Akordio handien garaia

2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Aste honetan izango da Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa. Horren urrun dirudien otsail hartan hauteskundeetara deitu zutenetik, behin-behinekotasun luze batean igaro dugu 2020a. Normalean, jarduera gutxikoak izaten dira hauteskundeak deitzen direnetik lehendakaria hautatu eta gobernu berria eratzera igarotzen diren garaiak. Impasse aldiak izaten dira. Ez da horrela izan aurten, dagoeneko denok ezagutzen ditugun arrazoiak tarteko. Eta, beraz, pandemiaren krisiak berez sortutako ziurgabetasunari, behin-behineko edo jarduneko gobernuak sortutakoa batu diogu. Erabakiak hartu behar zituzten arduradunen beraien buruetan ez da izan denbora gutxi, ziur. Ez da gutxi izan Eusko Legebiltzarraren beraren jardueran, azken hamarkadan (gutxienez) izan dugun momentu latzenean jokoz kanpo egon baita, eztabaidatik at. Hori guztia, beraz, aldatzera doa aste honetan lehendakaria aukeratzen dutenetik aurrera.

Orain dela gutxi ezagutu dugu gobernu berriak oinarri izango duen EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, orokortasun asko eta zehaztasun gutxi jasotzen ditu akordioak, gobernuak benetan egingo duenetik urrun. Horrelakoetan zaila izaten da benetako programa lerroak antzematea, orokortasunek estali egiten baitute politika publikoen inplementazioaren norabidea. Egia da, urte asko dira gehiengo osoa zuen Jaurlaritza bat ikusten ez genuela. Baina, era berean, ezin dugu ahaztu zein krisi testuingurutan egin ziren hauteskundeak (oraindik atera ez garen hori), eta zein partaidetza baxuarekin izan ziren emaitza horiek ere. Horrek guztiak bide orri argia behar du datozen urteetan, politikarekiko konfiantza berreskuratu behar bada. Argi esanda, oinarri orokor batek gidatu beharko luke legegintzaldi hau: akordio handien garaia izan behar du.

Denbora da koronabirusak eragin duenaren tamainako krisi batek sortzen duen ezinegona bizi ez genuela. Eta ezinegon horrek ondorio asko ditu gizarteko esparru guztietan. Daniel Innerarityk bere azken liburuan dioen bezala, ziurgabetasunak gure bizitzaren esparru guztiak ukitu dituen honetan, garrantzitsua delako erakundeetatik ere erantzun sendoak bidaltzea. Eta akordio zabalen bidetik etorri behar du horrek; momentu honetan oposizioa osatzen duten alderdiak ere barne hartuta.

Gizarte arloari dagokionez, EAJ eta PSE-EEren arteko akordioan aipamen berezia egiten zaio Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformari. Aurreko legealditik datorren gai horrek Espainiako Gobernuak onartutako Gutxieneko Diru Sarreren prestazio berria ere hartu beharko du kontuan. Baina zein norabide hartuko du erreformak? Hartuko al ditu kontuan aurreko agerraldietan familia unitatearen inguruan esandakoak? Eta, batez ere, Jaurlaritzak oraingoan lortuko al du EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin erreforma adostea? Maroto auzitik denbora asko pasatu dela dirudi, baina hark zerbait erakutsi bazuen, horrelako gai batek sor dezakeen kontsentsu zabala da. Horrek izan beharko luke abiapuntu oraingoan ere. Legebiltzarrean lortutako kontsentsu zabal batek askoz indartsuago bihurtuko bailuke tresna. Eta hori ezinbestekoa da ziurgabetasun garaietan.

Ezinbestean, osasunarena da gizarte arloan aipatzen den beste puntuetako bat. Baina bada aipatzen ez den beste bat: gizarte zerbitzuena. Pandemia honek hainbat eragin utzi ditu agerian erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetan, eta, horren guztiaren atzetik, ezinbestekoak diren erabakiak sistemaren erakundetzean eta lidergoan. Ona litzateke Jaurlaritza berriak benetan sinetsiko balu sistemaren lidergoa bere esku dagoela eta erakundetzeak badituela, oraindik, hainbat pauso emateko. Eta ona litzateke horretan hasiko balitz aldundiekin eta udalekin batera, osasun eta gizarte arloa ongi egituratzeko, gizarte arloak berak ere behar baitu egituratze sendo bat.

Aurreko legealditik dator, baita ere, Hezkuntza Lege berri baten inguruko proiektua. Horrek ere beharko luke adostasun zabal bat eragileen artean, baina baita legebiltzarra osatzen duten alderdien artean ere. Orain dela hainbat urte ezarritako elementuek (hiru hizkuntza ereduek, itunpekoaren eta publikoaren inguruko bereizketak, atzerritarrekin gertatzen ari den segregazioak...) aspalditik behar dute eguneratzea. Eta hori posible egiteko momentua ere izan daiteke legegintzaldi berria. Gauza bera gertatzen da ekonomiaren garapenarekin eta industria indartzeko bidearekin. Edo hain beharrezkoa den EiTBren erreformarekin; euskarak plataforma berrietan toki bat izan dezan aukera paregabea izan daiteke. Eta, noski, baita autogobernu eta estatus berriaren adierazpenarekin ere. Ezinbesteko aukerak izan daitezke kontsentsu zabala oinarri hartuta martxan jartzen badira.

Azken batean, hastera doan legegintzaldi berri honetan badago euskal politikagintzan garrantzitsua izaten jarraitu behar duen zerbait: Eusko Legebiltzarraren protagonismoa eta zentralitatea. Ziurgabetasun garai hauetan, gehiengo osoa bermatuta izanik ere, ezinbestekoak dira kontsentsu zabalak. Legebiltzarra lehen lerroan jarrita, eragileak zabalduz batasun irudia proiektatzea lor daiteke, eta krisialditik indartuta aterako gara modu horretan, bai sistema politiko gisa, baina, batez ere, gizarte gisa. Merezi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.