Bolsonaro, 'Trump tropikala'

Unai Pascual - Zientzialari ikertzailea

2018ko abenduak 6
Urtarrilaren 1ean urte berriaren sarrera ospatu ohi dugu gehienok, eta urte berria oparoa eta zoriontsua izan dadila desiratzen diogu elkarri. Baina beti izan ohi da zerbait momentua izorratzen diguna. Aurten argi dut badagoela, ez hurrengo urtean soilik, baizik eta hurrengo lau urteetan guztiongan eragin kaltegarria izango duen zerbait: Jair Bolsonaro Brasilgo lehendakari izendatu berria bere gobernuaren buru jarriko dela, eta bai brasildar askorengan bai eta planeta honetan bizi garen guztiongan izugarrizko eragina izango duela.

Amazoniako oihanaren %60 Brasilen dago eta munduko oihan handiena izanda, zientzialariak kezkati gaude. Amazoniak bi mila milioi tona CO2 bahitzen ditu urtero eta Planetak duen oxigenoaren %20 sortzen du. Hori dela eta, Amazonia Planetaren birikak ezizenez ezagutzen da. Bolsonarok baietsi du deforestazioaren bidez soja ekoizteko eta behientzako lurraldeak zabaldu nahi dituela Amazonian, eta oihanaren babesa ekonomiarako oztopo besterik ez dela. Hordagoa emanda dago beraz. Zientzialariek ohartarazi dute Bolsonarok Amazoniako oihanaren deforestazio izugarria bultzatuz atzera-bueltarik gabeko egoera batera eramango duela klima aldaketa. Tamalez, klima aldaketarengan ezarriko digun zama ez da bakarra. Amazoniako oihanak euria sortzeko adina gaitasuna du. Mila milioika zuhaitzen sustraiek ura xurgatzen dute eta hostoetara bidaltzen dute, ur lurruna sortuz eta oihanaren gainean lainoak eta euria sortuz. Oinarrizko ziklo honek Amazonasen erortzen den euriaren %40 sortzen du. Eta ez bakarrik hori, Hego Amerikan eta haratagoko eurite sasoien gain eragin zuzena du. Deforestazioak zikloa kolokan jartzeko arriskua dakar, eta honekin batera Hego Ameriketako populazioarengan eragin zuzena izango du, hots milioika nekazarien bizitza kinka larrian jartzeko atakan egon gintezke. Horrela, Amazoniak duen zeregin hirukoitzaren oreka kolokan jar dezake pertsona bakar batek: birikak (oxigenoa), karbono bahiketa (klima aldaketa) eta euriaren zikloa. Ezin da ahaztu ezagutzen diren espezieen %10 inguru Amazonian bizi dela eta bertako landare espezieetatik %75 Amazonian bertan bakarrik aurki daitekeela.

Jakina da Amazonian deforestazioa arazo larria izan dela aspalditik. 1970. urtetik Brasil, Peru eta Boliviak Amazoniako 700.000 kilometro koadro inguru deforestatu dutela (%20). Brasilek gutxienez deforestazioaren erdia eraginez, eta deforestazioaren mailari jarraituz gero 2030erako %27 murriztu daiteke Amazoniako oihanaren hedadura, World Wide Fund (WWF) gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Argi da deforestazioaren motorra ekonomikoa dela. Zehazki, Brasilen behientzako lurrak lortzeko gero behi-haragi hori beste herrialdeetara esportatzeko (gure Europa barne). Aldi berean, soja lurralde-basamortuak landatzen dituzte, behi horientzako eta munduko beste herrialdetako behientzako pentsurako. Kontuan hartzekoa da Brasil, AEBen ondoren, munduko soja ekoizle handiena dela.

2000ko hamarkadaren hasieran deforestazioaren tontorra jo zen urtero batez beste 20.000 kilometro koadrorekin. Berau Euskal Herriaren hedaduraren baliokidea izanik, erraz jabetuko da irakurlea egoeraren tamainaz. Azken aldiko deforestazioaren tontorra 2004an gauzatu zen 27.000 kilometro koadroko hedadurarekin. Egoera horren aurrean, 2004-2014 hamarkadan Lula da Silva eta Dilma Rouseff buru zuten gobernuek legedi zorrotzagoa eta satelite bidezko kontrol sistema ezarri zuten. Ondorioz, deforestazioa batez beste 4.500 kilometro koadrora jaistea lortu zen. Baina Brasilgo gobernuaren azken datuen arabera, deforestazio-tasarik handiena izan berri da Amazonian berriz ere. Batez beste 2014-2018 artean urtero 8.000 kilometro koadro inguru, gehienak Para eta Mato Groso estatuetan gertatutakoak. Zer demontre gertatu da?

Analista gehientsuenek diote azken urteetako Brasilgo krisi politikoak sortutako egoerak, 2016. urtean Dilma Rousseff lehendakariaren kontrako zentsura mozioa barne, eragin zuzena izan duela. 2016. urteko martxotik abuztura, Dilmaren kontrako zentsura mozioa gertatu bitartean, iniziatiba legislatiboak izan ziren ingurumenaren defentsarako legedia ahultzeko helburuarekin eta honek jarraipena izan du Michel Temer lehendakari-panpinarekin. Egoera politiko berriaz baliatuta, mugimendu «ruralistak» (agroindustriaren lobby-a) boterea handitu du eta oihanean behientzako eta sojarako ekoizpenerako lur-konbertsioa areago bultzatu zuen. Halaber, ezin ahaztu dezakegu Dilmak 2013an basoaren kode legalean lur-jabe txikiek eragindako deforestazioaren aldeko amnistia eman zuela, ziurrenik mugimendu ruralistaren presiopean. 2016an Temerrek Ingurumen ministerioaren aurrekontua murriztu zuen eta gobernuak Brasilgo populazio indigena babesteko duen Fundação Nacional do Índio-ren lehendakaria bere postutik kendu eta militar bat ezarri zuen. Urte horretan bertan, landa inguruan lurraren defentsan dabilen pertsonen erailketa kopurua handitu eta lurraren jabegoaren inguruko istiluak areagotu egin ziren.

Indigenak oihanaren lurralde babestuetan bizi dira eta Bolsonarok dagoeneko esan du meatze erraldoiak eraikiko dituela indigenak bizi diren baso babestuetan. 27 urte luzez Kongresuko diputatua izanik, Bolsonaroren helburuetako bat indigenen aldeko babes legalak murriztea izan da, agroindustriaren mesedetan. Laster erraz izango du Bolsonarok halakoak egiteko aukera. Hurrengo urtarrilaren 1etik aurrera gobernu berriko nekazaritza ministro Tereza Cristina izango da, orain arte agroindustriaren ordezkari eta Kongresuan lobby lanetan ibilitako emakumea. Ezer onik ezin espero beraz. Hori gutxi balitz bezala, Ernesto Araújo Bolsonaroren atzerri ministro izendatu berriak klima aldaketa azpikeria marxista dela esan berri du. Erokeriei jarraika, Brasilgo lehendakariorde berriak, Hamilton Mourão jeneralak, klima aldaketa ekonomia handien dominazio instrumentua dela dio. Hortaz, hauxe da Bolsonaro: Trumpen lagun tropikala.

Argi dago Bolsonarok Planetaren bizitza ez duela errespetatuko eta bere lagunen negozio egarria asetzeko Amazonia suntsitzeko arriskua inoiz baino handiagoa dela. Ez da brometan hartzeko pertsonaia, ez eta egoera ere. Brasilgo basoak zainduz, Planeta pairatzen ari den klima aldaketa eta bioaniztasunaren galeraren egoera tamalgarriari irtenbideak aurkitzen lagundu beharrean, krisi ekologiko globala areagotuko du. Ez dira garai onak aurretik ditugunak, ez Brasilentzat, ez eta gu guztiontzat. Gure Planetak badaki eta gu guztion kontzientziari gero eta ozenago oihukatzen dabil. Entzuten al dituzu bere aieneak?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna