Uholdeak, auzolana eta herria

Iñaki Anasagasti Olabeaga. Jose Mari Esparza Zabalegi
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Uholdeek bidean aurkitzen duten material oro aurretik daramate, eta, aldiz, errota zaharren aztarnak eta ahaztutako sentimenduak agerian uzten dituzte. Baratzeak, eta bihotzak ere bai, lohi berri batez betetzen dira, nutriente eta balioetan aberats, etorkizun diren belaunaldiek baliatuko dutena. Diotenez, ez da gaitzik onik ez dakarrenik.

Tafalla inguruan izandako azken uholdeek auzolanaren hondar ordainezina utzi digute, eta ezbairik gabe belaunaldi gazteei arrastoa utziko die horrek. Herria, baturik, zernahitarako gai da, eta, gainera, poza kutsatzen du. Ez da sinestekoa: uholdea etorri behar, gainezka egindako ezkaratzeko trasteekin batera, daukagun onenaz ohartzeko.

Zuzenean kalteturiko geografiaz landa (Orbaibar, Tafalla, Erriberri, Pitillas, Beire eta Bizkaiako bailara esaten zaion hori, hain ezezaguna gure senide baskongatuentzat), auzolanerako deia Euskal Herri osora zabaldu da. Ikustekoa zen Baigorriko eliza baxenabartarrez mukuru, hegoaldeko herrikideekin elkartasunean: Martikorena, Bedaxagar, Aire Ahizpak... Bazirudien aingeruek bat egin zutela mugen gainetik kantuz egiteko. Bukaeran, eliza osoak, gaztelania traketsean, Fermin Balentziaren «si llora Tafalla llora Euskal Herria» abestu eta gero, ulertu genuen Euskal Herriko zeinahi herriren zorion edo atsekabe bat ere ez zaigula arrotz egin behar, herri senidetu bat lortu nahi badugu. Amorotok, Lodosak edo Urdiñarbek sufrituz gero, berdin Euskal Herriak.

Ez gara, ordea, ezer berririk esaten ari: 1917ko urtarrilean, Lehen Mundu Gerra betean, Tafallako eliza guztietan —eta Nafarroa osoan hala izan zela esanen genuke— diru-bilketak egin ziren «euskal-frantses zaurituen alde, Donibane Garaziko eskualdeko gure anaiak». Aspaldi errotutako elkartasuna, abertzaletasunak abiarazi ez baizik eta iraunarazi zuena.

1935ean ere, Tafalla inguruan gainezka egin zuen Zidakos ibaiak; EAJ arin-arin ibili zen orduan Manuel Irujo handia irudika dezakegu ataka haietan, batzokietan diru-bilketa egin baitzuen kaltetuen alde. Paradoxak zer diren, Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariaren aitona eta aita Bizkaian ibili ziren laguntza haiek biltzen.

1983an, berriz, ezker abertzalea ibili zen fin, eta hamarnaka autobus antolatu zituen Bizkaiko uholdeen ondotik laguntzera joateko. Tafallatik hara joandakoak bi egun aritu ziren lohia ateratzen eta Arrankudiagako zubia konpontzeko lanetan. Okerrena pasatu zenean, Udalak Tafalla «herri senidetua» izendatzea erabaki zuen; jai bat antolatu, eta bertso ahaztezinak kantatu zituzten:

Nafartarrak gure anaiak
diradela erakutsi
Euskal Herria nortzu gerade
oraintxe dogu ikusi
Tafallatar gazteengandik
dogu asko guk ikasi
Nafarra amak bai entzun zuen
bere alabeen garrasi

Elkartasuna joan-etorriko bidaia bat da, ordea. Iragan uztaileko uholdeen ondotik, Arrankudiaga lehen euskal udaletako bat izan da auzolan ekonomikoari heldu eta duela 36 urte abiarazitako senidetasuna berreskuratzen.

Eta zera galdetzen dugu: Zergatik ez errepikatu Bizkaiarekin erakutsitako elkartasun hura orain Nafarroarekin? Zergatik ez berdin jokatu Euskal Herriko udalerri edo eskualde bat egoera berean dagoen aldiro, ikusita, gainera, klima aldaketaren arriskuak horretara garamatzala?

Zertarako, bestela, hainbeste indar abertzale eta progresista gure udaletan? Hamarkadak daramatzagu lurraldearen zatiketaz kexu, Zazpiak bat idealizatuaz, nazio eraikuntzaz, lurraldetasunaz... Ez al da askoz errazagoa eta pedagogikoagoa gauza zehatzekin hastea? Zer ideiak edo indarrek batzen ote du Baskonia osoa auzolan hitzak baino gehiago? Zer daukagu euskaldunok gure elkartasun zaharra baino nobleagoa? Zergatik ez abiarazi udal sare bat aho batez erantzunen duena gure lurraldeetako batek sufritzen duen bakoitzean? Udalbiltza, Eudel eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak udal guztiei proposatu beharko liekete beren urteko aurrekontuetan gisako larrialdietarako diru-kopuru bat bideratzea.

Bitartean, pixkana-pixkana, laguntzak iristen ari zaizkie kaltetutako herriei —zenbatekoa gutxienekoa da—. EAJko udalak, Tolosa, esaterako; PSOEkoak, Egues; UPNkoak, Azagra; EH Bildukoak, Goierri. Txikiena, Erripa, Odietako bailaran; bertako berrogei biztanleak ere euskaldunon elkartasun horren eredu dira. Alta, beste herri batzuetan, eskatutako laguntzak trabatuta segitzen du, arrazoia burokrazia izan, legearen teknizismoak izan edo keinu txiki batzuen garrantzia historiko eta sinbolikoei zaien ezjakintasuna izan.

Artikulu honek helbururik badu, hori herrikide batzuk suspertzea da, uler dezaten, uholde bat iristen delarik, guztiok bustitzen gaituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.