'Osasun-bidea'

2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Egia da denbora eta urteak aurrera doazen neurrian, oroimena hoztuz doala, baina nire mahaiko dokumentazioak gogoratzen dit, duela ia hogei hilabete, Nafarroako Areto Berdean —María Txibite Nafarroako lehendakariak eta Errioxako bere homologoak, Concha Andreuk— lankidetza-hitzarmena sinatu zutela. Txibitek hitzaldi labur bat eman zuen, eta, besteak beste, honela zioen hitzez hitz: «Osasuna funtsezko zerbitzua da, zalantzarik gabe. Ekitatea eta aukera-berdintasuna bermatzeko tresna ezinbestekoa da, baita pazienteek ikertu, prebenitu eta artatzeko». Eta gaineratzen zuen: «Hitzarmen honek indartu egiten du osasun publikoaren eta haren profesionalen aldeko apustua».

Txibite lehendakariari nabari zitzaion sinetsi egiten zuela esaten zuen horretan, zintzoa zela alegia. Amaitzeko esan zuen: «Mugarri horrek Espainiaren abangoardian jartzen gaitu eta gure osasun zerbitzu publikoen kalitatea eta gaitasuna erakusten ditu».

Txibitek esandakoak ongi entzuten dira, oso ongi, baina prentsa idatziko piezak, albistegietako bideoak bezala, batzuetan, krudelak, benetan krudelak izatera iritsi daitezke.

Egia da, ez da oroimen askorik behar eta begien aurrean egoera zehatzak, apelaezinak jartzen dizkigu.

Txibite lehendakariaren paragrafoak irakurrita, politikagintzan erabiltzen den ikaskuntza baliagarrietako bat iritsi zait burura, eta askotan lekuko izan naizelako diot; jendaurrean batere gorritu gabe, gezurra lasai botatzeko, dohain berezia behar baita.

Osasun publikoarekin jarraituz, nire mahaian ere bada dokumentazio idatzia, Nafarroako Osasun Plataformaren zenbait deialdiren edukiari buruz 2021eko abenduaren 16an.

Deialdian plataformak zioen, nahiz koronabirus haren pandemia gogorra izan, Osasun Sailak «aurrekontu orokorrari» eusten ziola. Ez zuen Lehen Mailako Arreta babesten, ezta osasun publikoa ere. Gastu farmazeutikoa handitzen zuen, osasun mental eskasa sendotzen zuen eta zentro pribatuetako deribazioak blindatzen zituen.

Ez dirudi María Txibite lehendakariak Nafarroako Jauregiko Areto Berdean aipatu zituen baieztapenak kontuan hartu dituztenik Osasunbideko arduradunek. Edo agian bai, eta eguzki kantua besterik ez ziren.

Emaitza ezaguna da eta, zoritxarrez, sinesgarritasuna berdin.

Garai haietan LAB sindikatuak bere egiten zituen plataformaren erreibindikazioak, erabakiak hartzeko garaiak zirela esanez, eta, besteak beste, kudeaketa neurriak ezartzearren alde zegoen.

Sindikatu abertzaleak zioenez, plantillaren %60tik gora dira behin-behineko langileak, eta datozen hamar urteetan langile finkoen ia erdiak jubilatzear daude.

Landa eremuko lan prekaritatea ere salatzen zuen; Elizondo, Goizueta, Peralta eta Altsasu aipatuz.

Erriberriko aspaldiko lagun batek esango lukeen bezala, «urtebete igaro da eta oraindik astoa bizkarrean daramagu».

Denbora aurrera doa, eta gaur egun inork ezin du ukatu Euskal Herriko hegoaldeko osasun pribatuaren bilakaera. Badira datu ofizialak egiaztagarriak, azken hamarkadatan aseguru pribatua %17 hazi dela adierazten dutenak.

Sumatzen da 2008ko krisian egindako murrizketak medikuntza pribatua gehitzea ekarri zuela, baina —nire ustez— Lakuan eta Karlos III.ean hartzen diren erabakiek dakarte medikuntza-profesionalen lekualdatze iraunkorra.

Aurreko lerroalde batean hamarkada bateko datu ofizialak aipatzen nituen. Orain esan dezaket, medikuntza pribatuak duela hamar urte gutxi gorabehera 2.800 sendagilebiltzen bazituen, gaur egun igoera nabarmena duela, 2012. urtean baino 2.000 gehiago.

Kontuan hartu beharreko zifrak direla uste dut, Euskal Herriko hegoaldeko Osasun Publikoaren egoera aztertzen denean.

Amaitzeko, nire bizilekuko egoera utzi dut; Bortziriak. Mendiko herriak: Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantza. Hemen nire ezagutza zehatzagoa da.

Bortzirietan 1.260 haur ditugu (0-14 urte bitartekoak). Datu horiei gehitu behar zaie, pediatra abendutik aurrera erretiratuko dela, eta ez dagoela lanpostu hutsak betetzeko aurreikuspenik.

Iruñetik planteatzen den konponbidea, egungo medikuak eta pediatriako erizainak erabiltzea da.

Bortzirietako Osasun Publikoaren egoera, gero eta gehiago okertzen doa,Lesakako mediku baten amatasun-bajaren ondorioz.

Beraz, langile ezagatik, Arantza-Igantzi, eta urtarriletik aurrera, 1.000 paziente baino gehiago erreferentziazko sendagilerik gabe geratuko dira.

Azalpenean zehar eta ematen diren datuetan oinarrituta, ondorio nabarmen bat argitzen da: María Txibite lehendakariak gobernatzen duen Nafarroa ez da existitzen.

Duela hilabete batzuk —eta egunkari honen orrialde beretik— Txibiteren gobernuak euskararekiko daraman jarrera erabat irrazionala salatzen nuen. Ezkertiar eta nafarra esaten den gobernua.

Gaur, salaketa osasun publikoa modu onartezinean baztertzean oinarritzen da.

Ez dut ukatuko aurreko legegintzaldian gobernu honi hausnartu eta norabidea aldatzeko tartea eman izana: gaur, ez.

Baliteke AHTa izatea iturria agortzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.