Klasez klase, ezin ase

2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Joan berri den astean zendu da Erik Olin Wright soziologo marxista ezaguna, 72 urte zituela.Pentsamendu eta azterlan uzta oparoa utzi du bere ibilbidean, tartean Euskal Herrira ere egin ditu bisitaldiak.

Zer dira klaseak? Nola sailkatu ditzakegu? Soziologiak dakartzan galdera horiek ez dute erantzun errazik aurkitzen sekula, teoria sozialaren barrunbeetan murgiltzeko erronka ez dio bere buruari edozeinek jartzen.Erik Olin Wright (Berkeley, 1947-2019) horietakoa izan zen, gaur egun bizi ditugun gizarteak begirada finez irakurri nahi izan zituen soziologo teorikoa.

Marxismo analitikotzat jo dezakegun korrontearen parte izan zen, 70eko hamarkadan Estatu Batuetan ernaldu zen joera akademikoa, marxismo klasikoago eta gogorragoa gainditu nahian. Klase sozialen inguruko teoria garaikide bat osatzea izan zuen helburu nagusietako bat, iturri ezberdinetatik edanez, gaur egungo joeren eta gizarte osaeren berri emateko balio zezakeena. «Weberren jarraitzailea izan zaitezke klase arteko mugikortasunak azaltzeko, Bourdieurena klaseen bizimodu eta determinazioak aztertzeko eta marxista kapitalismoari kritika egiteko», zioen bere Understanding Class azken urteotan argitaratu duen lan esanguratsuenetarikoan.

Marx xeheki irakurri ondotik piztu zitzaion gatazka sozialak eta gizarte egiturak ikertzeko gogoa, berau ondo eta zehatz ulerturik kapitalismo garaikidea gainditzeko aukera errealak irudikatu eta proposatu nahian. Asmo horren ondorio dira Euskal Herrira egin zituen bisitaldiak, ohiko enpresa molde kapitalista ez zen beste eredu baten bila. Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa ezagutu eta aztertzera etorri zen, horren tamaina handiko langileen kooperatiba batek bideragarri izatea nola lortu zuen galdetuz bere buruari. Evisioning Real Utopias 2010ean argitaratu zuen liburuan jaso zituen Arrasateko kooperatiben inguruko bere analisiak eta hausnarketak, gizartea antolatzeko modu kapitalista gaindituko zuen eraldaketa bat elikatu zezakeelakoan.

Esperientzia alternatiboak biltzeko lanetan aritu zen, errealitate sozialakbizigarriago nola egin asmatu guran. Ekonomia sozialaren potentzialtasunak (Arrasateko Kooperatibak), demokrazia zuzenagoaren abantailak, teknologia berriek zekartzaten berdintasunerako aukerak (Wikipediaren kasua aztertu zuen) edo oinarrizko errenta unibertsalari buruzko proposamenak ikertu zituen; guztiak ere, ekonomia kapitalista garaikideak altxaturiko hesien gainetik jauzi egiteko modu zehatz gisa, bestelako lurralde sozialetara, gizarte artikulazio berrietara.

Finean, buruan darabilen ideia zera da: munduan ezagutzen ditugun ekonomia guztiak, bakoitzak bere itxura eta bere ezaugarri propioak edukiagatik, nahasketa zehatzak dira, harreman ekonomiko jakin batzuetatik eratorriak. Arrakalak sortzeko, egitura guztia dardaraz jartzeko, kapitalismoaren atzaparretan erortzen ez diren harremanetan jarri beharko direla indarrak defendatu zuen, hibridazio berriak aurreikusi eta bilatuz.

Bat, bi... zenbat klase?

XXI. mendeko lan merkatuak eta kategoria profesionalak ulertzeko ahaleginean, pentsamendu kritikoaren teoriak orrazteko ariketa egin zuela esan daiteke. Hain eztabaidatua eta zehazten zaila den klase ertainak sortu zizkion buruhauste ugari. Duela gutxira arte industriaren bueltan antolatutako gizarte industrialetan bi klase kontrajarri identifikatzea erraza bazen ere, «klase handien» inguruan Weberrek edo Marxek osaturiko azterketak herren geratu zirela iruditu zitzaion. Egungo lan egiteko moduekin eta enpresa antolakunde motekin lausoagoa da guztia. Korapiloa trinkoa bazen, are gehiago txirikordatu da garai (post)modernoetan, konexio gehiago daude, eragile, interes eta sare konplexuagoak.

Zorrotza zen analitikoki, konplexutasun amaigabe hori guztia sozio-logiken begiradapean jarri nahi izan zuen: «klaseen gaineko azterketa aurreratua egin gura badugu, aldagai eta azalpen kausal ezberdinen arteko loturak egin beharko ditugu, interkonexioak bilatuz». Bigarren buelta bat eman nahi izan zion mendebaldeko gizarteen luze-zabalean onartuak ditugun kategoria bati baino gehiagori, astinduz eta hautsa kenduz.

Bere analisietan eta oro har marxismoan zein ezkerrean klaseen inguruan hausnartzeko eta kontzeptu hori erabiltzeko joera egonagatik, klase bateko kide izatea beste kontu bat zela zioen. «Klaseak ez dira soilik estatistika multzoetan sartzen diren zenbaki hutsalak, gizarte egituraren isla errealak dira. Klase bateko partaide sentitzeak lotura gehiago du identitate sorkuntzarekin, ekoizpen prozesuan norberak hartzen duen kokapenarekin baino». Betaurrekoak berriro graduatzeko aldarria egin zuen nolabait, urteak igaro ahala gizarte zientziek ikusmen arazo gehiegi ote zituzteneko susmoa hartuta.

Azken asteak

Gibeleko minbiziarekin borrokan aritu ostean, hiruzpalau astetako bizitza geratzen zitzaiola esan zioten medikuek. Azken gutun bat idazteko baliatu zituen asteok, bizitzan zehar egin duen lanari esanahia eman guran. Hala azaltzen zuen, Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean soziologia ikasi eta bere zurrunbiloetan murgiltzeko hartu zuen erabakia «pribilegio goren hori erabiltzea erabaki nuen, ez bizitza osoa neure burua autobarkatzen pasatzeko, niretzat eta ingurukoentzat zentzua eraikitzeko baizik, mundua hobetzeko saiakeran bidea egiteko». Soziologo marxista izaki, argi zuen bera zein kokapen sozialetan bizi izan zen azken unera arte: «Beldurrez, goseak jota edo bere segurtasun fisikoagatik kezkaturik bizi behar izan ez duen gizartearen alde pribilegiatuan egon naiz».

Pentsamendu kritikoan egin duen ekarpenak emango du oraindik zer esanik. Geure gizartearen taupadak xehekiago ulertzeko eta etorkizun posibleen eraikuntzan jarraitzeko tresnak laga dizkigu. Oinordetzan laga digun uztak balio beza eraldaketaren bidea baliabide berriz hornitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.