'Caidos' irauli, edo nola eman buelta «Erorien aldeko monumentuari»

Taxio Ardanaz - 'Caidos' irauli ekimena

2018ko ekainak 27
Iruñean, aspaldi, Francoren diktaduraren aztarna arkitektonikorik garrantzitsuenaren —bai tamainan bai sinbologian— aldamenean bizi gara. Iragana «ez xaxatzea»-ren aitzakiarekin eta bideratutako ahanztura baten bitartez hirian asko dira ez dakitenak eraikina zer den, zergatik dagoen hori hiriaren erdian. Ezjakintasun hori, alabaina, mantendu egin da monumentuak Nafarroako gizartearen zati handi batengan sortzen duen minarekin batera.

Eraikinaren etorkizunaren inguruan piztutako eztabaidaren harira, arlo sozial, politiko eta kulturalean memoriarekiko konpromisoa dugun pertsona batzuek eztabaida ahalik eta aberats eta anitzena iraganaren ikuspegi kritiko baten aldeko apustuak batzen gaituelarik plazaratu nahi dugu, gure oraina konpreniarazi eta etorkizun hobea proiektatuko duena. «Desakordioaren balio» zibila eta ez-biolentoan sinesten dugunok era erradikal eta sortzailean egin nahi diogu aurre aldamenean dugun monumentu iraingarri honi. Eraikina deuseztatzearekin arazoa desagertzen ez dela jakinda, betiko politikariek ezkutatze edo isilarazteko joera tamalgarriaz eraikin neutrala dela, memoria txarrekoak garela, edota 36ko «anaien arteko borroka» bat izan zela eta jadanik gainditua dena esanez lortu duten desenfokea plazara ekarri nahi dugu.

Mausoleo bat dela aldarrikatzea dagokigu orain. Hitz egin dezala, bere jario faxista lehen planora ekarrita. Odolez eskuak zikindutako heroi eta matxinoen omentzea xede duen monumentua, zeinaren megalomaniaren bitartez beren biolentzia eta herri xehearen kontrako barrabaskerien seinale eta triskantzaren froga materiala dugu. Horregatik, ez dugu nahi birsignifikatzea edo sinbolikoki berrerabiltzea, ez eta museo bihurtu edo arte zentro bat egitea, edota Civibox bat; ez, ez da horretarako lekua.

Gure iragan hurbil beltzaren lekukoa den heinean, eraikitzea agindu zutenen botere politikoaren ondare politiko eta erlijiosoa da, eta testu liburu batek baino hobeto adierazten du errepresioan oinarritutako pentsamolde faxista nazionalkatolikoa eta erreketearen sostengua. Zentzu horretan, arkitektura, izkribu eta margolanak «gurutzada nazionala»-ren kontaera dira. Gerrako arlotetzat jainkoaren izenean hartu zituzten herritarrak zapaltzeaz gain, beren ideien justifikazioa zeratu zuten Los Caídos-en. Horregatik beragatik, gerrari bere eduki heroiko faltsua salatuz errefusatzen ditugun balioen aurrean ezinbesteko tresna izan daitekeelakoan, eraikina botatzea ez zaigu egokiena iruditzen.

«Profanatu» nahi dugu monumentua, bere dispositibo estetikoa deuseztatu, eta daukan gaurkotasuna azaleratu, Mola eta Sanjurjoren heriotzarekin faxismoa ez zelako desagertu. Faxismoaren logika, aspaldi desmaskaratua, eraikinaren harresietatik at gero eta ozenago entzun daiteke. Bestelako memoriak eraiki, eta guztiontzako gune fisiko eta sinbolikoa bereganatu nahi dugu. Pentsamendu kritikoa sustatu, eta iraganetik gure oraina aztertu, eta ditugun beharrei erantzun nahi diegu: zergatik hasten diren gerrak, nola eraikitzen den «etsaia»-ren ideia, nola biztanleria menderatzen den, nola kapitala eta patriarkatuak hartzen duten parte edota zergatik murrizten diren eskubide sozial eta gizatiarrak.

Horregatik guztiagatik, gune antibelizista bat sortzea proposatzen dugu, militarizatutako espazioa zibil bihurtuko duena. Isildutako bestelako borroka historia batzuk, hala nola faxismoa eta gerren aurreko erresistentzia aurrez aurre jarriko zuena, inposizioa eta biolentziaren isla azalera ekarriz.

Proposatzen dugun eraldaketa honek hiriaren ereduaren eztabaida bete-betean eragingo du, sozialki zein arkitektonikoki. Monumentu hau ikono antibelizista bihurtzeak, Iruñea menderatzea nahiko lukeen madarikazioa gainditzeaz gain, gerra eta bere kulturatik ihes egin eta bakearen kultura garatzeko ere balioko luke. Espainiar estatuan guda zibilekiko gune memorialisten urritasuna dela eta, orain frankistek egindako espazioan baliabide ezin hobea dugu helburu eta tresnetan esanahi sakoneko proiektua aurrera eramateko dugun aldeko testuinguru sozial honetan. Kontraerreferente arkitektoniko izateko bokazioarekin barnekoa mantenduz, kanpoaldean hainbat moldaketa egitea betiere ekonomiko eta sozialki sostengarria izanik, 36ko gerraren memoriaren profil pedagogikoko proiektua eta bestelako memoria antibelizista eta antitotalitarioen topaleku, feminismoa barne. Bertan dokumentazio, bilera, erakusketa eta ikerketa gunea kokatuko zen hiritargoaren memorialismoa eta, bereziki, belaunaldi berriak zaintzea ahalbidetuko ligukeena.

Prozesu parte-hartzaile honetan aurrerapausoak ematen ditugun bitartean, arlo «tekniko»-aren, edo aditu soilen gainetik, proiektuaren garapena erraztuko liguketen aurrebaldintza batzuk proposatzea nahi dugu: erabileren moratoria, bisita pedagogikoak, barne eta kanpoko argiteriaren etendura, hala nola ondoko iturriarena, azalpen panelak monumentuaren historia eta izaera faxistaren azalpenekin. Eta nola ez, neurri horiek guztiak ez zuten balioko ez bada aurretik desakralizatzen kripta eta udalari ez bazaio itzultzen. Modu berean, beharrezko da babes artistikorako dituen neurri administratibo guztiak bertan behera gelditzea.

Bukatzeko, mugimendu memorialista gonbidatu nahi dugu akordio eta elkarlanerako prozesu parte-hartzaile eta inklusibo bat sustatu eta errespetatzera. Era berean, Iruñeko hiritargoari egiten diogu gonbita Los Caídos-en inguruan iraganaren eta etorkizunaren eztabaidan parte har dezan.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Ana Barrena, Iñaki Arzoz, Edurne Beaumont, Lander Aurrekoetxea, Alexandra Baurès, Fernando Mendiola, Nerea Fillat, Imanol Miramón.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna