa berriz ere modu indiskriminatuan kontsumitzaileari jasanarazizeta ekoizlearen ardurari muzin eginez.

Finean, Eztabaida Nazional Handiak erakusten duena da V. Errepublikaren erregimen krisi bat. Frantziako periferietako jenderik xumeenek institutzioetan ez dute gehiago sinesten, eta biribeletan kokatu dira, ofiziale andana batekin, beraien boza entzunarazteko. 21 asteburuetan azken horien mobilizazio grina ez da moteldu eta muzin edo gobernuz debekatuta, gehienek ez dute parte hartu eztabaidan. Beste alde batetik, argi dago, eztabaida institutzionaletan parte hartu dutenak, 40 urte baino gehiagoko hiritar eta jende diplomaduna dela gehienbat. Klase sozial eztabaida bi egon dira: bata klase ertain altuena, Eztabaida Nazional Handian eta bestea klase herrikoiak eta erretretadun xumeen Jaka Horidunen eztabaidak.

Herri edo nazio zatiketa baino gehiago, Macronen miopien eta ezintasunen erakusle da dikotomia hau. Ez du lortzen, ez eta ulertzen C. Guilluyk deitzen duen Frantziar Periferia (hiritatik kanpo, herri eta hiri ertainen lurraldetako populamenduak). Urruneko izaera eta pentsatzeko molde atzerakoi baten antzera ikusten ditu Jaka Horidunak eta herritar xumeenak, ondo barneratutako klase arrazismo baten antzera. Hala, zilegitasun guztia kentzen dio Jaka Horiek proposatzen duten Iniziatibo herrikoieko Erreferendumari (RIC), populismoaren armaz tasatuz. Baina, era berean, instituzionalizatutako eragile bitartekariak (alderdi, sindikatu eta elkarteak) txikitu eta arbuiatu ditu mandatua hasi duenetik. Eztabaida Nazional Handia, beraz, Macronek herriarekiko bitartekaririk ezaren gabeziaren erakusle besterik ez da.

C. de Gaullek zioen beraren eta herriaren artean gauza gutxi zegoela, baina E. Macron ez da, de Gaulle, ez karismaren aldetik ez eta legitimitate historikoaren aldetik. Frantzia Start Up Nation-an antzaldatu nahikeriak Napoleon III.aren antz handiagoa dauka bere bulkadak. Horregatik, arreta handiagoa jarri beharko lioke bai frantses historiari, bai eta Eztabaida Nazional Handian parte hartu ez duten intelektualei: bertikaltasunean boterean zein fisikan, gauzak beti erortzen dira, baina ez beti zentzurik onean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.