Erromo ez bota

Joseba Lekunberri Torre
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Erromo: Eraisketari Ez plataformak lanean dihardu 2017. urtetik, Lope de Vega kaleko 12. zenbakiko eraikinak kontserbatzearen alde —Nagusien Etxea eta euskaltegia daude han—. Lau urte hauetan, eraikin horiek kontserbatzearen alde aritu gara bai Bizkaiko Batzar Nagusietan, bai Getxoko Udalaren osoko bilkuretan eta bai Arartekoan, zenbait erakunderen txostenen babesarekin (COAVN Bizkaiko arkitektoen elkargoko ondare batzordea, Osalde Osasun Eskubidearen Aldeko Elkartea eta Amsterdamgo Gutuna) eta, are garrantzitsuagoa dena, 4.000 bizilagun baino gehiagoren sinadurak bilduta, eraikin horiek kontserbatzearen alde etaeraisteko asmoaren kontra.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak alde bakarrez erabaki dutenez 2021. urtearen bukaeran eraikin horiek botatzea, baina aldi berean berretsita geratu denez gizartearen parte handi bat ez dagoela konforme horrekin, Erromo: Eraisketari Ez plataformak bi idazki erregistratu ditu Getxoko Udalean, alkatearentzat —tokiko administrazioaren arduraduna eta Getxoko udalerriaren legezko ordezkaria den neurrian—, eta kopia bana ere bai Getxoko Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztientzat.

Lehen idazkia maiatzean erregistratu genuen, eta, harekin batera, ordura arte bildutako sinadurak ere entregatu genizkion, 4.000 baino gehiago, Lope de Vega kaleko 12.eko eraikinak —euskaltegiaren eta Nagusien Etxearenak— kontserbatzearen aldekoak eta haiek eraisteko edozein saialdiren kontrakoak, kontuan hartuta Itzubaltzetako ondare historikoaren parte direla. Bestalde, itxita dauden instalazioak berehala irekitzeko ere eskatu genion —hala tutoretzapeko apartamentuak nola euskaltegiaren eraikina—, auzoaren beharrei erantzungo dieten proiektu erreal bihurtzeko,eraikinak berak eta haien ingurunea errespetatuta.

Bigarren idazkia, berriz, ekainean erregistratu genuen, eta, haren bidez, Getxoko Udalari eskatu genion herri galdeketa bat egin zezala eraikin horien etorkizunaren gainean erabakitzeko.

Era berean, uztailean eskari bat bidali genuen Eusko Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean agerraldi bat egiteko, azaltze aldera beharrezkoa dela Lope de Vegako 12.eko eraikinak kontserbatzea eta auzoaren beharrei erantzungo dieten proiektuetarako erabiltzea, eraikinak berak eta haien ingurunea errespetatuta.

Gogoan izan behar dugu 1985. urtean eskuratu zirela eraikin horiek (Getxoko Udalak berak eskuratu zituen), 41 milioi pezetaren truke, Itzubaltzetako auzoko elkarteen mugimenduak bultzatuta. Haien barruan egin dute auzoko bizilagunek beren bizimoduaren parte bat, 11 apartamentu tutoretzapeko ipintzeaz gainera ezin konta ahala jarduera egin izan baitira han, bai irakaskuntzakoak (haurtzaindegia, eskolak, euskaltegia), bai kulturalak (kultur taldeak, elkarteak, dantza taldeak, Gobela elkartea) eta bai sozialak (Nagusien Etxea...).

Lope de Vegako 12.eko eraikinek auzitan jarri ezinezko zerbitzua eman dute Itzubaltzetan, baina, hala ere, urteak dira Getxoko Udalak jopuntuan dauzkala, urtez urte aldatuz joan diren proiektuak proposatuz, noraezean. Hala, azkenerako, alde bakarrez eta arrazoi espekulatiboei soilik jarraituz —13 milioi euro: horra kulpantea—, zera planteatu dute orain: eraikinak eraitsi eta bertan, batetik, «belaunaldi arteko zentro» bat jartzea —zeinak, udalaren eta diputazioaren arabera, zahar etxe bat hartuko baitu barnean, Bizkai osorako, 2. eta 3. mailako mendekotasuna duten ehun pertsonari arta emateko— eta, bestetik, txandakako berrogei apartamentu gazteentzat.

Lau mila sinadura baino gehiago bildu izanak erakusten du Itzubaltzetako bizilagun askok ez dutela nahi Lope de Vegako 12. zenbakiko eraikinak desagertzea, eta nahiago dutela haiek kontserbatu eta leheneratzea, barruan jarduerak egiteko, onarturik ere beharbada hobekuntza batzuk egin beharko liratekeela eraikinetan.

Azpimarratzekoa da zer-nolako lana egiten ari den eta nolako zerbitzu ezinbestekoa ematen ari den Itzubaltzetako Ibar Nagusien Etxea, zailtasun guztiak gorabehera.

Bistan da Lope de Vegako 12.eko eraikinak Itzubaltzetako auzokideen bizitzaren eta historiaren parte direla, auzoaren paisaiaren parte, eta bizilagunei iruditzen zaiela hura eraistea atzerakorik gabeko galera bat izango litzatekeela auzoarentzat.

Gure ustez, Bizkaiko beste edozein tokitan eraiki liteke “belaunaldi arteko zentro” oraindik zehaztugabe hori, eta ez dago beharrik Itzubaltzetako auzoari ezinbesteko zerbitzua ematen dion ekipamendu hori suntsitzeko. Hori dela eta, Erromo: Eraisketari Ez plataformak udal gobernuko taldeari exijitzen dio, bai eta horren parte ez izanik ere Lope de Vegako 12.eko eraikinak botatzearen alde dauden talde politikoei ere, bazter utz dezatela eraikinak eraisteko asmoa, eta hel diezaiotela beste gai bati: nola egin beharrezko hobekuntzak eraikin horiek aurrerantzean ere zerbitzu ematen segi dezaten, Itzubaltzetako auzokideek hainbeste eskatzen eta estimatzen dituzten zerbitzuak hain zuzen.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.