Irailaren 13a berriro, betiko panoramarekin

Juan Maria Sansinenea eta Pilar Pingarron
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Irun erori zenetik Donostiaren zortea erabakia zegoen, eta denbora kontua bakarrik zen hiria tropa frankisten eskuetan erortzea. Beranduago Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuek beren zorteari jarraitu beharko zioten eta ezagutu beharko zuten gure herriak,Donostiak, «por Dios y por España»-ko horien eskuetatik ezagutu zuen sarraskia. Espetxeratuak, exiliatuak, beren eskubide eta jabego ekonomikoetan lapurtuak, beren lanpostuetatik egotziak, eta batez ere, erailak, fusilatuak, laurehundik gora, izan ziren sarraski horren giza kalterik nabarmenenak. 1936ko Irailaren 13tik aurrerako garaia izan zen gure herriak, Donostiak, eta, oro har, Euskal Herriak inoiz ezagutu zuen gogorrena eskubide pertsonal eta kolektiboen urraketari dagokionez.

Oraindik ere asko dira hondamendi horren ondorioekin loturak dituzten donostiarrak. Frankismoaren krimenen ondorenak ez dira, inola ere, ahaztuta dagoen, edo are gutxiago ahaztu behar den zerbait, batzuek nahiko luketen bezala.

Data hau, irailaren 13a, hurbiltzen denean, garai egokia da frankismoaren errepresioarekin eta Memoria Demokratikoarekin erlazioa duten gaiak aztertzeko.

Frankismoak ekarri zuen Giza Eskubideen bortxaketa masiboaren aurrean, gure artean planteatzen diren neurriak, kasu hauetarako mundu osoan eta modu estandarrean, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen inguruan gauzatzen dira. Neurri horien artean eta zutabe nagusi bezala, Estatu mailan onartzear dagoen Memoria Demokratikoaren legea dago. Aurreko Memoria Historikoaren legea guztiz nahikoa ez bazen ere, berriaren egitasmotik ezagutzen ditugun xehetasunak ez dira lasaitzeko modukoak. Justizia eraginkorra lortzeko, hau da, frankismoko krimenen arduradunak (bizirik gelditzen direnak) tribunaletara eramateko, 1977ko Amnistia Legeak jarraitzen du oztopo izaten. Lege hori eta Espainiar Estatuaren «batasun sakratua» dira bi zutabe ukiezinak Estatuaren ordenamendu juridikoan, eta batzuk berriro Estatu kolpe bat emateko prest leudeke, bi zutabe horiek arriskuan ikusiko balituzte. Ondorioz, gelditzen den justizia bakarra justizia morala da. Eta hori ere zalantzan dago, epaiketa frankistak guztiz ezabatzeko edo sinbolismoarekin beteta dagoen Erorien Haranari bere kutsu frankista erabat kentzeko dauden zailtasun objektiboak ikusten baditugu, bi puntu hauek zailtasun horren adibidetzat azaltzeko asmoz.

Puntu hauek guztiek zerbait adierazten badute, frankismo soziologikoaren presentzia sakona da, eta, honekin, ideologia horren pisu gogoangarria gaur egungo gizartean. Eta pisu hori, jatorri frankista duten alderdi politikoek —hau da, nagusiki PPk eta Voxek— ordezkatzen dute. Alderdi horiek ez dira beren ageriko lotura ideologiko (eta biologiko) frankistengatik gizarteak batere interpelatuak sentitzen. Arazorik gabe ibiltzen dira benetako justiziari oztopoak ipintzen, frankismoaren krimenen inguruan planteatzen diren neurri aurrerakoiei etengabe zailtasunak jartzen. Eta hori gutxi ez balitz, ez da ahaztu behar estamentu judizialean duten eragina. Organo hauen bitartez, askotan beren pisu politikoak ematen ez dien erabakitzeko aukera bide judizialetik lortzen dute.

Lehen, kutsu frankista duten alderdiekiko gizartearen interpelazio falta planteatzen genuen. Zirkunstantzia hori ezin nabarmenago agertzen da gure herrian izan diren beste indarkeria mota batzuek jasotzen duten tratamendua kontuan hartzen badugu. Horren adibide gisa, ETAren indarkeriagatik ezker abertzaleari talde politiko batzuetatik egiten zaion interpelazioari begiratu besterik ez dugu egin behar. Ezker abertzaleari etengabe barkamena eskatzeko eta atzera begirako autokritika egiteko beharraren exijentzia luzatzen zaio. Bitartean, Francoren ministro ohiek eta bere erregimen kriminalarekin lotura zuzena zuten politikariek sortutako alderdi bat, PP, lasai asko dabil gure artean benetako alderdi demokratikoa balitz bezala, inongo presiorik sentitu gabe. Eta bi indarkeriek, ETArenak eta frankismoarenak, ez dute konparaziorik onartzen hedadurari eta irismenari dagokienez, bigarrena askoz handiagoa izanik.

Aurreko panoramari beste zertzelada bat emateko, egun hauetan Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak ETAk hildako Melitón Manzanas polizia frankista eta torturatzaile ezaguna, «polizia inspektore» definitzen du, bestelako konnotaziorik gabe. Gero batzuk harrituko dira frankismoaren ideologia gure artean osasuntsu izateaz. Bide honetan Carrero Blanco azkar agertuko zaigu «arrantza atsegin zaion almirante» gisa. Testuinguru honetan, ea gaurko Alemanian Reinhard Heydrich, III. Reich-eko SDko eta RSHAko burua, juduen Holokaustoa antolatu zuena (Die Endlösung der Judenfrage-ren antolatzailea), 1942an Pragan txekiar abertzaleek hila, «III. Reich-eko funtzionario zintzo» gisa agertzen dutela galdetu beharko dugu.

Irailaren 13an, Donostiako Ijentea kalean, errepresaliatuen omenez gure ahotsak argi eta ozen elkartuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.