Erantzunen unea da

2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Non egon da Hezkuntza saila hilabete hauetan guztietan ikasturte hasiera behar bezala antolatu ahal izateko? Zein protokolo dago aurrez aurreko hezkuntzarako itzulera segurua izan dadin? Nola bermatuko dira osasun baldintza egokiak ikastetxeetan ratioak jaitsi barik? Zer dela eta ezinezkoa izaten ari da metro eta erdiko distantziak mantentzea ikasgeletan? Zergatik ez da lantaldea handitu? Non daude Hezkuntza Sailak iragarri zituen 1.000 irakasleren kontratazio berriak? Ba al dago galdutako Euskararen berreskurapenerako plan konkreturik? Curriculumaren berrikuspen pedagogikoa egingo al da? Zergatik murriztu dira goizeko gelak? Jangela zerbitzua bermeekin mantenduko al da? Non daude beharrezkoak diren gailu digitalak eta Internet konexioak? Nola jarraituko da etxean gelditu beharko duten ikasleen ikasketa prozesuarekin modu egokian? Zaurgarriak diren ikasle edota profesionalekin ba al dago plangintza propiorik? Zer gertatzen da beharrezkoak izaten ari diren udal azpiegiturekin? Zein interlokuzio dago udalekin herrietako espazioen egokitzapen pedagogikoa egiteko? Zeintzuk dira umeren bat etxean gelditu behar bada hartuko diren kontziliaziorako neurri zehatzak? Nola bermatuko da zaintza eta lana bateragarriak izatea?

Etxeko afarietan, kafe bat hartzen dugunean, ogia erostera goazenean egiten dugun ilaran, ikastetxeetako sarreretan, irakasle geletan… eguneroko leku guztietan azken asteetan bolo-bolo dabiltzan galderetako batzuk dira horiek. Mila galdera. Erantzuna non ote da?

Sei hilabete dira jada COVID-19a gurean agertu zela. Sei hilabete birusa agertu eta EAEko Hezkuntza saila desagertu zenetik. Eta inongo ziurtasun eta erantzunik ez dugu oraindik. Jaurlaritzaren arduragabekeria nabarmena da hezkuntza arloan ere.

Konfinamenduak aurrez aurreko hezkuntza ereduari berehalako aldaketa ekarri zion. Egun batetik bestera irakaskuntza presentziala bertan behera gelditu eta telematikora aldatu behar izan zen. Eta une hartan, inork ez genekien zer-nolako egoera berri baten murgilduko ginen.

Zerbait argi gelditu bada, denbora honetan, Euskal Herriko hezkuntza sistemek dituzten gabezia estrukturalak dira, eta arrakalak sakondu eta azkartu besterik ez direla egin. Agorpen zantzu gero eta ageriagoak dituen hezkuntza eredua ageriagoan gelditu da pandemia honekin. Hezkuntza sistema ez dago beharko lukeen bezala prestatua erronka digitaletarako, curriculuma erabat zurrun eta itogarria da, Euskararen irakaskuntzak azken urteetan zekartzan hutsuneak handitu dira, ikasleen arteko arrakalakhanditu dira, inbertsio eta baliabide gehiago behar da eta, beste askoren artean, guk geuk hezkuntzaren gainean erabakitzeko izan beharko genukeen eskubidea Madrilgo dekretuen guztiz menpeko gelditu da.

Egoera hau izanik, Araba, Bizkaieta Gipuzkoako Hezkuntza sailakinplikatutako sektore guztiarekin harreman zuzena izan zezan da edozeinek espero genezakeena. Baina ez, beste behin ere, Hezkuntza sailak bizkarra eman zion komunitateari profesionalen iritzia kontutan izan gabe. Orain aurpegi berria etorri da sailera, baina, itxura aldaketa bakarrik izango da ala politiken aldaketekin, proposamen zehatzekin, negoziatzeko asmoekin eta egiteko beste modu batekin lagunduta etorriko al da?

EH Bildun erakutsi dugu badagoela gauzak beste modu baten egiterik. Egiteko modu berri bat posible dela. Eta, horregatik, EH Bilduk gobernatzen duen udaletan, adibidez, ikastetxeekin zuzeneko interlokuzioa izan dugu; Jaurlaritza heldu ez den lekura bitarteko teknologikoak eskaini dizkiegu ikasleei; jantoki zerbitzua bermatu dugu; ikasle zaurgarrienei beharrezko laguntza eman diegu; euskara mintza-saioetan parte hartu dugu...

Horretaz gain, orain, berehala, itxaron barik, hartu beharreko neurrisorta mahaigaineratu dugu ere Jaiki izendatu dugun emergentzia planean. Maiatzean jada, Urkullu lehendakariari Maddalen Iriartek berak luzatu zion elkarlanerako proposamena, eta baita hezkuntza komunitateko eragile guztiei ere.

Gure ustez, berandu baino lehen, OMEk aholkatzen duenari jarraiki, ikasle ratioa 15era murriztu beharra dago. Eta horrek, ezinbestean, lantaldea handitzea ekarri behar du. Alegia, gure ustez beharrezkoa da 10.000 profesional berriren kontratazioa ipar izango duen plangintza diseinatzea. Honekin batera, gainera, espazio eta azpiegiturak egokitzea beharrezkoa da. Jangela eta garraio zerbitzuak ere bermatu behar dira eta berandu baino lehen Euskararen berreskurapenerako plan tinko bat hil ala bizikoa izango da gure hizkuntzarentzat. Eta, osasun egoerak hala eskatzen duen eremuetan, PCR probak egin behar zaizkio eskola-komunitate guztiari. Hau guztia, jakina, hezkuntza komunitatearekin eta udalekin elkarlanean landu eta adostea proposatzen dugu. Honengatik, behintzat, irailaren 15erako deituta egon den grebak garrantzi berezia hartu du eta gure babesa izan du.

Berehalako neurriak proposatzen ditugu, bai, emergentzia egoera baten aurrean gaudelako. Baina aurrera begirakoak ere badira, izan ere, ez dugu pandemia aurreko hezkuntza eredura itzuli nahi; bestelako hezkuntza eredu bat eraiki nahi dugu. Horregatik, ikasturte honetako gure egitekoa izango da, herri hezitzaileen bidean, hezkuntza sistema eraberritzeko eskaintza integral bat osatzea, eta hezkuntza sistema publiko burujabe baten norabidean proposamen erreal eta egingarri bat plazaratzea, alegia. EH Bilduren borondatea argia da elkarlanerako eta adostasunetarako. Konfiantza eta ziurtasunak behar ditugu, eta, galderak besterik ez dagoen garaiotan, erantzunen unea da.

Bukatzeko, hezkuntza komunitatea osatzen duten profesionalei zein familiei gure aitortza zintzoa, eta modu berezituan, noski, ikasleei, hilabete luzez egindako lan nekaezinagatik. Ezohiko ikasturte bat dugu aurretik. Inoiz baino gehiago elkar zainduz hel diezaiogun erronkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.