Guardiako hezkuntza akordioa

Ibai Redondo Beitia
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Asteburua heltzeko gogoz geunden. Guardiako upategi batean geneukan zita, ardo eta ardo artean mundua konpontzeari ekin genion. Ez genien gai korapilatsuei ihes egin, eta matxismoa, immigrazioa eta COVID-ANTICOVID zein terraplanismoaren erliebeko koska guztiei kosk egin genien. Eta iritsi zen gaia, hezkuntza. Arnasa hartu genuen, sakon. Gai honi helduko diogu? Ez gara borrokan hasiko? 1993an ikastolako patioan jolas egiten genuen gutako gehienok, gure gurasoak ikastolak publifikatu edo ez eztabaidatzen ari zirela. Ez pentsa burges txikien hausnarketak zirenik, denak langile klasekoak ziren: etxeko langileak, metalekoak eta irakasleak. 30 urte geroago, Arabako Errioxan gai izan gara gaiaz pertsona helduak bezala eztabaidatu eta gure kezkak adierazteko. Hau da: lorezaina, fisioterapeuta, metaleko langilea eta lau irakasle hezkuntzaz sakon hitz eginezOinarrizko Hezkuntza Akordioetara iritsi gara, gure desakordio eta guzti.

Guardiako Akordioa: Euskal Herri osorako hezkuntza euskalduna, euskara eta euskal kultura ardatz izango duena; Madril eta Parisetik baino gehiago Europa iparraldetik eta gure herriko hamaika ikastetxetatik elikatuko dena, hezkuntza eraldatu, modernizatzeko; inklusiboa, segregaziorik gabe —jatorri, arraza, genero edo klase soziala ez dadila aitzakia izan inor baztertzeko—; eta gure herriko hezkuntza sistemaz, euskal publikotasunaz guk erabakitzea. Hausnarketa bukatuta, aspaldiko partez elkarren aurpegiak ikusi eta Sarri-Sarri dantza egiteko aukera izan dugu.

Astelehena iritsi eta astelehenarekin iritsi naiz eskolara. Bost eguneko astea izan dugu, intentsoa, pasioz betea, ederra. Asteburuan amestutakoa astelehenetik ostiralera praktikara eramaten saiatu gara. Ondokoak ere egia berdaderoak dira, astebetean eskola txiki batean bizitakoak: ikaskuntza kooperatiboa hobetzeko hausnarketa; Euskal kulturaz gozatzen agenda kulturala osatzea; ikasle greba dela eta ikasleen eskubideen inguruko eztabaida; irakurmena hobetzeko estrategia bateratuak; gaikako hezkuntza gainditzen hasteko proiektu bateratuen koordinazioa; hezkidetza batzordearen esku hartzea gatazka bat bideratzeko; euskara batzordea martxan jarri eta Eusliderrak aukeratzeko erabakia; patioan ikasleak nola dauden behatu, ebaluatu eta emozioak kudeatzen lagundu; IKKI, laguntza behar duten ikasleen banan banako jarraipena; HIPI programak (ikasle etorri berriei euskara erakusteko programa) ez duela funtzionatzen enegarren aldiz konstatatzea; eskola eraberritzeko planoak ezagutu eta bi hamarkadaren ostean gauzatzeko esperantzari eustea; eta abar.

Astebetean hamaika ekintza gure ikasleei onena eskaintzeko asmoz. Aurrerapausoak bezala frustrazioak. Galderak. Zergatik ez dute ikasleek euskaraz gehiago hitz egiten? Zer gehiago egin euskal kultura transmititzeko? Zer egin ikasle etorri berriek euskara ikasi eta hezkuntzan arrakasta izan dezaten? Zergatik gaude irakasleok eta hainbat ikasle barrakoietan, eta ez ganorazko eraikin batean? Zergatik gertatzen dira oraindik jarrera homofobo eta matxistak? Zergatik langile gehienok ez daukagu plaza finkorik? Zergatik ikasle etorri berriek ez dute Internet etxean?

Urriaren 12a da, Hispanitate Eguna, eta etxean gaude. Espainiar inperioaren eguna ospatzen da. Telebista piztu: desfile militarra, errege-erreginak eta bandera handi bat mastan. Zer gaude oraindik, Kolonen garaian? Edo frankismoan? Zein balio sustatzen ari da telebista? Zein hizkuntza eta kultura bultzatzen du sistemak? Telebista erabiltzen badute, hezkuntza ez? Norbaitek uste du estatuek eta kapitalak ez dituztela erabiltzen eskura dituzten tresna guztiak beraien ideologia zabaltzeko? Hezkuntza noren esku dago?

Harro gaude, nola ez gara bada egongo gure eskolan egiten dugun lanarekin harro? Ziur gure antzeko helburuak, ahaleginak eta frustrazioak dituztela Euskal Herriko eskola eta ikastola askotan. Zerk egiten du huts? Erantzuna erraza da: hezkuntza sistemak eta beronen atzean dagoen sistema kapitalista, hetero-patriarkal eta zentralistak. Badakigu Euskal Errepublika bat behar dugula gure hezkuntza sistema osoki gurea izan dadin... Eta bitartean?

Bitartean aukera bat ireki zaigu, behar dugun hezkuntza sistemarantz urrats berriak emateko. 1918an Oñatin Euskal Hezkuntza Sistema eraikitzen hasteko elkartu zituen ehunka lagun Eusko Ikaskuntzak, ordutik hona bidea egin dugu, gogorra bezain oparoa. Urriaren 22an eta 23an Gasteizen zita jarri du berriz ere Eusko Ikaskuntzak. Arabako Errioxako mahastietan bezala, hazia ereiteko ordua da, fruitua jaso eta behar dugun hezkuntza lortzeko tresna berriak eskuratu ditzagun.

30 urte geroago eskola eta ikastoletako patioetan jolasean ari dira belaunaldi berriak. Gure seme-alabei ez diegu herentzian hezkuntza sistema eta euskaldunon arteko gatazka hau utzi nahi. Hausnarketa honetan ideia eta pertsona guztiok dugu lekua, ez du balio baloia zulatu edo pira egiteak. Guardiako akordiotik, Euskal Herriko Hezkuntza Akordiora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.