Lorik gabeko gauak Ngorongoron

Tanzaniako Serengeti parkean masaiak ezerezten ari dira poliki-poliki, turismoari eta ehizari leku are handiagoa egiteko. Egoera hori amesgaizto bihurtu da abere basatiekin batera bizitzen jakin duen artzain herri horrentzat.

Lorik gabeko gauak Ngorongoron.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Tanzaniako presidente Samia Suluhuren aginduz, gobernuak Loliondo eta Sale barrutietako hamalau herriren lurrak atxiki ditu Pololetiko ehiza eremu berria sortzeko. Masaiak bizi dira lurralde horietan, eta haien ordezkariek salatu dute euren bizileku direla mugatutako lurrak, baita euren kulturaren oinarri ere. Berez, legearen arabera, ehiza erreserba bat sortu ahal izateko, gobernuak kontsulta bat egin beharko zukeen, baina Tanzaniako presidenteak ez du halakorik egin; ez da bildu ez lurrak ustiatzeko eskubideen jabe direnekin, ez eta komunitateetako ordezkariekin ere. Aldiz, gobernuak segurtasun indarrak bidali zituen bertako bizilagunak ikaratu eta kanporatzeko; joan den ekainean, esaterako, Polizia eta armada eremua mugatzen hasi zirelarik, tiroka isilarazi zituzten herritarren haserrea eta protestak. Zauritu ugari eragin zituzten, eta haietatik 31k Kenyako ospitaletara egin zuten ihes, Tanzaniakoetara joateko beldur.

Orain, Tanzaniako Ngorongoro barrutiko masai komunitateak helegitea aurkeztu du auzitegietan Pololetiko ehiza erreserbaren aurka, eta eskatu du berrikusi eta baliogabetzeko Tanzaniako presidenteak iazko urrian argitaratutako agindua —erreserbaren sorrera ahalbidetzen duena—, baita Suluhuri ehiza eremuak «legez kanpo sortzea» debekatzeko ere. Bide batez, iragan ekaineko erasoaldiaren bideoen estekak ere jarri dituzte helegitean, auzitegiak indarkeria hori ere kontuan har dezan.

Duela hilabete, Baliabide Naturalen eta Turismoko ministro Damas Ndumbarok hartutako antzeko erabaki baten aurka jo zuten masaien abokatuek, eta epai haren zain zeuden bitartean heldu zen presidentearen agindua. Abokatuen iritziz, estatuburuak erabaki hori auzitegien ebazpena heldu aurretik hartu izana bera ere bada helegiterako arrazoia. Legea alde dutela frogatzeko, ehiza eremu berria sortzeko gobernuak hartu dituen lurrak herriarenak direla jasotzen duten agiriak aurkeztu dituzte, baita lur horietatik indarrez eta bidegabeki kanporatutako zortzi masairen zinpeko deklarazioak ere. Modu horretan, frogatu asmo dute gobernuaren jarduerak legedia ez ezik «arrazionaltasuna» ere urratzen duela.

Kasua irabaztea espero du Jose Shangay abokatuak. Zortzi urtez zuzenbidean aritu ondoren, oraindik badu federik Tanzaniako justizia sistemaren independentzian eta inpartzialtasunean. «Galtzea kolpe handia litzateke», aitortu du. Izan ere, ez lukete galduko soilik masaien biziraupenerako berebiziko garrantzia duen 1.502 kilometro koadroko eremua, baita justiziaren balioan geratzen zaien itxaropena ere.

Gobernuak, herrietako arduradunekin hitz egiteari uko egiteaz gain, kontsultatu behar izango lituzkeen buruzagiak atxilotzeko ere agindu zuen. Handik gutxira, haiek preso zeudela gertatutako polizia baten hilketaren erantzule izateaz akusatu zituen fiskaltzak. Lau hilabetez egon dira kartzelan 24 buruzagiak; fiskalak, azalpenik eman gabe, uko egin dio hilketa kasua jarraitzeari, espetxeratuak aske geratu diren arte. Ez ziren atxilotu bakarrak izan. Beste masai andana bat ere atzeman eta kartzelatu zuten ekain hartan, migrazio legeak urratu izana egotzita. Horiek ere preso egon ziren joan den azarora arte, azalpenik gabe eta haien kontrako kargurik gabe, aske utzi zituzten arte. Azkenaldian masaien abokatuek jarritako salaketen artean bada habeas corpus bat ere; hainbat lekukoren arabera, ekaineko istiluetan segurtasun indarrek adineko bat zauritu eta eraman egin zuten. Geroztik desagertuta dago Orias Oleng'iyo.

Ez da lehenengo aldia gobernua masaien azken lur horiek atxikitzen saiatzen dela Loliondon, Longidon eta Natron lakuaren inguruan, basabizitza eremu gehiago merkaturatu ahal izateko. 2013an Tanzaniako lehen ministro zenak, Mizengo Pindak, bertan behera utzi zituen asmo horiek, eta idatzi batean onartu zuen horiek masaien lurrak direla.

Bestalde, masaiek Serengetiko parke nazionalaren ipar-ekialdeko mugan 2017an gertatutako gatazka bortitza Afrika Ekialdeko Komunitatearen auzitegira eraman zutelarik, auzitegiak gobernuari eman zion arrazoia joan den irailaren 30eko epaian, esanez parke nazionalaren barruan zeudela segurtasun indarrek suntsitutako boma (etxe) anitzak eta bortxaz kanporatutako artzainak. Baina, ebazpen horretan, auzitegiak aitortu zuen parkearen mugaz bestaldeko lurrak, orain atxiki nahi direnak, legezko herri lur erregistratuak direla, eta hori ere aurkeztu dute abokatuek frogatzeko ehiza erreserba berriaren deklarazioa legez kanpokoa dela.

Desjabetzearen historia

Serengetiko parke nazionala sortzeko, Erresuma Batuko Gobernuak, 1958an, kanporatu egin zituen Paleolitoaz geroztik 15.000 kilometro karratuko eremu hartan bizi ziren artzain masaiak. Ordu hartan, espresuki agindu zuen ordainetan masaiek betirako eskubidea izango zutela Ngorongoro eta Loliondon bizitzeko eta euren artzaintza nomadarekin jarraitzeko, eta zehaztu zuen ezen, etorkizunean kontserbazioaren eta masaien arteko gatazkarik sortuko balitz, herritarren eskubideei emango zitzaiela lehentasuna.

Urte berean, Ngorongoro kontserbazio eremua eratu zenean, Londresek aintzat hartu zituen masaien kokaleku eskubideak, eta haien hezkuntza eta bizitza garatzea jarri zuen sortutako erakundeen helburuen oinarrian. Eskubide horiek mugatuak izan ziren gero, 1975eko ordenantza batek masaien laborantza mota guztiak debekatu zituelarik. Baina, zuzenbidearen arabera, gobernuak ezin ditu, inolaz ere, bertakoen lurrak eskuratu legezko prozedurak bete gabe eta haien baimenik gabe.

Alabaina, politikarien arabera, Tanzaniako lur guztiak gobernuarenak dira, eta, 1990eko hamarkadaz geroztik, adituen arabera, masaiek euren arbasoen lurren %70 baino gehiago galdu dituzte «kontserbazioaren» ondorioz. Izan ere, Basabizitzan Inbertitzeko Eremu Berezien Legearen arabera, gobernuak ehiza erreserbak eta ehiza kontrolatutako eremuak deklaratzeko eskumena du, eta atzerritarren esku utz ditzake, 30 urterako kontzesioen bitartez.

Jakina da Pololetiko kontzesioa Arabiar Emirerri Batuetako Otterlo Business Corporation (OBC) enpresari eman nahi diola Suluhuren gobernuak. Mohammed bin Raxid al-Maktum Dubaiko buruzagi aberatsarekin lotuta dagoen OBCk basabizitza babesteko eta kudeatzeko 4.000 kilometro koadroko kontzesio bat lortu zuen 1992an, Loliondo ehiza kontrolaturako eremu gisa baliatzeko.

Urteetan, OBCk gatazka bortitzak izan ditu masaiekin, artzainei murriztu egiten dielako lurretarako eta ur iturrietarako sarbidea. 2009an, OBCk masaien 200 boma erre zituen, eta 20.000 pertsonari kalte larriak egin. Bertakoen arabera, Dubaiko erregea eta haren ehiztari taldeak heltzen diren bakoitzean, artzainei eremura gerturatzea debekatzen diete. Airbus A380 baten tamainako hegazkinentzako lurreratze pista bat egin zuten han, eta, masaien esanetan, basabizitzarekin salerosketan aritzeko erabili izan dute eremu hori.

Tanzaniako Gobernuaren eta ehiza erreserben kontzesiodunen arteko hartu-emanak ustelkeriaz josita egon dira azken urteotan. 2017an John Magufuli presidenteak OBCren kontzesioa indargabetu zuen, orduan Baliabide Naturalen ministro zen Hamisi Kigwangallak enpresako zuzendari nagusi Isaac Mollel ustelkeriagatik atxilotu ondoren. Eroskerian ahalegintzea leporatu zioten. Baina, Magufuliren heriotzaren ondoren, Suluhu presidenteak berehala berritu zuten kontzesioa, Tanzaniak eta Arabiar Emirerri Batuek sinatu dituzten 7.490 milioi euroren itun anitzen barruan, eta herrialdearen ehiza eremua zabaltzeko asmoa du orain, horretarako masaiak kanporatuz.

Lurra zaintzeko borroka

Ngorongoro barrutiko paradisuak ehunka mila turista erakartzen ditu urtero, eta jakina da Tanzaniako Estatuaren diru iturri nagusietako bat dela. Mendeetan natura eta animalia basatiak errespetatu dituen bizimodua garatzen jakin duten masai artzain-komunitateei dagokie meritua. Baina, kontserbazio garapenak bizkortzeko, iaztik, gobernuak programa bat jarri du martxan masaiak borondatez lekualdatzeko, esanez biztanleriaren hazkundeak arriskuan jartzen duela biodibertsitatea. 93.000 bizilagun handik atera eta Tanga eskualdean kokatu nahi dituzte, baina masaiek uko egin diote programa horri, aho batez.

2.000 lagunek onartu dute borondatez lekualdatzea, eta gehienak ez dira masaiak, azken urteetan iritsitako pertsonak baizik. Masaien sinesmenen arabera, Ngai —edo jainkoa— Ol Doyno Lengai mendi sakratuan bizi da, eta inguru hartan egin dituzte urte hasieratik euren bilerak, komunitatearekiko eta lurrarekiko dituzten konpromisoak indartzeko. Ahots bakarrarekin borrokatzea erabaki dute, euria, zuhaitzak eta abere basatiak zaindu eta arriskuetatik babesteko. Masaiek borondatezko lekualdatzea onartzen ez dutelarik, gobernuak Ngorongoroko hezkuntza eta osasun zerbitzuak murriztea erabaki du; aldiz, Tangako zerbitzu publikoak hobetuko dituela iragarri du.

Shangayren abokatu taldeak Afrika Ekialdeko Komunitatearen auzitegira eraman zuen auzia iragan irailean, masaiak Ngorongorotik kanporatzeko asmoa salatuz. Argudiatzen dute Ngorongoroko masaiei bizi baldintza jasangaitzak ezarri dizkietela lekualdatzea onartzera behartzeko, baita Ngorongoro kontserbazio eremuaren legearekin eratutako artzainen kontseilua ito eta hil egin dutela ere.

Helegite horren sinatzailea Thaddeus Clamian da. Haren esanetan, gobernuak Ngorongoroko estatistika demografikoak manipulatu ditu, masaiak «gehiegi» direla etakanporatu behar dituztela sinetsarazteko. Masaiek eurek egin duten ikerketa baten arabera, Ngorongoron hamabi pertsona bizi dira kilometro koadroko, eta 1960an adina behi daude oraindik. «Klima aldaketak ekarritako gaixotasunen ondorioz, hiru abelburu gehiago bakarrik daude gaur egun», azaldu du Thaddeusek.

Masaien esanetan, gobernuak lur eremuak kontserbaziorako atxikitzen dituela esan ohi du, baina benetan turismorako eta ehizarako atxikitzen ditu. Afrika Ekialdeko Komunitatearen Auzitegiak onartua du helegitea, baina ez du oraindik iragarri noiz hasiko duten auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.