Aste Santua

2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Oraindik ere ez zaio izena aldatu eta ez zaio, seguru asko, aldatu ere egingo. Bere jatorria antzinakoa da. Juduen Pazkoa ospakizunetik dator eta Nazareteko Jesusen heriotzaren inguruko gertakariarekin berritu zuten Pazkoa zaharra. Hau guztia gogoratzeko eta berpizteko, Erdi Aroan, elizetan eta eliz-atarietan Jesusen Pasioaren antzerkiak egin oi zituzten, eta hortik kaleetara pasa ziren. XVI. mendean sortutako Kofradiek eta Anaidiek zer ikusi handia izan zuten afera horretan. XVI. mendean hasi ziren lehen desfileak ere, baina kalera irteteko grina hori Kontrarreformarekin batera etorri zen. Kristau katolikoek sutsuki eta kaleko manifestazioen bidez egin zioten aurre Martin Luteroren Erreformari, euren fedea publikoki agerraraziz.

Aste Santua deitura ez dela aldatuko esan dut hasieran, eta hona pare bat arrazoi: lehena, Europa guztian oso errotua dagoela, zer esanik ez Espainia partean —Euskal Herrian erejarraitzen dute ospakizunek, noski—; bigarrena, Espainiako Gobernuak onartu zuela 2017an Manifestación Representativa del Patrimonio Cultural Inmaterial bezala izendatzea Aste Santuko ospakizunak. Gizartearen Patrimonioa dela eskatzeko espediente bat ere ba omen dago. Berriro ere elkarrekin erlijioa, artea eta politika.

Eta, gaur egungo Aste Santua? Pentsatzen dut, 2021ean ere, Euskal Herrian, erlijio kutsuko ospakizunak aurreko urteetakoen antzekoak izango direla han eta hemen. Behar bada, pandemia dela eta, zerbait umilagoak. Egia esan, 50 urte hauetan ez dut sumatu elizkizunetan eta erritualetan aldaketa handirik egon denik, baina bai konturatu naizela elizako aulkietan hutsune handiak sortu direla. Hau errealitate bat da, ez Aste Santuetan bakarrik, elizako ekitaldi guztietan ere antzera. Gizarteari galdetu beharko diogu, non zaude?

Gizartea asko aldatu da. XVIII. mendeko Ilustrazio garaietatik hasita, arrazoinamenduaren ateak ireki zirenetik, magiaren eta mitoen estrukturak pixkanaka ahultzen joan dira. Erlijioek hortik asko daukatenez, nahi baino gehiago, gizakiari, fede hutsezko eta arrazoinamendurik gabeko erlijioak ulertezinak gertatzen zaizkio. Ilustrazioak, beste arlo batzuez aparte, zientzia eta industrializazioa ere asko bultzatu zituen, eta gizakialurrari, berehalako errealitateari lotu zitzaion, kontu existentzialistak ahaztuta. Gainera, ondoren sortu zen sistema kapitalistak berak ere hedonismoari eta berekoitasunari hauspoak eman dizkio, bere buruan bakarrik pentsatzen duten gizakiak komeni zaizkiolako. Gaur eguneko gizartea sekularizatua ez ezik, kontsumista eta berekoia da gehien bat. (Ilustrazioak onura handiak ere ekarri zituen: Erdi Aroko jauntxoak amaitzea, Frantzia eta Ipar Amerikako iraultzak, esklabotzaren abolizioa, emakumeen hala-holako liberazioa,...).

Erlijioak ez dira aldatu. Erdi Aroko dogma berekin jarraitzen dugu. Gaur egun errezatzen den kredoa, adibidez, IV. mendekoa da, eta ordutik hona euri asko egin du gizakion kaskarretara. Filosofian gorabehera handiak egon dira eta teologian, berriz, beti antzeko kontzeptuekin bueltaka. Zientzia izan da aurrerapen izugarriak eman dituena eta esan dezakegu zientzia kuantikoak XX. mende arteko fisika guztia hankaz gora jarri duela. Garai berri batean bizi gara, dudarik ez. Gaur egun zeruaren, unibertsoaren handitasuna bere galaxia, zulo beltz, eguzki, planeta, satelite, eta abar luze baten ikerketek txundituta utzi gaituzte. NASAk, duela bi urte, 36 planeta berri topatu omen ditu. Geure planeta ote da bakarra? Munduko elementurik txikienak aztertzen, berriz, partikularik txikienekin jolasean ari dira zientzia kuantikoan, emaitzaharrigarriak lortuz. Presokratikoek, Platonek, Plotinok (III. m.) eta beste batzuk K. a. V. eta IV. mendeetan adierazitako «dena lotuta dagoenaren kontzeptu filosofikoa» (kontzeptu holistikoa), nork esango zuen antzeko emaitza zientifikoak eta enpirikoak lortuko zituenik fisika kuantikoak. Dena sare batek lotzen duela, alegia.Partikulen arteko korapilo kuantikoa.

Aurtengo Aste Santuan ere jende multzo bat, gutxiengoa, elizkizunetara joango da, fedeak hala bultzatuta. Hauetako batzuek prozesioetan ere parte hartuko dute fede honez, eta beste batzuk ere agertuko dira prozesioetara, nazarenoak, kandela eramaileak, antolatzaileak, eta abar.Prozesioetan parte hartzen dutenen artean ikusi izan ditut oinutsik, penitenteak, eta negarrez ere bai. Ezin uka barruko sentimendurik ez dagoenik. Baina jendetza multzorik handiena bi kale bazterretan ikusi ohi izan dut. Ikusmiran daudenak, horietako asko turistak. Euskal Herrian ere badira Jesusen nekaldia antzezten duten herriak, fedez eginiko emanaldiak, bai Balmasedan edo Durangon. Segurako prozesioa eta Bilbokoa ere sonatuak dira, besteak beste,...

Eta zu, irakurle, nora joango zara? Zer egingo duzu? Urrutira ezingo zara joan, Labik ez baitizu baimenik ematen. Baina gertuan ere baduzu zer ikusi, zer bizi, zer eta nola gozatu. Elizkizunetara? Prozesioetara, parte hartzera edo ikustera? Turismo erlijiosoa egitera? Edo, hondartzara, kirola egitera, mendira, sagardotegira?

Inoiz galdera sakonik burura etorri al zaizu? Nor naiz ni edo zer naiz ni?Ze lotura dut nik beste gizakiekin, animaliekin, naturarekin, kosmosarekin? Zergatik maitatu behar dut? Beste hauek galdera existentzialak ez badira ere, galdeiozu zeure buruari nola dagoen mundua eta nora goazen abiadura itsu honetan. Barne eta sakoneko galdera hauekegiteko isiltasuna eta unerik topatuko ote duzu bost egunetan? Topatu gai hauek jorratuko dituen libururen bat eta irakurri. Liburuak irakurtzea ez bazaizu gustatzen, aurkitu Youtuben antzeko gaiak eta entzun, asko daude eta. Baina kontuz ibai honetan ito gabe, denetarik dago eta. Adibidez, Ostiral Santuan bijilia egiteko asmoa baduzu, haragia baino bi aldiz garestiagoa den bakailaoa prestatzen ari zaren bitartean, jarri Youtuben Jose Arregiren Jesus no murió por nuestros pecados. Izanzoriontsu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.