Juan Mari, zoritxarrez 30.a

Haimar Altuna eta Jokin Urain - Preso ohiak eta Sortuko kideak

2019ko urtarrilak 10
Espetxearen atzamarrak gehiegitan urratu gaitu, gehiegitan samindu eta sumindu gaitu, eta oraingoan, beste behin, nahiz eta ez izan zuzenean espetxeren batetik datorren berria, Juan Mari Maizkurrena preso ohi hernaniarra zendu dela jakin dugu. Urtarrilaren 5ean hil da, 66 urte zituela. Zazpi urteko espetxe zigorra bere gaixotasun larriagatik etenda kaleratu zuten, Palentziako Dueñasko kartzelatik, 2017ko ekainaren 29an. Auzitegi Nazionaleko Sala epaileak eten zion ezarritako zigorra, bere gaitzaren larritasuna nabarmen egin eta sendagileek ikusi ondoren. Baina gaixotasuna oso garatua zuen atzeman ziotenerako, atzeraezina eta sendaezina izateraino garatua. Aipatu behar da, gainera, eta salatu ere bai, Maizkurrena bera izan zela gaixotasun larria zuelako askatu zuten azken presoa, beste batzuen askatasuna behin eta berriz ukatu baitute, kasu horietan ere gaixotasuna aski larria eta sendaezina izan arren.

Espetxean bertan edo espetxetik gaixotasun sendaezinarekin kaleratuta hil den 30. presoa izan da Juan Mari. Gaixotasuna areagotu egiten du espetxeak; espetxeko bizi baldintzek eta sendatzeko beharrezkoak diren arreta eta ingurunea ez eskaintzeak gaixotasunaren aspekturik txarrenak areagotzen dituzte. Modu horretan, gaixotasuna zigor gehitua bilakatzen da espetxean; gaixorik den presoa espetxean mantentzea espetxe politika krudel eta gizagabea da, are gehiago baldintza horietan bizi beharrak bere osasunari zelako kaltea eragiten dion jakinik. Behin eta berriz ikusi dugu espetxeak eta gaixotasunak biak bat eginik erasotzen dietela euskal preso politikoei, besteak beste kalte hori eragiteko asmoz luzatzen zaizkielako espetxealdiak eta ezartzen zaizkielako bizi baldintzarik zailenak, urrunketa eta isolamenduarekin batez ere.

Azken urteetan ikusi dugu nola, euskal preso politikoen kopurua murrizten joan den arren, handitzen joan den gaixotasunen bat dutenen kopurua eta, horien artean, gaixotasun fisikoei gaixotasun psikikoen kasuak gehitu zaizkie modu oso kezkagarrian. Azpimarratu behar da, bide batez, azken urteetan gero eta espetxealdi luzeagoak jasaten dituztela euskal presoek, hainbat kasutan isolamendua ere oso luzea dela, eta kartzelaren aspekturik kaltegarrienak gehitzen zaizkio, modu horretan, gaixotasunari.

Ez dugu ahaztu behar 23 direla gaur egun gaixorik diren euskal preso politikoak (nahiz eta horietako bi etxean espetxealdi arinduan egon), eta preso horietako batzuen gaixotasunak oso larriak direla, zenbait kasutan sendaezinak. Ez dugu ahaztu behar gaixorik den edozein pertsonak behar duela arreta berezitua, eta ingurune egokia behar duela sendagaiez gain, are gehiago gaixotasuna larria edo sendaezina denean. Eta, zoritxarrez, ongi dakigu zelakoa den euskal preso politikoei orokorrean eta gaixorik direnei bereziki eskaintzen zaien ingurua. Ezin da ahaztu, gainera, euskal presoei oro har espetxealdi luzeak betearazten dizkietela; badirela beren bizitzaren erdia espetxean daramatenak, euskal presoetako askok adin handia dutela, eta gaixorik diren presoek ere urte kopuru handia daramatela kartzelan eta kartzelaldi luzearen eragina nabarmena dela beren osasunean.

Bukatu berri den 2018ko urte honetan zehar kardiopatia larriengatik urgentziaz ospitaleratu behar izan dituzte gaixotasun larriak dituzten Josetxo Arizkuren, Mikel Otegi eta berrikiago Txus Martin euskal preso politikoak. Izen publikoen zerrendan ageri ez den beste euskal presoren batek agerraldi psikotikoa jasan duela ere jakin dugu. Oso kezkatzen gaituen egoera konplikatuak dira, ezin dugulako ahaztu bihotza kuzkurtu zitzaigula Kepa del Hoyo eta Xabier Rey espetxean hil zirela jakin genuenean, eta berriro estutu zitzaigun espetxealdi malgutuan etxean zegoen Belen Gonzalez hil zela jakitean. Orain, beste behin, itomen horrek harrapatu gaitu zu ere gaixotasunak gure artetik eraman zaituela jakitean, Juan Mari.

Argi eta itzalen bide horretan, azken urteotan (2017) Oier Gomezen eta Juan Mari Maizkurrenaren zigorren eteteak ezagutu ditugu, baina 3/2017 instrukzio penitentziarioa, heriotza instrukzioa zinez, ezartzen ere ikusi dugu. Euskal preso politikoak gaixo egon arren beren bizitzaren azken bi hilabeteetara arte ez askatzeko egin zuten instrukzioa, eta irizpide horrek ezin argiago erakusten du zelako zitalkeriarekin jokatu duten eta oraindik jokatzen duten. Instrukzio berri bat ezarri du orain espainiar Gobernuak, baina orain artean izan duten jokabidea gainditzeko ez da aski beste instrukzio bat abian jartzea; gizabidezko irizpidea modu efektiboan ezarri eta gaixorik diren euskal preso politikoak berehala kaleratu behar dira. Kalean, etxeko eta lagunen artean, maite dituztenen artean soilik aurki dezakete beren osasunarentzat egokia den ingurunea eta arreta.

Gogora ekarri behar dugu euskal preso politikoen esparruan gaixoen askatasuna lehentasunen artean aldarrikatzen dugula, urgentziaz eta berehala gauzatu beharreko beste hiru gaiokin batera: hurbilketa, beste estatuetan betetako zigorrak espainiar estatuan betetakoekin batzea eta lehen gradu penitentziarioa gainditzea. Preso guztiak gure artean izatea dugu erronka, eta lehen-lehenik gaixorik direnak, beraiena delako egoerarik larriena, atzeraezina zaiguna. Etxean eta bizirik nahi baititugu, eta ezin dugu onartu preso gaixoengan mendeku hartzen duen espetxe politikarik, are gutxiago haien eta beren senideen sufrimenduarekin ase nahi duen gizarterik. Preso politikorik gabeko etorkizuna nahi dugu geure herriarentzat.

Horregatik guztiagatik hain zuzen, larunbat honetan, urtarrilaren 12an, bai Baionan eta bai Bilbon, ozen aldarrikatuko dugu Orain presoak! eta larriki gaixo dauden presoak etxera. Baina bezperan, urtarrilaren 11ko iluntzeko 19:30ean, Hernaniko Gudarien plazatik abiatuko den manifestazioarekin eta ekitaldi xume batekin emango dizugu azken agurra, Juan Mari. Agur eta ohore!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna